Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Aljeria

(Izen ofiziala, Aljeriako Herri Errepublika Demokratikoa; Arab. Al Djazair). Afrikako iparraldeko errepublika, Magreb izeneko eskualdean. Mugak: Mediterraneo itsasoa iparraldean; Maroko eta Mendebaldeko Sahara, mendebaldean; Tunisia eta Libia, ekialdean, eta Niger, Mali eta Mauritania, hegoaldean. 2.381.741 km2 (2.081.400 km2 Sahara basamortuko lurraldeak). 34.800.000 biztanle (2008ko estimazioen arabera, aljeriarrak). Hiriburua: Aljer. Hiri nagusiak: Oran, Konstantina eta Annaba. Hizkuntzak: arabiera (ofiziala), berberiera eta frantsesa. Dirua: dinar aljeriarra. ■ Biztanleak eta gizartea. Biztanleriaren % 91 lurraldearen % 12 hartzen duten kostaldeko eremuetan bizi da, hirietan nagusiki, gobernuak hirietarako migrazioa eteteko ahaleginak egin dituen arren. Kostaldeko zerrenda horretan daude hiri handi guztiak eta industriaren inguruan sortutako porturik garrantzizkoenak. Giza kontzentrazio handienak Aljerren eta Kabilian daude. Erdialdean, Sahara aljeriarraren eremurik aktiboena aurkitzen da: Mzab eta Ouargla izeneko oasi handiak. Oro har, zenbat eta hegoalderago, orduan eta urriago dira biztanleak. Biztanleria gaztea da; biztanleen % 30 inguru dira 15 urtetik beherakoak. Herrialdearen arazo nagusiak etxebizitza falta (ofizialki, 1,5 milioi etxebizitzako defizita) eta osasuna dira. Aljeriarrak oso garesti ari dira ordaintzen ekonomia sozialista batetik liberalismo basatienera hain azkar pasa izana, eta gerra zibil mozorrotu bat sartu da tartean; alde batetik, berberiarren eskaerak (biztanleen % 30, Kabilian eta Aljerren bizi dira, batez ere) ez ziren onartu, eta bestalde, musulman tradiziozaleak gizartea erabat islamiartzearen eta arabiartzearen aldekoak dira. Gizarte aldaketa bortitz horiek, beraz, nor bere nortasunean ixtea eragin dute, eta gizarte tentsio ikaragarriak sortu dituzte. Gatazka horiek kontuan hartu beharra dago islamismo aljeriarraren izaera guztiz bortitza ulertu nahi bada. Egoera horren beste ondorio bat emigrazioa izan da. 1998an bi milioi aljeriar baino gehiago bizi ziren beren lurraldetik kanpo. ■ Ekonomia. Ez dira herrialde asko igaro hain azkar independentzia aurreko nekazaritza ekonomia azpigaratu batetik (nekazaritza koloniala salbuetsita, etekin onak ateratzen baitzituen) industria astunean oinarritutako ekonomiara eta, azkenik, indarrean zegoen produkzio aparatu guztia hankaz gora bota zuen liberalizazio batera. H. Boumedienen agintepean, Sahara aljeriarreko petrolio eta gas erreserba handietatik ateratako mozkinei esker (1971n nazionalizatu zituzten erreserbak) industria sare garrantzitsua eraiki zuten, eta, horrekin batera, hornikuntza eta azpiegitura politika handinahi bat. Estatu monopolio handiak sortu ziren aberastasun nagusiak ustiatzeko eta esportatzeko: hidrokarburoak, burdina, fosfatoak… Hiri ertainak eta portuak (Arzew, Skikda, Béjala, Annaba, etab.) industriagune garrantzitsuenen inguruan eraiki ziren. Baina Boumedienen aroa amaitu zenean, berehala azaleratu ziren sistemaren akatsak: gestio txarraren eraginez eta kanporako irteerarik gabe lantegiak ahal zutenaren erdia ekoiztera pasa ziren, nekazaritza ez zen gauza biztanleen premiei erantzuteko, eta hala, hidrokarburoen esportaziotik ateratako sarrera gehienak jakiak inportatzeko erabili behar izan ziren. Chadliren agintaldia markatu zuten ezaugarriak, bestalde, zorpetze ikaragarria (25 mila milioi dolar baino gehiago), petrolioaren prezioaren