Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Alsina, Carlos Roqué

Argentinar piano jotzaile eta musikagilea (Buenos Aires, 1941). Buenos Airesen egin zituen pianoko eta orkestra zuzendaritzako ikasketak. Alsinak oso gaztetatik jotzen zuen pianoa. 1959-1964 urteen bitartean Buenos Airesko Agrupación Nueva Música taldearen kontzertuetan parte hartu zuen. 1964. urtetik aurrera Berlinen bizi izan zen, eta han Luciano Beriorekin lan egin zuen, eta 1966an Bruno Madernaren laguntzaile izan zen Berlingo Operan. 1966tik 1968ra Buffalon (Estatu Batuak) sormenezko arteen zentroko kide izan zen eta bertako unibertsitateko irakasle gonbidatua. 1969. urtetik aurrera New Phonic Art taldeko kide izan zen; talde horren ezaugarri nagusietakoa bat-batekotasuna da. Alsinak Guggenheim saria jaso zuen lau bakarlari eta orkestra handi batentzat osatutako Überwindung (1970) eta ganbera orkestrarako Schichten (1971) lanagatik. 1973an Parisen hartu zuen bizilekua. Alsinaren lan nagusien artean aipagarriak dira: Drei Stücke harizko tresnez osatutako orkestrarako lana (1964), Funktionen (1965), Trio tronboi, biolontxelo eta perkusio tresnetarako (1967), Themen (1974), Stücke (1976-1977), Sinfonia (1983). Alsina sortzaile independentea izan da, bere burua eskola batera lotu nahi ez duena.