Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Agostini, Giacomo

Italiar moto gidaria (Brescia, 1942). Hamabost aldiz irabazi zuen Munduko Lastertasun txapelketa maila desberdinetan; txapelketa horretako sari nagusien errekorra du gainera, 122 irabazi baitzituen. 1961. urtean parte hartu zuen lehen aldiz norgehiagoka garrantzitsu batean. Lehendabizi Morini taldearekin korritu zuen, eta 1964an Italiako 250 zentimetro kubikoko txapelketa irabazi zuen. 1965-1973 bitartean MV Augusta markarekin korritu zuen eta gero Yamahara pasa zen. Munduko zortzi txapelketa irabazi zituen 500 cm3-ko motorrarekin, zazpi, gainera, elkarren jarraian (1966-1974 eta 1975) eta beste zazpi jarraian 350 cm3-koan (1968-1974). Irabazi zituen 122 sari garrantzitsuei dagokienez, 1965-1977 bitartean irabazi zituen (1970 izan zuen urterik onena 19rekin); 54 sari, 350 cm3-ko lehiaketetan eta 68 sari, 500 cm3-ko lehiaketetan irabazi zituen. Gainera, bere garaipenen artean Tourist Trophy ospetsuaren 10 sari ere baditu (1966-1972 bitartean irabaziak). 1977an lehiaketetatik erretiratu zenez geroztik Yamaha taldearen zuzendaria izan zen, eta 1992tik aurrera Cagiva taldearena.