beherakada eta dolarrararen 1985-1986ko beheraldia izan ziren. Aljeriak, bere independentziaz hain kezkaturik egonik ere, 1991. urtean hitzarmen bat egin behar izan zuen Nazioarteko Diru Funtsarekin eta, mila milioi dolarreko maileguaren truke, hainbat neurri hartuko zituela agindu behar izan zuen: diru politika zorrotzagoa bat, aurrekontu orekatuagoak egitea, eta monetaren prezioa doitzea (% 50eko debaluazioa eskatzen zioten). Neurri horiekin batera, beste erreforma batzuei ere ekin zitzaien: sektore publikoaren berregituraketa (hainbat sail estatutik bereiziz), inbertsio pribatuetara irekitzea –atzerrikoak ere barne direla–, pribatizazioak, nekazaritzaren deskolektibizazioa, eta merkataritzaren eta zerbitzuen liberalizazioa. Aljeriar ekonomia irekitzera eta liberalizatzera zuzendutako erreforma plangintza horrek, ordea, gizarte kostu handiak izan ditu: sektore publikoko 200.000 enplegatu baino gehiago kaleratzea, soldatak izoztea, prezioak % 30 baino gehiago igotzea (lehen premiako elikagaiak barne), dinarra % 40 baino gehiago baliogutxitzea eta biztanleria puztua zuten herriak asko pobretzea. Hidrokarburoen sektoreari dagokionez, krisiak ez du ukitu, ezta gerra zibilak ere. Aldiz, gora jarraitu du, gudarosteak babes berezia eskaini baitio. 1993tik aurrera egindako aurkikuntza berriei esker, batetik, gas erreserbak hazi egin dira, munduko erreserba handienetan 6. tokian kokatzeraino, eta petrolio ekoizpena, berriz, 1,2 mila milioi tonatik 1,7 mila milioi tonara pasa da; petrolio esportazioak ere nabarmen igo dira. Kanpotiko inbertsioek ere on handia egin dute sektore honetan, batez ere Aljeria, Maroko, Espainia eta Portugalen artean (gerra zibila bete-betean zegoela, 1994-1996an) eraikitako Magreb-Europa gasbideak, zeinaren bitartez Europa hegoaldea hornitzen baita gas aljeriarrez. 2000. urte inguruaz gero badirudi Aljeria ateratzen hasi dela liberalizazio prozesu horretako fase gogorrenetik, petrolioaren prezioaren igoerari, kanpo zorra murrizteari eta kanpo inbertsioei esker. ■ Historia. Antzinako Aljeria. Antzinako hainbat bizilekuk adierazten dutenez (Ternifin, Machta al-Arbi), antzinatik izan zen Aljerian zibilizazio berberiar bat. Lehen histori datuak, ordea, K.a. mila urte inguruan bertako kostaldean egokitu ziren feniziarrengandik datoz. Hiri horiek Kartago hiriaren mende gelditu ziren (K.a. VI. m.). Barnealdea, ordea, berebiar edo numidiarren esku egon zen beti nahiz, elkarren arteko harremanen ondorioz, feniziarren eragina izan zuten (erlijioa eta zibilizazioa). Erromatarrek konkistatu ondoan (K.a. I. m.), kostaldea berehala erromatartu bazen ere, bereberiarrek erasoari eutsi zioten, erromatartzea galaraziz. Ipar Afrikako kostalde guztiaren antzera, II. mendearen bukaeratik aurrera, erromatartzea eta kristautzea batera joan ziren. Erromatar Inperioaren azkenetan (IV. m), eliza katolikoa izan zen egoerari aurre eginez, egitura eta batasuna gorde ahal izan zuen erakunde bakarra. 429tik 533ra bitartean, kostaldea bandaloen esku egon bazen ere, barrualdeko eskualde berberiar burujabeak indartu ziren eta, 533. urtean, nahiz bizantziarrak bandaloei nagusitu, ezin menderatu izan zuten Aljeriako ekialdea.  