Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Alberto Handia, Santua

Teologo eta filosofo alemaniarra (Lauingen, 1193 inguruan - Kolonia, 1280). Eliz doktorea, Doctor universalis deitua. Domingotarra. Teologia irakaslea Kolonia, Lausana, Friburgo, Paris (bertan San Tomas Akinokoa ikaslea izan zuela) eta beste zenbait hiritan. Jakinduria zabalekoa, peripatetismoa eta zenbait neoplatonikoren ideiak sartu zituen bere irakaspenean, Aristotelesen arabiar iruzkingileak eta autore juduak ezagutaraziz eta kritikatuz. Ez zuen, alabaina, elementu hain desberdinen benetako sintesia lortu, ezta teologia eta filosofia adostu ere. Obra nagusiak: Summa de creaturis (1245 inguruan; Summa theologica (burutugabea, 1270 inguruan), De unitate intellectus contra Averroistas. Ikertzaile ausarta izan zen gainera, kimika alorrean zenbait lan utzi zituelarik. Jaia, azaroaren 15a.