Kulturaren Euskal Behatokia kanpotik begiratuta: nazioarteko adituen iritzia
Kulturaren behatokiekin egindako nazioarteko lan-jardunaldien barruan, gonbidatutako behatoki guztien ordezkariekin hitz egin genuen, lan-saioetatik kanpo. Hain zuzen ere, Euskal Behatokiak bere lehenengo urtean proposatutakoaren balorazioa egiteko eskatu genien; izan ere, eskarmentu handia dute, baita distantziak ematen duen ikuspegia ere. Egin genizkien bi galderei emandako erantzunak irakur ditzakezue jarraian.
1. Kulturaren Euskal Behatokiak egindako proposamenetik zein alderdi nabarmenduko zenituzke, zure behatokiaren esperientzia kontuan izanik?
2. Garapenaren zein alderdiri eman beharko lioke garrantzi berezia Kulturaren Euskal Behatokiak?
Serge Bernier, Observatoire de la Culture et des Communications du Quebec-eko zuzendari ohia, eta Dominique Jutras, gaur egungo zuzendaria.
1.Kulturaren Euskal Behatokiak urte bakarrean egindako ibilbide luzea nabarmenduko genuke batez ere. Ikaragarri harritzen gaitu urte horretan izandako aurrerapenak. Denbora hain gutxi daraman behatoki baten lehenengo dokumentua Kultura 07 txostena izatea horren adibide da.
Horrez gain, azpimarratzekoa da proposamenean ez ezerekin ez inorekin ez ahazteko egin duten ahalegina. Sektore askotako jende anitz ari da parte hartzen, eta sarritan kontsultatu nahi zaie. Euskal Behatokiak egindakoa Quebec-en proposatu izan balitz, ez dut uste egiteko gai izango ginatekeenik.
2. Bi alderdi hartu behar dira kontuan. Lehenengo eta behin,
a priori ezin hobea da hainbeste jenderekin kontsultatzeko asmoa, baina adi egon behar da horrek ez dezan prozesua geratu, eta ez dezan inongo behatokiren eginkizun nagusia eragotzi, hau da, estatistikak, analisiak eta ikerketak egitea eragotzi. Bigarrenik, lehenengo urtean hartu den aldi baterako erabakia bada ere, aurreikusi egin behar da oraingo estatistikak (ekonomikoa, soziala) ez digula behar beste informazio ematen enpresa txiki askoz osatutako sektore kulturalari buruz. Izan ere, enpresa horien jarduerak ez daude jasota estatistika horietan. Horrenbestez, kultura-estatistika propioa sortu behar da.
Jean-Cedric Delvainquiere, Frantziako Departement d’Etudes, de la Prospective et des Statistiques erakundeko politika eta arautze saileko azterlanen eta ikerketen arduraduna
1. Hasteko, proiektua prestatzen egindako ahalegina eta hausnarketa-lana nabarmenduko nituzke. Oso garrantzitsua iruditzen zait; izan ere, historikoki, behatokiak prestatzeko aurretiazko lan askoz gutxiago egin izan da. Euskal Behatokiaren proposamenean, ordea, aurretik izan diren esperientziak kapitalizatzeko asmoa sumatzen da.
Nire iritziz, Kulturaren Euskal Behatokiaren proiektua eta jarduera oso koherenteak dira, oso ondo egituratuta daude eta, batez ere, Kulturaren Euskal Planarekin oso ondo lotuta. Gainera, badirudi behatokiak kulturaren arloko profesionalekin eta eragileekin harremanetan egoteko gaitasuna duela, eta hori ere oso garrantzitsua da. Nire ustez, egundoko aktiboa da, baina erronka handia ere bada, eta kudeatzen jakin behar da erronka hori.
2. Hasteko, behatokiak ez dizkigu erantzun guztiak emango. Behatokiak eginkizun oso garrantzitsua du jakintzak, erreferentziak, datuak, analisiak, etab. sortzen, baina kontuan hartu behar da behatokiak ez duela eztabaidagai guztietarako erantzunik izango, ez eta kultura-arloan sortuko diren arazo guztietarako ere. Hori onartu egin behar da, eta ezin du inork pentsatu behatokiak agindu zaizkionetatik kanpo beste funtzio batzuk ere beteko dituenik. Sekulakoa izango da jarritako helburu guztiak betetzea lortzen bada, pixkanaka-pixkanaka, proposatu den bezala.
Beharbada, kostuak ere kontuan hartu beharko dira, hainbat arlo jorratzeko ezarri diren helburuak bete ahal izateko eta, kostuak alde batera utzita, finantziazio egonkorra edukitzeko, urtez urte. Garrantzitsuena da proiektuaren oinarrian borondate politiko handia egotea eta errespetatu beharreko proiektua dela transmititzea.
