Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Afrika

Munduko bost kontinenteetako bat, zabalena Asiaren ondoren. Asiari Suezeko istmoaren bidez lotzen zaio. Mugak: Mediterraneo Itsasoa (iparraldean), Indiako Ozeanoa eta aurrekoaren luzapena den Itsaso Gorria (ekialdean), eta Ozeano Atlantikoa (mendebaldean). 30.284.091 km2 eta 513.000.000 biztanle inguru (uharteetako biztanleak barne). Ipar-mendebaldean Atlas mendiak daude, eta Cape-Drakensberg mendialdea hegoaldean. Sahara basamortutik gorako Afrika mediterranearra (Maroko, Aljeria, Tunisia, Libia eta Egipto) eta Saharaz behetiko Hego Afrika, ordoki zabalez eta sakonunetako zabaldiz osatua, desberdintzen dituen kontrastasunaz aparte, Mendebaldeko Afrika Beherea eta Ekialdeko Afrika Garaia desberdintzen dituena ere hartu beharko litzateke kontutan. Mozambikeko itsasertzetik Itsaso Gorriraino luzatzen den erliebe hautsia, sakana eta sumendiz osatua, erakusten du Ekialdeko Afrikak. Bi adar nagusi eratu dira haustura horren arabera. Ekialdeko adarrean, Rodolfo Aintzira, Kenya (5.194 m) eta Kilimanjaro mendiak, gaur egun Uhuru deituak (5.963 m, kontinenteko puntu gorena), eta N’Gorongoro krater itzalia daude. Mendebaldeko adarrean, bestalde, aintzira handi batzuk (Alberto, Eduardo, Kivu, Tanganika) eta Ruwenzori mendialdea. Malawi aintziran bat egiten dute bi adarrek. Hauez gainera, beste sumendi alde garrantzitsu batzuk ere badira Afrikan: Hoggarren, Kamerunen eta Atlantiko nahiz Indiako Ozeanoetako uharteetan, Madagaskarren batez ere (Tsaratanana). Afrikako kostalde guztia, Mediterraneoko kostaldea ezik, mendi eraztun batek inguratzen du; kostaldea bera, elkarren ondoz ondo datozen barrengune eta irtenune, edo zenbaitetan, Itsaso Gorrian eta Madagaskarreko ekialdean adibidez, lerro zuzen samarrez dago eraturik (bizkar eman nahi ote dion Afrikak itsasoari, esan ohi da). Atlantiko aldean sortzen diren ur-lasterrak simetrikoak dira Ekuatorearen bi aldeetan: Kanariar Uharteetako ur-lasterra iparraldean eta Bengelakoa hegoaldean. Bi ur-laster hotz hauen artean Gineako ur-laster ekuatoriala dago. Indiako Ozeanoaren aldean, Madagaskarreko ur-laster beroak hegoalderantz jotzen duen bitartean, Ekuatoretik gorako itsas lasterrak urte sasoi bakoitzeko haizeen araberakoak dira. Ibai arro zabalek eta sakana handiek osatzen dute Afrikako sare hidrografikoa. Itsasora iristen ez diren ur endorreikoak Txad aldeko arroetan biltzen dira. Ibai arro zabal eta oparoenak kontinentearen mendebaldean (Senegal, Niger, Kongo), ipar-ekialdean (Nilo) eta hego-ekialdean (Zambezi) daude.  v  Klima. Ekuatoreak ia bitan zatitzen duelarik, Afrikaren alderik handiena bi tropikoen artean dago. Iparraldeak, mendebal-ekialdea baino askoz ere zabalagoa izanik, klima kontinentalagoa du, ozeanoen eraginak errazago jasotzen dituzten hegoaldeko lurraldeetakoa baino. Nolabaiteko klima simetria bat dago Ekuatorearen bi aldeetan: Ekuatoretik hurbileko lurraldeetako klima tropikala da, urtaro hezeari urtaro idorrak jarraitzen diola. Kantzer tropikoaren iparraldean zabaltzen da Saharako basamortua eta Kaprikornio tropikoaren hego-mendebaldean Kalahari delakoa. Afrikako iparraldeko eta hegoaldeko muturrak klima mediterraneokoak dira.  n Biztanleria. Bi eskualde nagusi bereizi behar dira: Afrika zuria edo mediterranearra, iparraldeko itsasertzetik Saharako basamortu mugaraino hedatzen dena. Arraza zuriko herriak (berebereak), semitak (arabiarrak) eta Saharatik hegoaldera zabaldu diren mestizoak (peul-foulbeak, mairuak, tibuak). Afrika beltza, bestalde, herri askotan banaturik dagoen arraza melano-afrikarrak osatua da. Herri garrantzitsuenak hauek dira: sudandarrak (banbarak, hausak, mandingoak, malinkeak, wolofak), ginearrak, kongotarrak, nilotikoak, hegoafrikarrak. Afrikako