Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Alquié, Ferdinand

Frantses filosofoa (Montpellier, 1906). Filosofiaren garapen progresiboa ezinezkoa dela dio. Hala ere, horrek ez du esan nahi historian zehar egin diren saio filosofikoak alferrekoak izan direnik, baizik eta filosofoagan edo gizaki arruntarengan gauzatzen den izakiarenganako itzulera ahalbidetu dutela, etengabeko nostalgia gisa, itzulera hori, funtsean, norberaganako itzulera delako. Izakiarekiko funtsezko lotura hori posible da, izaki hori ez delako kontzeptu edo abstrakzio hutsa, konkretua den guztiaren eta bizidun guztien batura baizik. Horrez gainera, Alquiék betikotasunera itzultzearen inguruko gogoeta egin du. Zenbait filosofia sistema aztertu ditu izakiarenganako itzuleraren ikuspuntutik; aipagarria da Descartesen pentsamenduaz egin duen analisia, cogito cartesiarra ez da, Alquiéren esanetan, ebidentzia edo arrazoibide bat, benetako “esperientzia ontologikoa” baizik. Bere lan nagusiak: Notes sur les principes de la philosophie de Descartes (1933, Descartesen filosofiaren oinarriei buruzko oharrak), Le désir d’éternité (1943, Betikotasun nahia), Solitude de la raison (1966, Arrazoiaren bakardadea), Le cartésianisme de Malebranche (1974, Malebrancheren kartesianismoa).