Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Aitken, Alexander Craig

Zeelandaberritar matematikaria (Dunedin, 1895 - Edinburgo, Eskozia, 1967). Lehenengo ikasketak Dunedinen egin zituen eta 1913an, beka baten laguntzaz, hizkuntzak eta matematika ikasten hasi zen. Bigarren Mundu Gerra zela-eta, 1917. urtea arte ezin izan zituen ikasketak jarraitu. 1920an, graduatu ondoren, institutu batean eskolak ematen hasi zen. Hala ere, 1923an Eskoziara itzuli zen eta matematika ikasi zuen Edinburgon, Whittaker-en zuzendaritzapean. 1925ean irakasle hautatu zuten Edinburgon, eta han eman zuen bizitza osoa. 1936an Errege Elkarteko kide hautatu zuten, eta hamar urte geroago Whittakerren katedra eman zioten. Aitkenek estatistika, analisi numerikoa eta aljebra landu zituen gehienbat, eta arlo horiek berriztatu zituen. Esate baterako, determinanteen teorian, aljebran, ekarpen garrantzitsuak egin zituen. Liburu asko idatzi zuen; horien artean garrantzitsuenetariko bat The theory of canonical matrices (1932, Matrize kanonikoen teoria) da, Turnbullekin batera idatzi zuena. Bestalde, Rutherfordekin batera Unibertsitateko Matematika Testuetako liburu sail baten zuzendaria izan zen eta Determinants and matrices (1939, Matrizeak eta determinanteak) eta Statistical Mathematics (1939, Matematika estatistikoa) liburuak ere idatzi zituen.