v  Arabiarren konkista eta dinastia berberiarrak (VII-XVI. m.). Egiptotik abiatu (647) eta 711. urtean konkistatu zuten Berberia (Ipar Afrika) arabiarrek, jazarri zitzaizkien Kusayla eta Kahina buruzagi berberiarrak menderatu ondoan. Berehala islamera bihurtu ziren berberiarrak (VIII. mendearen hasiera) eta Ipar Afrika herrialde omeiatar bihurtu zen. 742. urtean, ordea, Aljeriako mendebaldeko erreinu berberiar asko musulmanen arteko berdintasun osoa predikatzen zuen kharijismo aldera lerratu zen, islamaren barrenean, arabiarrek zuten lehentasunari aurre eginez. Aljeriako ekialdea, ordea, Ekialdeko Kaliferria eta islamaren ortodoxia aldezten zuten gobernari aghlabidiarren esku geratu zen, Kairouan hiriburu. Ekialdeko berberiarren, hots, kabiliarren aginpidearen laguntzaz, fatimiarren dinastia arabiar xiita aghlabidiarrak egotzi eta aginpidearen jabe egin zen. Ziridarren dinastia berberiarren ondoan, hammanidek, berberiarrak hauek ere, aginpidea hartu eta islamaren ortodoxia ezarri zuten. Mendeku gisa, fatimiarrek Banu-Hilal, Banu-Sulaym eta Banu-Maqtil buruzagi arabiarren tribuak ekarrarazi zituzten eta, egin zituzten sarraskien ondoren, Aljeriaren arabiartzeari ekin zioten: XI. mendean, arabiera ordokietako hizkuntza nagusia zen. XI. mendearen erdialdean, Maroko hegoaldetik zetozen almorabiar berberiar ortodoxoek Aljerreraino sartu eta zibilizazio hispano-moriskoaren mendean ezarri zuten Aljeriako mendebaldea. Haien ondoren nagusitu ziren almohadek aginpide bakarra bermatu zuten Aljeria osoan, XIII. mendean hiru dinastia berberiarren artean banatu zen arte.  v  Turkiarren konkista. Andaluziako errekonkistaren ondoren, Aljeriako kostaldeko hainbat porturen jabe egin ziren espainiarrak, XVI. mendearen hasieran (Oran eta Aljer tarteko). Abdalwadiarrek nagusitasun hura onartu bazuten ere, biztanleria musulmanak turkiarrei laguntza eskatu zien eta, Bizargorri anaiak buru, espainiarrak egotzi zituzten. Karlos V.aren setioari eutsi eta abdalwadiarren dinastia eraitsi ondoan, Aljeria otomandar inperioaren mende geratu zen (1554). Turkiako eta Aljeriako itsaslapurrei esker, Aljer hiria izugarri aberastu zen XVII. mendean, baina XVIII. mendean nabarmen ahuldu zen. Otomandar inperioko sultan nagusiaren agindupean betiere, gudaroste buruzagiek hautaturiko dey batek gobernatzen zuen Aljeriako erregeordetza. Hiru herrialdetan banatua zegoen erregeordetza, herrialde bakoitza dey baten kargu zegoela. Herri eta hirietako gobernua kaid-en esku zegoen. Turkiarren batasuna, ostera, ez zen benetakoa, dey-aren kontrolpean zegoen aldea, lurralde hartako zati bat baizik ez baitzen.  v  Frantsesen konkista eta kolonizazioa (1830-1962).  v  Konkista. XIX. mendearen hasieran, armada ingelesak itsaslapur turkiarrei eraso zien eta Aljer hainbat alditan bonbardatu eta hartu zuen. 1827. urtean, egoera hura normalizatzeko normaltzeko prestatu zen bilera batean Hussayn dey-ak Deval kontsul frantsesari eginiko laidoen aitzakian, itsas armada frantsesa Aljer hirian sartu zen, Karlos X.ak hala aginduta, 1830eko ekainaren 14an, eta 300 urtez han nagusi egondako turkiarrak egotzi zituen. Karlos X.a erregetzatik eraitsi baino lehen (1830eko uztailaren 29), Oran eta Bône eskualdeak hartu zituzten frantsesek. Erresistentzia, ordea, berehala bildu zen Abd-el-Kader buruzagiaren inguruan. Abd-el-Kader-ek gerra santua deklaratu zuen frantsesen aurka, eta 1843a arte eutsi zien konkistatzaileen osteei. Abd-el-Kader-ek Maroko aldera jo behar izan zuen, eta Aljeriara itzultzeko egindako saioa hutsean gelditu zen, gudaroste frantsesa Marokoko sultanaren tropei nagusitu baitzitzaien (Isly, 1844). 