Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Azken eguneratzea: 2008/03/06
Eusko Legebiltzarrak 1.246 liburu zahar argitaratu ditu Euskadiko liburutegi digitalean, ikerketa errazteko
Argitalpen honekin, ikertzaileek 300.000 irudi baino gehiago edukiko dituzte eskueran, historiaren eta hizkuntzaren ikerketarako interes handiko funts bibliografiko bati lotuak.

Eusko Legebiltzarreko lehendakari Izaskun Bilbaok eta Eusko Jaurlaritzako Kultura saiburu Miren Azkaratek bi erakundeen artean duela hiru urte sinatutako hitzarmen baten emaitzak aurkeztu dituzte gaur goizean Legebiltzarraren egoitzan. Hitzarmen horri esker, Legebiltzarrean gordetako liburu zaharren artetik mila baino gehiago argitaratu dira euskal liburutegi digitalean, horietako batzuk ale bakarrak. Argitalpen honekin, ikertzaileek 300.000 irudi baino gehiago edukiko dituzte eskueran, historiaren eta hizkuntzaren ikerketarako interes handiko funts bibliografiko bati lotuak. Digitalizazioa urrats bat izango da, gainera, berebiziko balioa duten liburu batzuen kontserbatzioan. Liburu horietakoren bat duela bost mende argitaratu zen eta bakarra da Euskal Herriko ondare-katalogoan.

Hitzarmenaren oinarria, hain zuzen, Jaurlaritzak Legebiltzarri Euskal Liburutegi Digitalaren ataria -Kultura Sailak kudeatua- eskueran jartzeko hartu dituen neurriak izan dira. Atari horren bidez, publikoaren eskueran jartzen da, Internet bidez, orain arte Eusko Legebiltzarrean digitalizatua zegoen baina bertako liburutegian baino kontsultatu ezin zitekeen funtsa. Operazio honekin, gainera, Legebiltzarraren webguneko liburutegi-katalogoan ere estekak jarri dira ale bakoitzaren erreprodukzio digitalera eramateko.

Liburutegi digitalaren atarian 300.000 irudi baino gehiago sartu dira, 1.246 obrari dagozkienak. Ikusgai jarritako obrak Legebiltzarrak modu esklusiboan kontserbatzen dituenak dira. Zehatz esanik, Sancho el Sabio fundazioak lehanago digitalizatu ez dituen tituluak digitalizatu dira, bikoiztasunik ez gertatzeko eta erakundeen arteko lankidetza handitzeko.

Gaur izango da proiektu honen azken ekintza: aurkezpen publikoa. Eta horrela hasierako asmoa beteko da: mundu guztiaren eskueran jartzea -eta bereziki ikertzaileen eskueran- euskal hizkuntza, kultura eta historiografia aztertzeko interes handikoa den funts patrimonial bat.  Operazio honekin, beraz, unibertsalizatu egingo da aipatutako obren kontsulta, orain arte mugatua baitzegoen konberbazio-arrazoiengatik eta Euskadiko ondare bilbiografikoko ale bakarrak izateagatik.

Hitzarmenari esker, bestalde, zabalkunde handiagoa emango zaio Eusko Legebiltzarraren liburutegiko funts zaharrari, Euskadiko Katalogo kolektiboan (Bilgunean) sartuta geratu baita eta, beraz, Internet bidez eskuratzekoa modukoa da.

Horrenbestez, bada, une honetatik aurrera jendeak sarbide erraza izango du 1830. urtea baino lehenago obra-bilduma batera eta XX.. mendera arteko euskarazko erlijio-obren biblioteka batera. Funts horretan bereziki nabarmendu beharrekoa da Betolazaren Doctrina Christiana, euskarazko lehen katiximaren ale ezagun bakarra; obra elebidun hori 1596an argitaratu zen Bilbon, eta garrantzitsua da XVI. mendean euskaraz idatzita ordain arte ezagutzen diren zortzi obretako bat delako. Funts digitalizatuan bilduta dago Axularren Guero liburuaren lehen edizioa ere, 1643an argitaratua Bordelen, eta orobat liburu horren bigarren edizioa, XVIII. mendeko lehen hamarkadetakoa. Interes bibliografiko handiko beste dokumentu bat Fuero de Vizcaya obraren lehen edizioa da, Juan de Juntak 1528an argitaratua Burgosen. Azkenik, aipamen berezia merezi du adituen ustez Martín de Coscojales-en Antigüedades de Vizcaya lanak bere bitxitasunagatik, balio handikoa 1590an idatzitako jatorrizko eskuizkributzat jotzen delako.

Euskadiko liburutegia

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak dokumentu ondarearen digitalizazioa sustatu eta bultzatu nahi du modu berezian, gure herriaren Memoria Digitala osatzeko helburuarekin. Hain zuzen, Memoria Digitala izango da Euskadiko Liburutegiaren oinarrietako bat, beti ere Eusko Legebiltzarrak 2007ko urriaren 25ean adostasun zabalarekin onartutako Liburutegi Lege berriaren argitan. Honen baitan garatuko dira, baita ere, liburutegi sistema eta irakurketa sare publikoa.

Euskadiko Liburutegiak, euskal bibliografia gordailatzeko zentroa izango denez, helburutzat izango du, besteak beste, Euskadiko bibliografi produkzioa eta euskararen hizkuntza-eremuarekin erlazionatutakoa bildu, kontserbatu eta zabaltzea. Euskal liburutegi nazionalak, beste erakunde batzuekin batera, koordinazio-lanak egingo ditu euskal bibliografi ondarea eskuratu, kontserbatu eta zabaltzeko. Izan ere, ondare hori kontserbatzeak duen garrantzia ukaezina da, balio handikoa baita informazio, hezkuntza eta ikerketarako eta kultura, hala orokorra nola, bereziki, Euskal Herriarena, ezagutu eta garatzeko.

Gasteiz, 2008ko martxoaren 6an