Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Aberri Eguna

Euskaldunen nazio eguna, Pazko egunez ospatzen dena. 1932ko martxoaren 27an egin zen lehenengo aldiz, Bilbon, Eusko Alderdi Jeltzaleak deituta. Franco jeneralak 1936an sorturiko gerraren ondorioz eten luzea izan zuen Aberri Egunak Hego Euskal Herrian. Erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzak egin zuen, 1964. urtean, klandestinitate garaiko lehen deialdia, Gernikara, eta 1966an Eusko Jaurlaritzak eta ETAk dei bana egin zuten Gasteizera eta Iruna. Kontrolak, zapalkuntza, borrokak eta atxiloketak izan ziren nagusi 1978an, gerraondoko lehen Aberri Eguna legez ospatu ahal izan zen arte. Geroztik, gorabehera askoren artean —Herri Batasunari debekatu zitzaion 1981ean Gernikara deitu zuen biltzarrerako baimena—, alderdi politiko estatalisten axolarik eza, alde batetik, eta estatutuaren aldeko alderdi abertzaleen eta ordena politiko berri baten aldekoen arteko batasun eza, bestetik, izan dira geroztiko deialdien ezaugarria. Ipar Euskal Herrian, Enbata erakundeak 60ko hamarkadan eginiko deialdien ondoren, urtero egin da Aberri Eguna, azkenaldi honetan alderdi eta erakunde politiko abertzale guztiek bateratsu jokatzea erdietsirik.