Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Argitalpen-data: 2016/05/31

eLiburutegiak domeinu publikoko 1.100 lanetik gora barneratu ditu bere katalogoan, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez

  • Domeinu publikoko lanak norberaren gailuan gorde daitezke, iraungitze datarik gabe
  • Euskal diasporako kideek eska dezakete dagoeneko eLiburutegian alta
  • Euskadiko Liburutegi Digitalak ere bere App-a izango du aurki
  • eLiburutegiak pirateriaren aurkako kontzientziazioari ekingo dio interneten
  • Erabiltzaileek 47.449 liburu mailegatu dituzte urte eta erdiko ibilbidean

Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak, Imanol Agote Kultura Ondarearen zuzendariarekin batera, Euskadiko Liburutegi Digitalak, eLiburutegiak, abian jartzear den bigarren faserako dituen proiektu nagusiak azaldu ditu gaur goizez Bilbon, prentsaren aurrean.

Urte eta erdiko ibilbidea egin ondoren eLiburutegiak dakarren berritasunik handiena, bere katalogoan domeinu publikoko tituluak sartu izana da: 100 titulu euskaraz, 500 gaztelaniaz eta beste 500 ingelesez. Liburu klasikoak dira, dagoeneko egile eskubiderik ez dutenak, baina zalantzarik gabe eLiburutegiaren katalogoa ederki aberastuko dutenak. Lan hauek deskargatuz gero, mugikorrean edo ordenagailuan gorde ahal izango ditu erabiltzaileak. Ez dira 21 egunen buruan iraungiko, maileguan harturiko liburu digitalekin gertatzen den moduan.

Domeinu publikoko lanak

Euskarazko domeinu publikoko liburuak hautatzeko, Eusko Jaurlaritzak Armiarmarekin sinatu du hitzarmena, gisa honetako lanak hautatu, berreskuratu eta editatzen duen esperientzia handiagatik. Testuinguru honetan, hasteko 100 titulu hautatu eta berreskuratzea erabaki da, eta dagoeneko eskuragarri dituzte eLiburutegiaren erabiltzaileek ePub formatuan, irakurketa edozein motatako pantailatan erraza izan dadin. Besteak beste, deskargagarri daude Agosti Xaho, Lauaxeta, Lizardi, Kirikiño, Jon Mirande edo J.A. Mogelen lanak, baina baita Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545) edo Lazarragaren eskuizkribua (1567) ere.

Gaztaniazko domeinu publikoko katalogoa osatzeko, Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes Fundazioarekin akordioa lortu da. Fundazio hau da hizkuntza hispanikoetako obra klasiko eta zientifiko esanguratsuenak digitalizatzeaz arduratzen dena. Hitzarmenaren bidez, Fundazioak Eusko Jaurlaritzari laga dizkio 500 titulutik gora, eLiburutegiaren bidez zabal ditzan. Eskuragarri daude dagoeneko Perez Galdos, Zorrilla, Lope de Vega, Quevedo, Larra nahiz Tirso de Molinaren hainbat lan, eta ezin ahaztu, Cervantesen Quijote.

Ingelesezko domeinu publikoko lanak hautatzea. Eusko Jaurlaritza New Yorkeko Liburutegi Publikoarekin lankidetzan aritu da, Gutenberg Proiektuko domeinu publikoko ingelesezko 500 lan berreskuratu eta ondoren eLiburutegiaren katalogoan sartu ahal izateko. Gutenberg Proiektuak, egun, 50.000 liburu ditu formatu elektronikoan, baina tamalez, lan horiek digitalizatzeko prozesua ez zen batere egokia izan. Gabezia hori arintzeko, “Klasikoak berreskuratuz” (Recovering the Classics) ekimena jaio zen, New Yorkeko Liburutegi Publikoak bultzatua, “Hezkuntza konektatua” (ConnectEd) proiketuaren barnean (azken hau Etxe Zuriak gidatua delarik). Ekimen honen helburua da domeinu publikoko lan esanguratsuenak berreskuratzea, mota guztietako pantailetan irakurriak izan daitezen sustatzeko.

Proiektuaren helburua, azken finean, honako hau da: domeinu publikoko lanen katalogo zabal bat osatzea, eskoletan eskuragarri izan eta irakur ditzaten. Katalogo hau, euren plataformak honelako lanez hornitu eta aberastu nahi dituzten munduko liburutegi publiko eta eskola-liburutegi guztien esku dago. eLiburutegia izan da domeinu publikoko klasiko garaikideak berreskuratzeko ekimen honetan parte hartu duen nazioarteko lehen liburutegia. Horrela, Eusko Jaurlaritzak eLiburutegiaren katalogora ingelesezko 500 titulu inguru gehitu ditu Gutenberg Proiektuaren domeinu publikoko gordailutik. Tartean daude, besteak beste, Robert Louis Stevenson, Mark Twain, Charles Dickens, Virginia Woolf, Hans Christian Andersen, Leo Tolstoy, Oscar Wilde edo Arthur Connan Doyle-ren lanak.

Pirateriaren kontrako kontzientziazio lana

Bestalde, eta bigarren fasean kokatzen diren proiektuen barne hau ere, eLiburutegiak pirateriaren kontrako kontzientziazio soziala zabaltzeko lanari helduko dio ekainean, bai sare sozialetan eta baita Interneten ere. Google Awords-en bidez eta gako-hitz batzuk erosita, eLiburutegiak bere katalogoa eta maileguan hartzeko liburu-aukera aurkeztuko dizkie –guztiz legezkoa eta egile eskubideak errespetatzen dituena-, beti baimendutako edukiak deskargatzen eta irakurtzen ez dituzten irakurle digitalei, euren pantailetan. Era honetan, liburuen deskarga ilegalaren kontrako pedagogia lana egiteaz gain, eLiburutegiara erabiltzaile eta irakurle gehiago erakartzea da asmoa.