ekialdean dagoen lurraldean erdi kamitak diren arraza etiopiarreko herriak ageri dira. Ekuatoreko oihan zabalean pigmeoak bizi dira. Hego-mendebaldeko muturrean desagertzear dauden giza talde batzuk ageri dira: boskimanoak eta hotentoteak. Hego Afrikako politika kolonial bereziak holandar jatorriko Boer herri europarraren garapena ekarri du.   n Hizkuntzak. Afrikako hizkuntzak eta hizkuntza horien arteko aldaerak zenbat diren eta nola dauden banatuta oso ongi ezagutzen ez den arren, milakoren bat badirela uste da. Hala ere, elkarren artean antzik handiena dutenak multzokatzen badira, ehunen bat hizkuntza multzo konta litezke. Hizkuntza horietako gehienak Afrikaren erdialdean biltzen dira, eta lurralde horietan dago, hain zuzen, hizkuntza barreiadurarik handiena. Lurralde horietatik iparraldera, Sahara eta Saharaz iparreko Afrika aldean dago hizkuntza batasunik handiena; horixe baita, hain zuzen, arabieraren esparrua. Iparraldetik hegoaldera hizkuntza familia hauek bereizi daitezke: a) hizkuntza kamito-semitikoak; b) hizkuntza afrikar mendebaldekoak; c) hizkuntza kanurikoak; d) hizkuntza mandeak; e) Ginea hizkuntzak; f) Niloko hizkuntzak; g) Afrika erdialdeko hizkuntzak; h) bantu hizkuntzak; i) khoisan hizkuntzak; j) hizkuntza malaio-polinesikoak; k) hizkuntza indo-europarrak. Egoera hori, ordea, oso aldakorra da, batez ere hizkuntza batasuna lortzeko egiten diren ahaleginen ondorioz, irakaskuntzarako Europako hizkuntzak aukeratzen direlako sarritan; hala ere Afrikako zenbait hizkuntza irakaskuntzan oso zabal ari dira erabiltzen, suahilia adibidez.  n Erlijioak. Arabiatik ipar-mendebaldera eta hego-ekialdera (Zanzibar, Comore) sartu zen islama areagotuz joan da mendez mende, Gineako Golkoraino eta Adamauako mendietaraino iritsi delarik. Kristautasuna europarren kolonizazioaren bidez sartu zen, erlijio animistako herrien artean egokituz. Antzinako kristauen lekuko, K.o. V. mende aldera iritsi ziren kristau koptoak ageri dira Egipton eta Etiopian. Kristautasuna eta islamismoa gero eta indar handiagoa ari dira hartzen gehiengoa animista den Afrikako biztanlerian.   
 v  Ekonomia. Afrikako estatu guztiek egin behar diete aurre «garapen bidean» aurkitzen diren herrien ohiko arazoei. Hego Afrikaren egoera guztiz berezia alde batera utzirik, munduan lehengaiek dituzten prezio txikiak areagotzen duten kapitalik ezak eta barru merkataritza pobreak eragotzi dute neurri handi batean industria berrien sortzea. Aljeriak, haatik, ekin ahal izan dio industrializazio politika bati, bere energi hornimenari esker (petrolioa, gas naturala), bertako ekonomiari berebiziko bultzada emanez. Magreb-eko beste bi herriek, Maroko eta Tunisia, eta honetan ez dira Afrika iparraldeko beste herrietarik berex, aurre egin behar diete gero eta demografi hazkunde azkarragoak sortzen dituen arazoei, enplegu urritasuna barne. Libia (hamarretatik bederatzi parte basamortu dira) petroliotik bizi da eta garabidean ere dagoen Egiptoren nekazari politika Nilo ibaian oinarritzen da. Herri hauetan ez bezala, gainerako Afrikako estatuetako biztanleria dentsitatea izugarri apala da, 10 biztanle inguru km2-ko. Kontinente laboraria da Afrika, tokian tokiko klimaren baldintzapean dagoena betiere. Behi aziendak (behi eta zebuak) 70 milioi buru inguru ditu. Janari laborantza askotarikoa eta emankorra da: artatxikia, basartoa, ignamea, taroa, manioka, artoa, indiabak, arroza (sartu berria Afrikako barrutian, aspalditik Madagaskarreko usadiozko jangaia da). Kolonizatzaile zuriek sartu zuten, XIX. mendean, nekazaritza ekonomia modernoa, helburua esportazioa duen plantazio politika ezarriz. Gisa honetako nekazaritza ustiapenak