1845. urtean, ordea, Aljeriako mahdi batzuek bultzaturiko altxamentuez baliatuta, Abd-el Kader itzuli egin zen, eta frantses gudarosteari nagusitu zitzaion, Sidi-Brahim-eko guduan, baina ez zuen kabiliarrak bere ingurura biltzea lortu. Marokoko sultanak bertan behera utzita, Abd-el-Kader errenditu egin zen azkenean (1847). Hegoaldeko Oasis aldea eta Kabilia mende hartu ondoren (1857), bukatu zen frantsesen Aljeriako konkista. 1871. urtean, altxamendu berri bat piztu zen Kabilian, Rahmaniyarrek bultzatua, baina berehalako zapalkuntzak moztu zituen indar abertzaleen bide guztiak. XIX. mendearen bukaerako espedizio militarrek bermatu zuten Sahara barreneko okupazio frantsesa. v  Kolonizazioa. Lehen frantsesak heldu zirenean bi miloi aljeriar inguru ziren; 1872. urtean, 2.125.000 aljeriarrek eta 245.000 europarrek osatzen zuten Aljeriako biztanleria. 1954. urtean, Aljeriak 9.530.000 biztanle zituen, 8.450.000 musulman eta 1.080.000 ez-musulman. Konkista hasi zenetik, hazkunde nabarmena izan zen etorkinen kopuruan: 1840an 35.000 europar ziren, eta 1936an milioia ingurura iristen ziren (frantsesak % 50, espainiarrak % 30). Hasiera batean esku pribatuen kontua izan bazen ere, 1841etik aurrera Administrazio frantsesak bultzatu zuen Aljeriako kolonizazioa, laborantza lurrak eskainiz Frantziako biztanleei. 1848ko Errepublikak Aljeria «frantses lurraldea» bihurtu eta hiru departamenduetan banatu ondoren, estatu enpresetako ogipeko erretiratuentzako 42 gune sortu zituen. 1871ko altxamenduen ondorioz, III. Errepublikak Kabilia eta Aljeria osoan bahituriko lurralde handiak beretzat hartu eta bere gogara banatu zituen frantsesen artean, frantses iraun nahi zuten alsaziar eta lorrenatarrei 100.000 ha. egokitu zitzaizkielarik. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, phylloxera-ren herdoilak Frantzia hegoaldeko mahatsondoak guztiz jo zituelarik, Aljeria aldera eraman zuten mahatsa, eta bertan landatu zuten. Ardo ekoizpenari begira, kolonoak eramaten hasi ziren berriro agintari frantsesak eta 50 urteren buruan lortu zen produkzioa guztiz altua izan zen (21 milioi hl., 402.000 ha-tan, 1938). 1900eko abenduaren 9ko lege batek nolabaiteko autonomia ekonomikoaz hornitu bazuen ere (Délégations financières izeneko biltzarra), eremu politikoan Aljeriak ez zuen inolako aginpiderik (15 diputatu eta 8 senatari, 1946ko urriaren 5eko legearen ondoan), erabaki guztiak metropoliko gobernuari zegozkiolarik. 1930. urtean, kolonizazio mende baten ondoren, 2.400.000 ha laborantza lur zegoen europarren eskuetan, horietako 1.700.000 erakunde ofizialek kudeatuak. Hurrengo urteetan lur gehiago eskuratu zituzten europarrek: 1954. urtean, 2.720.000 ha zeuden europarren eskuetan eta 7.612.000 musulmanenetan, landu zitezkeenak 6.500.000 ha zirelarik guztira. Ale landareek uzta urriak eskaintzen zituztela eta, europarrek ardogintzara jo zuten, metropolikoa baino ugariagoa izaki (ardogintzak, langile ugari behar izatez gainera, kanpoko salmenten % 51 ekarri zuen 1938. urtean, esaterako). Ardi azienda alde batera utzi zutelarik, buru kopuruak ez zuen lehen mende erdian halako hazkunderik izan. Aljeria nekazari herria zen batez ere, eta kolonia interesak horretara moldatu ziren. Burdin hobi eta fosfato meatzeei esker eginiko aurrerapenekin ere, industria urria zen. 1959-1962 urteetan petrolio gordina bertako aberastasun handiena bihurtu zen arte, ez zen benetako abiada ekonomikorik izan Aljerian.  