Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Alawiya, Burhan

Libanoar zinema zuzendaria (Arnun, 1941). Zinema arloan Bruselan hezi zen (1968-1973), eta zuzendari gisa Belgikan bertan egin zituen lehen urratsak, film laburrak eginez (Fourrière, 1971). 1974an, Kafr Qassem filma, gaur egun palestinarren arazoaz inoiz egin den filmik onenetakotzat hartua, zuzendu zuen. Film honek harrera bikaina izan bazuen ere, hurrengo bietan jasan zituen eragozpen ideologikoek zakarki eten zuten Alawiyaren etorkizun handiko karrera. Lehen oztopoa La yakfi an yakun Allah maa al-fuqaraa (1976) dokumental bikainarekin izan zuen, Hassan Fathi egiptoar arkitektoaz eta mendebaldeko arkitekturak eta arkitektura tradizionalak mundu arabiarrean bizi duten gatazkari buruzkoa, ez zen babesa eman ziotenen (UNESCO) gustukoa izan, eta Egipton bertan ere debekatu zuten. Bigarren ezbeharra eta erabakigarriena, Beirut al-liqaa (1982) bere bigarren film luzearekin jasan zuen, zenbait arabiar taldek, gerrak suntsituriko Beiruteko eguneroko bizitza era pertsonal eta intimistan azaltzen zuelako nahigabeturik, gogor erantzun ziotelako. Geroztik Europan bizi da; telebista kate batzuetarako film ertain batzuk (Risala min zaman al-harb, 1985; Risala min zaman al-manfaa, 1988; Assouan, un haut barrage sur le Nil, 1990) eta Parisen atzerriratutako intelektual arabiar batek Golkoko gerra nola bizi ote duen galdetzen duen Harb al-Jalyj... wa baad (1991) film kolektiboko emanaldi bat (Al-jusuf fi layla dalmaaa ) bakarrik zuzendu ahal izan ditu.