Erabiltzaile potentzialak erakartzeko helburu hau Facebook eta Twitter sare sozialen bidez ere gauzatuko da. eLiburutegiak sare horien bidez iragarriko ditu katalogora sartutako berritasunak, literatur lanen sinopsiak zabalduko ditu, edo booktrailer-ak hedatuko ditu, erabilgarri dauden kasuetan.

eLiburutegia eta euskal diaspora

Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzarekin (Lehendakaritza) burutu den elkarlanari esker, euskal diasporako kideek dagoeneko eska dezakete eLiburutegian alta, eta plataforma digital hau erabiltzen hasi, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko beste edozein erabiltzailek legez. Interesatuek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean zintzilik dagoen inprimakia bete eta Eusko Jaurlaritzaren Liburutegi Zerbitzura bidali behar dute e-postaz.

Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak ziurtatuko du eskatzaileak euskal diasporako kide direla, Legeak (Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko Gizatalde eta Etxeekiko Harremanetarko Legea) jasotzen dituen arabera (3.artikulua: Autonomia Estatutuaren 7.2 atalean esaten den eran Estatutik kanpo bizi diren euskaldunak, bai eta haien ondorengoak ere; Euskadin jaio eta Espainiako gerra zibilaren ondorioz atzerrira eraman eta oraindik atzerrian bizi diren euskaldunak; Euskal Etxe aitortuetako bazkideak). Baldintza horiek betetzen dituzten eskatzaileek zerbitzua erabiltzen hasteko gakoak jasoko dituzte, eta liburuak maileguan hartu ahal izango.

eLiburutegiaren App-a

Aurrez azalduriko guztiez gain, laster (ekainaren erdi aldera) eLiburutegiak mugikorretarako bere App propioa izango du. Erabiltzaileak app honen bidez ere sartu ahal izango dira Euskadiko Liburutegi Digitalaren katalogora. Lehenik Android sistema eragilea duten gailuentzat egongo da eskuragarri, eta aurreragpo iOS-entzat.

Zerbitzua erabiltzen duten pertsonen esperientzia hobetzeko asmoz sorturiko aplikazioa da, atseginago eta erosoago egiten baitu irakurketa. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egongo den aplikazioak irakurketa-formatua aldatzeko aukera ematen du, letra tipoa eta tamaina ere bai, pantailaren atzealdea aldatu daiteke, distira doitu, edo lerro tartea egokitu. Baina garrantzitsuena: irakurketa utzi den puntua sinkronizatzen du hainbat gailutan (mugikorrean, tabletean…)

eLiburutegiaren erabilera areagotzeko helburuz jaio da aplikazioa. Izan ere, harreman zuzena dago aplikazio hauen erabilera eta maileguen nahiz irakurketa saioen igoeraren artean (behin instalatuz gero, erabiltzaileari hor dela gogorarazten baitio).

18 hilabetez eLiburutegia: zenbait datu

2014ko azaroaren 26an martxan jarri zenetik, eLiburutegiaren erabiltzaileek 47.449 liburu digital mailegatu dituzte. Egun, Euskadiko Liburutegi Digitalak 11.925 titulu ditu katalogoan. Honako hauek dira urte eta erdiko ibilian eLiburutegiak utzi dizkigun datu nagusiak:

  •  Maileguak 2014-1-26tik: 47.449 mailegu
  •  Maileguak, 2016ko urtarriletik maiatzera: 15.905 mailegu
  •  Katalogoa (2016ko maiatzak 31) 11.925 titulu
  •  Inoiz konektatutako erabiltzaileak: 12.805 erabiltzaile
    • Erabiltzaileak, 2015 amaiaeran: 8.043
    • Erabiltzaile berriak 2016an: 1.874
  •  Maileguren bat egin duten erabiltzaileak: 9.917 erabiltzaile

Libururik mailegatuenak:

  • Adulterio, Coelho, Paulo 166 mailegu
  • El amor se me hace bola, Alpuente, Bárbara 153
  • 20 minutos a la semana para estar en forma,
  • Cánovas Linares, Ricardo 151
  • Un millón de gotas, del Árbol, Víctor 133
  • 100 ideas para que tus hijos te obedezcan, Bacus, Anne 109
  • Misión Olvido, Dueñas, María 94
  • 110. Street-eko geltokia, ñaki Zabaleta Urkiola 91
  • Palmeras en la nieve, Luz Gabás 91
  • La mirada de los ángeles, Läckberg, Camilla 83
  • Adivina quién soy, Maxwell, Megan 81

Libururik mailegatuenak euskaraz:

  • 110. Street-eko geltokia, Iñaki Zabaleta Urkiola 91 mailegu
  • Bilbao-New York-Bilbao, Kirmen Uribe 73
  • Musika airean, Jaio Eiguren, Karmele 68
  • Ez naiz ni Jaio Eiguren, Karmele 60
  • Mussche, Kirmen Uribe 58
  • Atertu arte itxaron, Katixa Agirre Miguélez 58
  • Aulki-jokoa, Alberdi, Uxue 56
  • Urak dakarrena, Martinez de Lezea, Toti 56
  • Arrain Abisalak, Xabier eta Martin Etxeberria Garro 54
  • 16 ipuin amodiozko, Xabier Mendiguren 51