Luca Dal Pozzolo, Osservatorio Culturale del Piemonte-ko zuzendaria
1. Alderdi hauek nabarmenduko nituzke: hainbat erakunde-mailaren egituraketa, erakundeen artean egin den ardura-banaketa, Kulturaren Euskal Plana eta herrialdearen neurriarekin alderatuta dagoen baliabide-kopurua. Alderdi oso garrantzitsuak dira, eta kulturaren sektorean inbertsio nahiko handia egitea eskatzen dute. Horrek beste auzi bat dakar agian; hain zuzen ere, sortzen ari den itxaropena eta, beraz, itxaropen horiekin bat datozen emaitzak eskuratzeko beharra.
2. Mota horretako beste erakundeek dituzten zailtasun berak izango ditu Kulturaren Euskal Behatokiak. Oreka bilatu behar da egituraren tamainaren, emaitzen eta beharrezko baliabideen artean, eta oreka hori bilatzea zaila izaten da beti.
Ez dut ondo ezagutzen Kulturaren Euskal Plana, eta, helburu polita dela uste dudan arren, zaila da –eta, beraz, arriskutsua– eguneroko kultura-prozesuei buruzko plangintza estrategikoaren benetako eragina ebaluatzea. Horren gainean hausnartu beharra dago, oso garrantzitsua delako horrelako proiektu batek aurrera egiteko.
Josep Missé, Kataluniako Generalitateko Kultura eta Komunikabide Saileko Kabinete teknikoko arduraduna
1. Lehenik, Administrazioko maila guztien koordinazioa eta partaidetza nabarmendu behar ditut: Jaurlaritzarena, Diputazioena eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Udalena, alegia. Halaber, Behatokia garatzeko beharrezkoak diren hainbat kultura-arloren lana ere nabarmendu beharrekoa da.
Bigarrenik, ‘kultura integralaren’ kontzeptua azpimarratuko nuke, Behatokiaren abiapuntua eta hedadura bereizteko. Barrura begira: adi egon euskal kultura eta komunikabide arloko gertakizun guztiei, sorkuntza buruzko politikei eta herritar guztien parte-hartzeari, eta batez ere zeharkako tutoretza bat ezarri euskararen garapenean. Kanpora begira: euskal kultura beste edozein kulturaren modukoa dela aintzakotzat hartu, gaur egun dagoen egoera politikoa, errealitatea eta pertzepzio soziologikoak edozein izanda ere.
Azkenik, estatu frantseseko eta Quebeceko gobernuko ereduen jardunbide egokiekiko harreman zuzeneko eta etengabea ere azpimarratzekoa da.
2. Honelako prozesu bat martxan jartzeko, erakunde horietan eragina duten hainbat alderdi kontuan hartu beharrekoak dira. Lehenik eta behin, kontuan hartu behar da kultura-prozesuetako garapenean esku hartzen duten jarduera publiko, enpresarial eta sozialek etengabe mehatxatzen duten kultura eta aisiaren arteko nahasketa. Bigarrenik, behatoki bateko adituak alde batera utziz interpretazio prozesuetan sortzen den gehiengoaren kanporatzea azpimarratu beharra dago. Kulturan, ondare intelektualaren
core gisa hartu behar da hori. Eta, azkenik, kulturaren eta horren inguruko alderdietako ikuspegiei buruzko nazioarteko dokumentazioaren ekarpenen (bai kontzeptuala, bai estatistikoa) azterketa, segimendu eta eztabaidan espezializatutako langilerik ez zegoela kontuan hartu behar da.
Hakan Casares, Observatorio da cultura galega-ko koordinatzailea
1. Azpimarratuko nukeen alderdietako bat da kulturaren arloa modu originalean mugatu dela, eta ez dela Eurostat-en dokumentuetan edo Kultura Ministerioak egiten dituenetan edota Kataluniakoetan dagoen berdin-berdina. Originala izateaz gain, zehatza ere bada. Bistan da neurri handi batean Kanadako Estatistika Institutuan oinarrituta dagoela.
2. Nire iritziz, Kulturaren Euskal Behatokiaren proposamena zuzena da, oro har. Antolakuntzaren ikuspuntutik, lana egingo dutenak enpresa-multzo bat izateak eman dit atentzio gehien, administrazioan ez egotea argi definitutako estatistika-unitaterik, datuen ofizialtasunaz arduratuko denik. Funtzionatzeko modu hori egokia izan daiteke, ez diot inolako eragozpenik ikusten, baina nahiko deigarria iruditzen zait.