desberdinak dira eskualdeen arabera: Ekuatore aldean, oihaneko landare motak (Gabon); kakaoa, olio palmondoa, hevea, Ekuatorez behetiko eremuetan, eta kotoia, kakahuetea, sisala, azukre kanabera, tropiko alde idorretan. Gai hauei banana eta pinaburu tropikalak erantsi behar zaizkie. Ekoizpenarekin batera, eraldatze industria moderno batzuk ere sortu dira. Monokultiboak, ordea, oso kinka larrian jarri ditu zenbaitetan estatuen ekonomiak, nazioarte mailako ekonomia arauak aldakorrak izaki. Honenbestez, produkzioa anizteko plangintza bereziak abiarazi dira gai bakar baten baitan zeuden herri batzuetan (Senegal, Dahomey, etab.). Ghanak mea baliabide garrantzitsuak dauzka eta Boli kostarekin batera osatzen du Afrika Mendebaldeko garapenaren gune bizkorrena. Izan ere, mea baliabideak dauzkaten estatuak (Afrika oro har guztiz aberatsa da arlo horretan: urrea, diamanteak, kobaltoa, burdina, kobrea, manganesoa, bauxita, uranioa, petrolioa, gas naturala) besteak baino askoz ere egoera hobean daude. Mea ustiapenak urtegi erraldoiak eraiki beharra ekarri du (Akosonbo, Kariba, Sadd el ali). Bestalde, turismozko industria gero eta indartsuagoa abiarazi berri dute Afrikako herriek, Ekialdeko Afrikakoek bereziki (Kenya, Tanzania). Garraio sare egokirik batere ez edo oso gutxi dagoelarik, barne merkataritza izugarri zailtzeaz aparte, Afrika bakartu egiten da beste herrietatik, eta garapen ekonomikoa eragozten. Honetaz guztiaz gainera, kolonizazioari amaiera emanez kolonizatzaileek berek bultzatu zuten banaketa politiko, administratibo eta ekonomiko berria potentzia horien interesei begira eginzen eta Afrikako hainbat estaturen, elkarte ekonomiko zabalagoak osatu nahiz, ahalegin guztiak gorabehera, Afrikak ez du oro har kolonia ondoko egoera gainditu: hiru sektoreak elkarren gainka eratzen direla (eskualde bakoitzeko bizi iraupena hala-hola ziurtatzen duen janari nekazaritza, monokultiboan oinarrituriko nekazaritza ustiapenak eta, esportazioari begira, lehengaiak ateratzeko xedean eraturiko industria), kontinenteko ekonomia, afrikarren arteko harremanei baino, kanpo merkataritzari begira dago egituratuta. v  Historia. Afrikan oraindik orain aurkitu diren giza fosilen azterketen arabera, mundu guztiko espezialista askok uste du Afrikan bereizi zela lehenbizikoz gizakia gainerako primateengandik (Leakey doktoreak 1959. urtean Tanzanian aurkitu zuen Zinjanthrope gizaki bidean zegoen hominidoa, K.a. 1.800.000-800.000). Afrika kontinenteko historiaurreko aztarnategiak aberatsak dira oso: Atlanthrope hondakinak ageri dira Magrebeko hainbat lekutan, haitzuloetako pintura eta grabatu neolitikoak ugari dira Magreben eta Erdialdeko Saharan (Tassili, Tibesti Ennedi, Fezzan). Ekialdean, Tanzaniako Sangoen zibilizazio garrantzitsua dago. Hegoaldean, boskimanoen aurreko zibilizazioen aztarnak ageri dira eta, Nigerian, milagarren urtea baino lehen desagertu ziren Nok zibilizazioaren zantzuak. Historiari begiratzen bazaio, bereizi egin behar dira Mediterraneo aldeko Afrika eta Saharaz hegoaldeko Afrika, europarrek askoz ere geroago ezagutu zutena. Lotura bakarra Nilo ibaia eta haren ubide ertzetan garatu zen zibilizazio aberatsa izan zen. Feniziarrak K.a. XII. mendean egokitu ziren Afrika mendebaldean, eta Kartago eraiki. K.a. II. mendean ipar-mendebaldea konkistatu zuten erromatarrek, Afrikako probintzia (Tunisia-Tripoli) fundatuz. Bandaloak jabetu ziren probintzia honetaz K.o. V. mendean, eta Bizantziarrek VI.enean hartu zuten. Arabiarren etorrerarekin batera (VII. m.) Ipar Afrikaren erlijio batasuna lortu eta islama kontinentearen erdialderaino zabaldu zen, almorabiarren eskutik. Niger ibaiaren aldeko inperio handi batzuk islamera bihurtu ziren: