Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Abu Nidal

(Jaiotza izena, Sabri l-Banna). Palestinar politikari eta gerrillaria (Jaffa, 1937 - Bagdad, 2002). 1948an familiarekin batera Gazako iheslari-zelai batera joan behar izan zuen, eta ondoren Nablusera aldatu ziren. 1955ean Jordaniako Ba'ath alderdian sartu zen, baina handik bi urtera, alderdia legez kanpo utzi zutelarik, Saudi Arabiara alde egin behar izan zuen eta Palestinaren askapenaren aldeko Al Fatah talde armatuko kide egin zen. 1969an higikunde horren ordezkari izendatu zuten Sudanen, eta hurrengo urtean Bagdadera bidali zuten, kargu horrekin berarekin. Iraken egon zen bitartean eragin handia izan zuten beragan irakiarren ikuspegi politikoak eta 1974an Al Fatah higikundetik egotzi zuten, Palestinarentzat agintaritza nazionala finkatu izana kritikatu zuelarik. Abu Nidalek, orduan, bere taldea sortu zuen, Fatah Kontseilu Iraultzailea, Irakek diruz lagundua. Al Fatahk hilketa eta konplotetan parte hartu izanaz salatu zuen Abu Nidal, eta heriotza zigorra ezarri zioten. 1983an Bagdadetik egotzi zuten, Irakek Estatu Batuen laguntza behar zuelako Iranen kontrako gerran. Abu Nidal Siriara joan zen orduan, eta hango gobernuari laguntza eman zion. Handik hiru urtera Abu Nidalek Jordania, Israel eta Palestinaren Askapenerako Erakundearen arteko hitzarmen bat eragotzi zuen. 1986an, Siria nazioarteko terrorismoaren laguntzaile zela salatu zuten Mendebaldeko herrialdeek, eta horrela, Abu Nidalek ihes egin behar izan zuen handik, Libiara, ustez. 1991n Abu Nidalen taldeak Palestinaren Askapenerako Erakundearen buruzagi nagusietako bat hil zuen. Palestinaren eta Israelen arteko bake hitzarmenen kontra agertu zen.