Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elkarrizketa Agustin Otsoa Eribekorekin, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaria

Agustin Otsoa EribekoDakizunez, Kultura-ohiturei, -praktikei eta -kontsumoari buruzko estatistika 2007-2008 izeneko eragiketa estatistikoaren emaitzak berriki aurkeztu dira. Zein da, Arabari dagokionez, emaitza hauei buruz egiten duzuen balorazio orokorra?

Ezer baino lehen, azpimarratzekoa da kulturaren arloko estatistikarik eskuan izan eta baliatu ahal izateko aukerak berez dakartzan abantailak ez direla makalak. Balio handiko lana da, inolako zalantzarik gabe, inkestaren emaitzak ikusirik gure herriaren kultur adierazleen berri zehatza lortzen dugulako. Ezinbesteko kontsulta-materiala bilakatu behar dugu, kultur politikaren ildo nagusiak behar bezala diseinatuko badira.

Ezaugarri esanguratsua du estatistika-lan honek: Euskal Herriaren errealitate guztiak hartzen dituela langai. Alegia, aukera ematen digu Euskal Herriaren hiru errealitate administratiboek kulturaren arloetan dituzten eraginak zenbatetsi eta balioesteko, beti ere administrazioek kulturaren gai honetan izan ditzaketen mugak aldez aurretik aitorturik.

Aitortu ere aitortu behar zaio ikerketa-lan zabal eta anitza dela, lagin aski esanguratsua aintzat hartu duena, ateratako emaitzak duda-izpi guztietatik aldentzeko lain.

Beste alde batetik, balio erantsia jasoko du oraintsu egindako lan honek bost urtero egiteko diren estatistikak egitean. Honetara, hirugarren dimentsio bat jarriko zaio euskal kulturaren aztertze-lan honi; denboran zeharko bilakaerarena. Lagungarri eta, areago, ezinbesteko izango da kulturaren arloko politikak balioetsi, hauen gaineko hausnarketa egin eta politikok diseinatzeko orduan.

Emaitzak, oro har, ñabardurak ñabardura, onak direla aipatu behar. Jakina, ontasunaren kontzeptua beti da erlatiboa, zerbaitekiko izaten da on edo txar. Esan dezakegu, honegatik, datu orokorrak aski onak direla beraz, estatuaren gainontzeko autonomi erkidegoen datuekiko eta Europarenekiko. Hala ere, honek ezin gaitu ase. Lanean segitu behar dugu, hobetzeko tartea oraindik ere handia baita.

Nolakoa da Arabako biztanleriaren dinamikotasuna Euskal Herri osoarekiko, hau da, zeintzuk dira kultura-praktika nabarienak eta zeintzuk hain ohikoak ez direnak?

Datuen ongiari ari garelarik, esan behar da bereziki onak direla Arabako Lurralde Historikoari aitortzen zaizkion datuak. Inkestan bereiz daitezkeen 18 arlo nagusietatik 12tan dago Araba EAEko batezbestekotik gora. Horien artean, arte eszenikoetan, teatro eta ikuskizun lirikoen arloan; ikusentzutekoetan eta zinean, musika entzuteko ohituran eta museo eta arte-guneetara eta biblioteketara joateko ohituretan. Adierazpen handiko datuak dira irakurketari dagozkionak: EAEren eremuan liburu-irakurle ohikoenak dira arabarrak, baita euskarazko liburuetan ere. Harro sentitzeko moduko datuak dira beren neurrian hartuta, beti ere. Arabarrok poztu adinakoak. Seguruenik, inkesta egin aurretik, inor gutxik, lehendabiziko begirada batean bederen, espero lezakeen emaitza.

Arrazoiak bilatzen hasita, hau ere azterketa sakonagorik egiten ez den bitartean, aipa daiteke Araban gertatzen den populazio-antolaketa izan daitekeela emaitzon atzean den arrazoietan nagusienetako bat. Nabarmena da hiriburuan batzen dela populazioaren portzentaia handi bat. Honi gehitzen badiogu, Vitoria/Gasteizen urte osoan zehar eskaintzen den kultur ekitaldien kopurua, ez dago askoz gehiago mintzatu beharrik. Eskaintza kultural honetan zeregin esanguratsua burutzen dute bertako administrazioek (Vitoria/Gasteizko udalak eta Arabako Foru-Diputazioak) eta Vital Kutxak, bai eta bestelako eragile kultural ugariek ere.