Ghana, Songhai, Bornu, Kanem (Txad), Mali eta Yoruba, Oio, Axanti, Hausa eta Benin herriak. Beste herri batzuek lehendik zuten erlijioari eutsi zioten, Abisiniako kristauek eta Mosi herriak adibidez. XV. mendean portugesek Afrikako itsasertz guztiak kurritu zituzten, Indietarako Bidearen bila ari zirela: B. Dias-ek Itxaropen Oneko Lurmuturra gainditu zuen 1488. urtean eta Vasco da Gamak kurritu zuen Indiako Ozeano aldeko itsasertza. XVI. mendean areagotu egin zen beltzen salerosketa, jarduera hori aspaldidanik egiten ari baziren ere: Sudan lurraldeetako estatuak Sahara zeharreko beltz salerosketan ari ziren, europarrak hasi zirenerako, askoz ere neurri apalagoan bazen ere. Kolonia berrietan gero eta langile behar handiagoa zegoela eta, Amerika eta Antilletara eramaniko esklabo kopurua izugarri hazi zen urte gutxitan. Beltz merkatua ez zen XIX. mendera arte amaitu. XIX. mende erdialdean hasi zituzten europarrak Afrika barreneko esplorazioak eta ondoko konkistak: Aljeria (1830-1847), Senegal (1854-1865) eta Afrika erdialdea, Livingstone eta Stanley esploratzaileen bidaiak Hego eta Ekialdeko Afrikan barrena (1850-1877), Suezeko ubidea zabaltzea (1869), Tunisiako babesgo frantsesa (1881), Abisinia eta Somalia kolonia italiarrak (1889). Berehala hasi ziren europarren arteko gatazkak eta guduak lurralde kolonialak bereganatu nahian: frantses eta belgikarren arteko lehia Kongon, Berlingo Konferentziak erabakia (1885), Fachodako krisia zela eta Frantziak uko egin behar izan zion Nilo ibaiari (1898), Transvaaleko Gerrak, ingelesen eta boerren artean (1881-1902), frantsesen eta alemanen arteko gatazkak Marokon. Lehen Mundu Gerraren bezperan, Europako honako estatuen artean zeuden banatuak Afrikako eskualdeak: Frantzia (Magreb, Mendebaldeko Frantses Afrika, Ekuatorealdeko Frantses Afrika, Madagaskar, Djibuti), Ingalaterra (Egipto, eta Sudan eta hegoaldeko muturra bitarteko lurralde guztiak, Ekialdeko Afrika Alemaniarra izan ezik), Alemania (Togo, Kamerun, Ekialdeko Afrika Alemaniarra), Belgika (Kongo), Espainia (Kanariar Uharteak, Maroko alde bat, Mendebaldeko Sahara eta Ginea), Portugal (Angola eta Mozambike), Italia (Somalia eta Eritrea). Lehen Mundu Gerraren ondoan, Alemaniaren koloniak frantsesen, ingelesen eta belgikarren eskuetara igaro ziren. Ordurako abiaraziak ziren askatasunaren aldeko mugimenduak (Egiptoko burujabetasuna 1936an) biziago egin ziren Bigarren Mundu Gerraren ondoren. Britainiarrek, pausoz pauso deskolonizatzeari ekin zioten 1957. urtetik aurrera, Zimbawe (Rhodesia) eta Hego Afrika bertako biztanleriaren gutxiengo europarraren eskuetan utziz. Frantziaren mende zeuden koloniei dagokienez, Union Française delakoaren inguruan egin zen integrazio saioak porrot egin zuenean (1958) hasi ziren askatasun prozesuak (Aljeriako Askapen Gerra, 1954-1962). v  Askatasunaren ondoan. «Balkanizazio»aren mamua saihestu nahiz, Afrikako estatuen batasunaren aldeko urratsak Afrikar Batasunerako Erakundea (OUA) eta Afrika, Madagaskar eta Maurizioko Erakunde bateratua (OCAM) direlako erakundeen bitartez bideratu dira, mendebalde eta ekialde sozialistako estatuen esku harmena kontrolatuz. Espainiaren mendean dauden Ceuta eta Melilla, Mendebaldeko Sahara (espainiarrek 1975. urtean Maroko eta Mauritaniaren mendean utzi ondoan, askapen gerran dihardu bertako herriak, lurraldea inbaditu dien Marokoko gudarostearen aurka, Fronte Polisarioan bildurik), eta itsasoaz haraindiko lurralde frantsesak (Mayotte eta Réunion) izan ezik, noizbait frantses izan ziren koloniek burujabetasuna eskuratu dute. Estatuak estatu, bi bide aukeratu dituzte Afrikako estatuek garapen ekonomikoaren erronkari aurre egiteko: aurreko metropoliekiko harremanen sendotzea eta sozialismoa.