v  Nazionalismoaren sorrera. Estatu batu gisa, Aljeria gisa, burujabetasuna inoiz izan ez zuen lurralde honetan, mendetan zehar bertako berberiarren eta VII. mendetik aurrera kanpotik etorri ziren arabiarren arteko borrokek amairik ezagutu ez zuten herrialdean, ez zirudien nazio ideiak benetako errorik finka zezakeenik aljeriarren artean. Musulmanei frantses herritasuna ukatzen zitzaielarik, 1936. urtera arte, elite musulmanaren nahikunde bakarra europarren status berbera izatea zen. 1936an, Blum lehendakari frantsesak hainbat arlo musulmani frantses herritartasuna eskainiz aurkeztu zuen asimilazio egitarauak Aljeriako kolono eta parlamentuaren beraren gaitzespena jaso zuen, elite musulmanak eta ulemek onartu ondoren. Horren ondorioz, Frantziatik banatzearen aldeko garra piztu zen aljeriarren artean. Tropa aliatuak Ipar Afrikan lehorreratu ondoren (1942), burujabetasunaren ideia gorpuztuz joan zen eta 1943. urtean, Farhat ‘Abbas buruzagi abertzaleak eman zuen argitara bere Aljeriar Herriaren Agiria. 1945eko maiatzean, aginpide frantsesak nolabaiteko berrikuntzak agindu bazituen ere, kalera irten zen aljeriar herria bere eskubideak aldarrikatuz. Frantziako gobernuaren zapalkuntza latzaren ondoren, higikunde abertzale guztiak galarazi ziren. 1946. urteko amnistia eta gero, Farhat ‘Abbas-ek Union Democratique du Manifeste algérien delakoa eratu zuen eta Messali Hadji-k Mouvement pour le triomphe des libertés democratiques higikundea. Parisek, bitartean, estatutu berezi bat eman zion Aljeriari, bertako biltzarra eratuz (1947). Biltzarkideak hautatzeko, bakoitzak % 50 hartzen zuten bi talde osatu ziren: musulmanak batean, eta % 88 europar eta % 12 musulman bestean. Politika federalista baten oinarriak finkatu nahi izan baziren ere, errealitatea guztiz bestelakoa zen, benetako aginpide politikoa metropoliko erakundeen (Gobernua eta Armada) esku baitzen. MTLDko burkide batzuek (Ait Ahmad, Ben Bella eta Khider, haien artean) Iraultzarako Batzordea osatu zuten 1954. urtean eta altxamendua urte bereko azaroaren 1ean hasi zen. Aljeriako Gerra (1954-1962). Higikunde nazionalistak Kairon eratu zen FLN Nazio Askapenerako Frontera bildu ziren gehienbat. Bitartean, Mendes France lehen ministroaren gobernuak gupida gabeko zapalkuntza agindu zuen. Jacques Soustelle gobernari nagusiak musulmanak herritartasun osoaren jabe izango zirela adierazi zuen (1955) eta Robert Lacoste, kargu horretan ordezkatu zuen gobernari berriak su-etena erdiesteko agindua jaso zuen, negoziazioei ekingo zietelako agindupean (1956). Bake irtenbidea inoiz baino hurbilago zegoenean, ordea, gobernu marokoarrak bidali zuen hegazkin bat Aljerrera desbideratu eta bost buruzagi nazionalista, Ben-Bella tarteko, detenitu zituzten frantsesek (1956ko urria). 1957. urtean, Massu jeneralaren paraxutistek izugarrizko sarraskia egin zuten Aljerren, «Aljerreko Gudua» izena eman zitzaion operazio batean. Nazioartean guztiz kondenatu zen Tunisiako Saqiet sidi Yusuf herriaren bonbardaketak eta militarren portaerak banatu egin zuten Frantziako herri iritzia, gerraren aurka zeudenak eta militarrei eusten zienak elkarren aurka jarriz De Gaullek. Aginpidera iritsi zenean (1958ko abendua) Aljeria frantsesen esku mantentzeko borondatea agertu bazuen ere, 1959ko irailean aljeriarren autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatu zuen eta Aljeriar Errepublikako behin-behineko gobernuarekin lehen negoziaketak hasi ziren. 