Zeintzuk izan litezke tokiko politika kulturalen etorkizuneko erronkak?

Datuak onak izanik ere, ezin ezkuta gaitezke datuotan eta konformismoaren aterkipean babestu eta eroso geratu. Estatistika ez baita xede berez, bitartekoa baizik. Estatistikak eskaintzen dizkigun tresnak baliatu behar ditugu, gure herriaren maila kulturalari tenperatura hartzeko, landu beharreko arloak zehazteko eta, datu hauek denboran iraupenik duten heinean, egindako politiken diagnosia egin eta politika berriak definitzeko.

Arabako Foru-Diputazioak argi du, kulturaren arlo honetan ez ezik, gainontzeko eskumen-arloetan bezala, lurralde-oreka erdiestea dela bere eginkizun lehentasunezkoenetakoa. Argiago esateko, hiriburuaren eta gainontzeko lurraldearen oreka bilatu beharra dugu. Populazioaren desorekak eta hiriburuaren makrozefaliak larregi baldintzatzen dituzte arabar gizartearen arlo ezberdinak eta, nola ez, arlo kultural guztiak.

Kontutan izan behar dugu, hiriburutik at, Laudio, Amurrio eta, bigarren maila batean, Agurain aparte utzirik, gainontzeko udal guztiak 3.000 bizilagun baino gutxiagokoak dira. Datu honek gardenki adierazten du kultur eskaintzaren arlo nabarmenak gauzatzeko zailtasunak sortzen direla: bibliotekak, museo eta arte-guneak, ekitaldi musikalak, zinema eta eszena-ikuskizunak zailak dira oso.

Ildo honetan, kultur eskaintzarik gauzatuko bada, azpiegiturak izan beharra dago, planteamendu arrazional eta neurrizkotik abiatuta. Gogoeta egin beharra dago honen inguruan, jakiteko zer nolako panorama ikusi nahi dugun Arabako Lurralde Historikoan, etorkizunean.

Esan berri hau erronka handia bada ere, handiagoa izan daiteke jada ditugun azpiegituretan eta, geroago, etorkizunekoetan kalitatezko eskaintza duina programatzea eta gizartea berorietara joanaraztea. Hortaz, ezinbestekoa izango da tokiko administrazioen eta diputazioaren arteko lankidetza eta koordinazioa.

Aipamen espresa merezi du euskarazko eskaintza kulturala. Esan gabe doa, arlo honetan, erronka biderkatu egiten dela. Hala ere, euskaldunen portzentaiak eta datuak ez dira, lehendabiziko begi-kolpe batean, pentsa litezkeen bezain pobreak. Izan bada, masa kritiko nahikoa kultur eskaintzaren barruan bere eremua izan dezan. Hau izan behar dugu helburu.

Arlo berriak ere zabaltzen dira teknologiaren eskutik, arlo berriak eta betiko modalitateetan eragindako aldaketak eta, nola ez, hauetara moldatu beharra. Haur eta gazteen multzoek arreta berezia merezi dute, kulturara erakarri behar ditugulako, baina beren gustu berri eta berrizaleei egokiturik, kulturaren muga ohikoak, agian, gainditu eta birkonfiguratuko beharko ditugularik.

Ba al dago adierazi nahi duzun bestelako gogoetarik?

Beste maila batean, kulturaren gestioan gabiltzanok, gure ustez, burutik ezin kenduzko lehentasun bat aipatu behar da: kultura gizartearen onurarako baliatu beharra. Inbertsioa da, huts-hutsa, definizio ekonomizistari hertsiki lotzen zaiona, baina etekin ekonomikoa barik, etekin soziala ematen diguna.

Egia ere bada, eta zinez eta zintzo sinetsi behar dugu, kultura motore ekonomiko handia izan daitekeela eta administrazioek eta gizarteak honelaxe ikusi behar du, areago egungo gizartearen zer-nolakoari begiraturik.