Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Alabama

Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldeko estatua, Appalache Mendien eta Mexikoko Golkoaren artean dagoena. 105.145 km2, 3.893.888 biztanle (1980an) [% 30 beltzak]. Hiriburua: Montgomery. Hiri nagusiak, Birmingham, Mobile. Alabamako ohiko ekonomia kotoiaren inguruan mugitu bada ere, egun garrantzi handiagoa hartu du abeltzaintzak. Mineralak, ikatza eta burdina. Gas naturala eta petrolioa. Alabaman dago munduan ezagutzen den marmol zurizko harrobirik handiena. Industria eta biztanleriaren gehiengoa (% 45) sei hiri nagusietara bildu dira. Eskualdea Hernando de Soto kolonizatzaile espainiarrak hartu zuen 1540. urtean. Ingelesak jabetu ziren gero (1763-1783) eta berriro espainiarren esku egon ondoan (1783-1813), Estatu bihurtu zen 1819. urtean. Gaur egungo beltzak —gero eta gutxiago dira— kotoi soroetan lanean ziharduten esklaboen ondorengoak dira. Biztanleria zuriaren joera arrazistak nabarmendu egin dira betidanik Alabaman, eta eskubide zibilen aldeko beltzen manifestazio eta altxamenduak ugari izan dira ia gure egunotara arte.