1960ko ekainean, lehen su-etena egitea erabaki zen. 1961eko apirilean, Challe, Salan, Jouhaud eta Zeller jeneralen putsch-ak ez zuen arrakastarik izan eta handik aurrera, Salan jeneralaren Organisation Armée Secrète (OAS) erakunde terroristak aljeriarren kontrako borrokari ekin zion, gobernu frantsesak eta Aljeriako behin-behineko gobernuak Eviango hitzarmenak eta betiko su-etena ekarri zituzten negoziaketetan ziharduten bitartean (1962ko martxoa). Frantsesek, musulmanek parte hartzerik izan ez zuten erreferendumaren bitartez, Eviango akordioak berretsi eta gero (1962ko apirila), milioitik gora frantses eta europarrek (pied-noirs direlakoek) utzi zuten Aljeria.  v  Aljeria burujabea. Erreferendum bidez, Aljeria estatu independente bihurtu zen 1962ko uztailaren 1ean. Askatasuna iritsi bezain laster hasi ziren, ordea, behin-behineko gobernuaren eta Ben Bellaren inguruko «bulego politikoaren» arteko gatazkak. Arian-arian, Ben Bellaren ikuspuntuak nagusitu ziren: 1962ko irailaren 20an lehen Biltzarre Konstituziogilea osatu ondoan, gobernu buru izendatu zuten Ben Bella, eta urtebete geroago (1963ko irailaren 15a) errepublikako lehendakari. Elkarren arteko barne gatazkak bazter utzita, bat egin zuten politiko aljeriarrek, mugak zirela eta, Marokorekin zituzten ezinkonponduei aurre egiteko. Alderdi bakarra egin zuten FLNren I. batzarrean (1964ko apirila), barne joerak onartu baziren ere, 1965eko ekainaren 19an Boumedienek zuzenduriko Estatu kolpeaz, alderdiko ezker muturreko kideak egotzi eta lehendakariaren ahalmenak handiagotu zituzten. Boumedienen agintepean, 1966. urtean nazionalizazio programari hasiera eman (petrolioa eta gasa, 1968an) eta Frantziarekiko elkarkidetza hitzarmenak sinatu ziren. 1976. urtean, Mendebaldeko Saharako Polisarioren alde agertuz, Marokorekiko auzia larriagotu zen, Saharako mugetan gatazkak ere izan zirelarik. 1977-1978 urteetan, Saharako arazo honek eta Frantzian dauden langile etorkin aljeriarren egoerak zaildu egin zituen Aljeriaren Frantziarekiko kanpo harremanak.  v  Azken urteak. Chadliren agintaldia (1979-1988). Boumedienen heriotzaren ondoren, Chadli Ben Djedid koronela izendatu zuten FLNko idazkari nagusi, lehenbizi, eta Aljeriako lehendakari, gero, 1979ko otsailaren 7an. Chadliren politika, hamaika urtean zehar, bere aurrekoak egindako guztia pixkanaka eta zuhurki aldatzen saiatzea izan zen. Ekonomia liberalizatu nahian, enpresa publikoak “berregituratzeari” ekin zion, eta bide hori, azkenean, pribatizazioan amaituko zen. Nekazaritza legeak ere aldatu zituzten, eta lurrak, herritar askoren borondatearen kontra izanik ere, antzinako lurjabeei itzuli zitzaizkien. Kanpo harremanei dagokienez, Aljeria Frantziara hurbildu zen eta hitzarmen garrantzitsuak sinatu zituzten bi herrialdeek, gas hornikuntza eta hornikuntza orokorren kontratuak tartean zirela. Magrebeko auzoekiko harremanak ere hobetu ziren: anaitasun hitzarmenak sinatu zituen Tunisiarekin eta Mauritaniarekin eta, 1983an, Marokorekiko harremanak normaldu zituzten. 1984an berriro lehendakari hautatu zuten Chadli eta, 1986an, konstituzio berria ezarrarazi zion Legebiltzarrari, non Chadliren aldiko politika berresten baitzen: ekimen pribatua indartzea, eta arabiartze eta islamiartze politika, familia jokamolde jakin batzuetan islatzen zena. Berehala egin zioten aurka feministek eta modernotasunaren zaleek. Zailtasunez jositako aroa izan zen Chadlirena. Agintaldiaren hasiera aldera Aljeriaren geroa baldintzatuko zuten bi gertakizun jazo ziren: berberiarren kultura arloko eskaeren plazaratzea (1980), eta erakunde islamisten jaiotza (1981). 