Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Alavés, Club Deportivo

Arabar futbol taldea, 1921. urtean sortua. Espainiako futbol txapelketaren lehendabiziko eta bigarren mailan aritua da. Hainbat urtean maila batetik bestera ere ibilia da, harik eta 1998-1999 denboraldian, lehenbizikoz taldearen historian, lehen mailara igotzea lortu zuen arte. Lehenengo urtean mailari ozta-ozta eustea lortu ostean, 1999-2000 denboraldian sasoi biribila egin zuten. Seigarren postuan sailkatu ondoren, 2000-2001 denboraldian Europako txapelketan jokatzeko aukera irabazi du Alavések. 16.000 bazkidetik gora ditu, eta Gasteiz zein Araba osoko zaletuak biltzen dituen taldea da. 1924. urtean inauguratu zenetik, Mendizorroza da taldearen zelaia. Oraingoz Alavések ez du lehen mailan inolako titulurik eskuratu. Lehen mailako euskal futbolarentzat, 2000-2001 denboraldia oso urte oparoa izan zen. 64 urte ondoren, lau euskal talde ziren Espainiako Ligaren lehen mailan. Azken urteetako lorpenetara José Manuel Esnal, Mané, entrenatzaile bizkaitarraren eskutik heldu da.