Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ajuria Eneako Ituna

(Euskadi Normaltzeko eta Baketzeko Hitzarmena). 1988ko urtarrilaren 12an Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egoitza den Ajuria Enean sinatu zen hitzarmena, Jose Antonio Ardanza lehendakariak eragina. Hauek izenpetu zuten hitzarmena: AP-ren izenean, Julen Guimónek; CDS-ren izenean, Alfredo Marco Tabarrek; EE-ren izenean, Kepa Aulestiak; EA-ren izenean, Inazio Oliverik; EAJ-ren izenean, Xabier Arzallusek, eta PSE-PSOEren izenean Jose Mª Benegasek. Hitzarmena izenpetu zuten alderdiek, oro har, ETAren jarduera gaitzesten zuten eta Gernikako Autonomia Estatutuak finkatzen zuen markoa onesten zuten euskal auziari konponbidea emateko. Bide beretik, Estatutuaren bete gabeko atalak bete zitezen eskatzen zuen hitzarmenak; Estatutuaren erabateko garapena, alegia. Aipatzen zuen, halaber, hala erabakiz gero, "Estatutuan bertan eta Konstituzioan ohartemandako jardunbideez, hura aldatzea eta osabideratzea erabaki behar duena, eta herri hori bera, Konstituzioko Lehenengo Erabaki Gehigarriaren eta Estatutuko Bakarraren arabera, legokiokeen edozein eskubide eskatzeko beti-beti eskubidearen jabe" dela. Nafarroako auziari dagokionez, hau azpimarratzen zuen: nafarrei soilik dagokiela beren etorkizunari buruzko erabakia, eta ezin dela Nafarroa euskal autonomia-jaurpideetako zati bilakatu "nafarren euren eta horien erakundearen nahiaren aurka". Ajuria Eneko Itunak Eusko Jaularitza hartzen zuen "bakea lortu ahal izateko, indarkeriaren aurka era guztietako politika eta gizarte-mailako ekintzetan" aitzindaritzat. "lndarkeriaren erasoen aurka egin beharrekoa den Legezko Erresumaren aldezpena legeei eta oro har giza-eskubideei begirunerik hertsiena izanezkoa izan dadineko ardura izateko hitza ematen dugu, era guztietako indarkeria gaitzesten dugun sendotasun beraz, sortarau horiek zapaldu daitezkeeneko jazoerak ere salatzeko eskubidearen jabetzat bait dauzkagu geure buruak" ere bazioen Hitzarmenak, eta baita hau ere: "lndarkeriari elkarrizketa-bidez azkena emateko, horrekikoak egiteko benetako gogoan eta hori sinistarazteko moduko zalantzapiderik gabeko jarreratan oinarrituz, behar bezalako aukerarik izaten bada, Erresumako horretarako gai diren agintarien eta izuekintza bazter uztea erabakitzen dutenen arteko harreman-bideen alde gaude, betiere politika-mailako gorabeherak herritarren nahiaren ordezkotza dutenen bidez soilik konponbideratu behar direlako utzi ezineko demokraziazko sortarauari begirune izanez, noski". Aipatutako guztiek sinatutako testuari ohar berezi bat egin zion Eusko Alkartasunak, Hitzarmenari erreserba moduan erantsia, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentzia polizialak konpetentzia esklusibo erabili ahal izateari buruzkoa, hain zuzen ere.