1985-1986tik aurrera, petrolioaren eta dolarraren jaitsierek gizarte arazoak larriagotu egin zituzten. Greba eta manifestazio asko egin ziren: bizitza garestitzearen aurka, etxe faltaren eta miseriaren aurka, lurrak pribatizatzearen aurka eta abar, eta, horiekin batera, gogortu egin ziren berberiarren politika eskaerak eta, batez ere, islamistenak. Aldi horren faserik gogorrena 1988ko urrian izan zen. Sei egunez iraun zuten kale istiluek eta matxinadek bai Aljerren eta bai lurralde guztian, eta gudarostearen zapalkuntzak, ehunka hildako ez ezik, traumatismo handia eragin zuen herritarren artean, gazteengan, batez ere. ■ Islamismoaren leherketa (1988-1992). 1988an, beste bost urterako lehendakari hautatua izan ondoren, Chadlik konstituzioa aldatzea proposatu zuen eta erreferendumean onartu zen 1989ko otsailean. Irekitze neurri kontrolatu batzuk aurreikusten ziren erreforma horretan: sozialismoaren aipamenak bertan behera utzi ziren eta alderdi aniztasuna onartu zen. Atzerrian zeuden liderrak itzuli ziren –Ait Ahmed eta Ben Bella, esate baterako–, eta 60 alderditik gora eratu ziren. Orobat, emakume eta kultura elkarte asko ezkututik irten zen, eta komunikabideek askatasun osoz adierazten hasi ziren haien ideiak. Mugimendu islamistak FIS (Salbamenerako Fronte Islamista) izenekoaren baitara bildu ziren. Atentatuak ugaldu ziren eta borroka gero eta ageriagoa egin zen islamisten eta modernotasunaren zaleen artean. 1990eko ekainean, FISek udal hauteskundeak irabazi zituen eta eskuratu zituen udaletan (udalen erdi inguru) “xaria” edo lege islamiarra aplikatzen hasi zen, eta ondorioz emakumeen aurkako erasoak eta liskarrak ugaldu egin ziren. 1991ko maiatzean, FISek, hauteskunde legearen deuseztapena lortzeko asmotan, greba orokor bat eta matxinadak antolatu zituen. Gudarosteak parte hartu zuen, setio egoera ezarri eta buruzagi islamistak atxilotu egin zituzten. 1991ko azaroan, militarren postu baten aurka islamistek egindako erasoarekin hasi zen hauteskunde kanpaina, eta abenduan, legebiltzarrerako hauteskundeak, lehen itzulian, FISek garbi irabazi zituen, 323 eserlekuetatik 188 irabaziz. Gudarosteak, demokrata batzuen sostenguarekin, prozesua geldiaraztea eta hauteskundeen bigarren itzulia baliogabetzea erabaki zuen. 1992ko urtarrilean, Chadli dimititzera behartu ondoren, Estatuko Goi Batzordeak Mohamed Boudiaf jarri zuen estatuko buru, 27 urte haietan Marokon atzerriratua bizi zen iraultza garaiko buruzagi historiko bat. Larrialdi egoera ezarri zen, FIS deuseztatu zuten, eta 12.000 militante islamista Saharako espeetxetan sartu zituzten. Boudiaf saiatu zen ordenari eusten eta ekonomia indartzen, baina 1992ko ekainaren 29an bere zaintza pertsonaleko kide batek hil zuen. ■ Gerra zibila. Buruzagitza militarreko bi kide egon dira geroztik Aljeriako estatuburu gisa, lehenik Ali Kafi, eta gero Liamine Zeroual (1994ko urtarriletik aurrera). Pixkanaka-pixkanaka, indarkeria egoera etengabea benetako gerra zibil bilakatu zen. Sei urtean, 100.000 hildako inguru izan dira, nazioarteko erakundeek kalkulatzen dutenez (26.000 ofizialki onartuak), militarrak eta islamistak zenbatu gabe (hildako militarren kopurua sekretua da eta, Barne ministerioaren arabera, 20.000 islamista inguru izan dira hilak). Atentatuen helburuak aldatzen joan dira denbora igaro ahala. Hasieran, armadako kideak hiltzen zituzten, gero imanak eta FISeko hautatuen ordezkoak, gero intelektualak, kazetariak, politikariak, epaileak eta ehun bat atzerritar (fraideak eta Orango artzapezpikua barne). Estatuaren sinboloak sistemaz erasotzen ziren: Aljerreko aireportua, kaserna edo gudaletxeak, bankuak, ikastetxeak, etab. 1995etik aurrera bonba-autoak, polizia-kontrol faltsuak eta gudarostearen aurkako segadak ugaldu ziren, eta 1996aren azkenaldeaz geroztik sarraski sistematikoak egin zituzten herrixka eta auzoetan, nazioarteko iritzi publikoan sekulako eragina eta zirrara sortuz. Gainera, 1995etik aurrera, talde islamista armatuak beren kabuz antolatzen hasi ziren eta bi korronte nagusi eratu ziren, beren artean ere borrokatzen direnak. Alde batetik, AIS dago (Salbamenerako Armada Islamista, FISetik sortua) eta bestetik GIA edo Talde Islamista Armatua. Agintariek  autobabeseko talde edo milizien antolakuntza bultzatu zuten eta 200.000 gizon armatu zituzten, eta hori, kasu askotan, indarkeria areagotu duen faktore bat izan da. Egoera horretan, aljeriar gobernuak ekonomia politika zorrotzari eutsi dio Nazioarteko Mundu Funtsaren, munduko bankuen, Europar Batasunaren eta inbertsioak egin nahi zituzten askoren diru laguntzak jasotzen zituen bitartean, nahiz eta gizarte kostu guztiz gogorra ordaindu (enpresa asko itxi egin dira –publikoak, batez ere–, langabeziak eta prezioek gora egin dute, diruak balioa galdu du, etab.). Bi negoziazio ahalegin izan dira, indar politikoen artean, krisialditik nolabait ateratzearren: bata 1994an, Erroman, eta bestea 1996an, baina biek porrot egin zuten. Demokraziaren aldekoak, bestalde, elkarren aurkako bi joeretan biltzen dira. Alde batetik, “erradikalak” daude, antzinako komunistak eta berberiarren eskarietatik sortutako RCD taldekoak, eta bestetik, “elkarrizketazaleak”: Ait Ahmeden FFS (Indar Sozialisten Frontea) eta Ben Bellaren MDA (Aljeriako Demokraziarako Mugimendua). 1995eko azaroan berriro L. Zeroual lehendakari hautatu ondoren, aljeriar politikaren berregituraketa bizkortu egin zen: konstituzioa berriro erreformatu zen (1996ko azaroaren 28an), eta 1997ko urtarrilean RND (Batzar Nazional Demokratikoa) alderdia sortu zen, Zeroual bera buru zuela. Alderdi berri horrek urte hartako ekaineko legebiltzarreko hauteskundeak eta urriko udal hauteskundeak irabazi zituen. Hamaseko islamista moderatuei ateak ireki zitzaizkien, eta islamiartze eta arabiartze politikari ekin zioten (1998ko uztaileko legea), nahiz eta lege horrek arazoak sortu dituen Kabilian. 1997ko urrian AISek, GIAren jokabide odoltsuarekin ikaratuta, baldintzarik gabeko su-etena aldarrikatu zuen, eta, gerra zibila oraindik amaitu ez bada ere, nazioarteko begiraleen iritziz aljeriar gobernua ez dago jada hain arrisku larrian. Testuinguru horretan, Zeroual presidentearen agintaldia laburtzeko erabakiak (1998ko irailaren 11n iragarri zuen) erabat ezustean harrapatu zituen, bai begiraleak, bai Aljeriako alderdi politikoetako liderrak. Hauteskunde kanpaina nahiko askea izan ondoren, bazirudien Aljeriako bizitza politikoa aldatzeko aukera izango zela. Baina boto zenbaketaren bezperan, hauteskundeetara aurkeztutako zazpi hautagaietatik sei erretiratu egin ziren, Abdelaziz Bouteflikaren aldeko “iruzur masiboak” izan zirela salatuz, Bouteflika jotzen baitzuten agintearen hautagai. Emaitza ofizialen arabera –oposizioak onartzen ez baditu ere– geratu zen hautagai bakarrak botoen % 73,8 lortu zituen, eta parte-hartzea % 60koa izan zen. 2002rako gerrilla talde gehienak desagertuta edo suntsituta zeuden (amnistia programa bati esker, asko), gune batzuetan gatazkan jarraitzen duten arren.
http://www.algerie-monde.com/