Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Azken eguneratzea: 2010/04/29
Europako zinemaren Euskadiko astean egingo da Metropolis filmaren bertsio osoaren estreinaldia Espainian, eta Bilbao Philarmonia Orkesta zuzenean joko du
Europako Eguna ospatzeko Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak antolatutako ekitaldi horretan Europako 20 film (horietako 5 estreinaldiak) emango dira hiru hiriburuetako hainbat zinema-aretotan

Maiatzaren 8an, 19:00etan, Gasteizko Principal Antzokian egingo da Europako Zinemaren Euskadiko Astearen inaugurazio-ekitaldia, Europako zinemaren film mitikoetako baten bertsio osoaren estreinaldi nazionalarekin: “Metropolis”. Berlinale zinemaldian mundu-estreinaldia egin eta hiru hilabetera besterik ez, Fritz Lang zuzendariaren film hori berezitasun interesgarri batekin emango da: Bilbao Philarmonia Orkestrak filmaren jatorrizko partitura joko du zuzenean. Maiatzaren 10etik 15era Europako zinema hoberenaren 20 film EAEko hiru hiriburuetako hainbat zinema-aretotara eramango dituen programa oso baten abiapuntua izango da adierazitako ekitaldi hori; 20 film horietako 5 estreinaldi nazionalak izango dira. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak MEDIA programaren Euskadiko ordezkaritzarekin lankidetzan antolatutako Europako Zinemaren Aste horren jomuga Europako Eguna ospatzea da, gure kontinenteko ikus-entzunezko ekoizpen onenaren ikuspegi osoa ikusleei erakutsiz.
“Metropolis” (1927) izan zen UNESCOk Munduko Ondare Dokumentaltzat aitortutako lehen filma, eta ordura arte ezezagunak ziren irudiz osatutako ordu-erdiko negatibo bat aurkitu zen Buenos Airesen 2008an. Otsailaren 12an Berlineko Zinemaldian estreinatu zen film horren bertsio berritua, eta orain Euskadira iritsi zaigu, berezitasun batekin, Bilbao Philarmonia Orkestrak Javier Pérez de Azpeitia jaunaren zuzendaritzapean film horren partitura zuzenean joko duela, hain zuzen. Inaugurazio-ekitaldi horren buru Patxi López lehendakaria izango da, eta Europako Eguna Euskadin ospatzeko egingo den Zinemaldiaren ekitaldi garrantzitsuena dugu inaugurazio-ekitaldia.

Programazioa
Donostiako Príncipe zinema-aretoetan, Gasteizko Florida zinema-aretoetan eta Bilboko Multi eta Renoir zinema-aretoetan, "Europa Cinemas" areto-sare europarreko kideak  dira (Europan 1.765 pantaila baino gehiago dituzte) eta MEDIA Programak babestuta daude, emango dira gainerako 50en bat filmak; bederatzi nazionalitatetako hainbat filmen arteko hautaketaren ondoriozkoak dira emango diren 50 horiek, eta honako hauek nabarmen daitezke: batetik, Fellini-ren “Amarcord” eta Ettore Scola-ren “Una Jornada Particular”, edota Gidoi Egokitu Onenaren Oscar Sarirako proposatutako “In the Loop” (Britainia Handia).
Film guztien kalitateari esker, Europako zinema onenaz gozatzeko aukera ezin hobea izango dute ikusleek. MEDIA Programaren bitartez Europar Batasunak azken 20 urteotan ikus-entzunezkoen sektorean gauzatu duen politikari esker, Europako herritarrek askotariko eta kultura anitzeko zinematografiarako sarbidea izan dute zinemaldien eta zinema-aretoen bitartez. Europako filmek ez dute behar bezainbeste bidaiatzen, edo behinik behin, ez Estatu Batuetakoek bezainbeste, eta Europar Batasunaren programa horren xede nagusia mugez haratago film horiek ezagutzera ematea da, eta baita Euskadin duen MEDIA bulegoarekiko lankidetzaren eginkizuna ere. Datu esanguratsu gisa, aste honetako programazioan barne hartutako filmen % 60k baino gehiagok MEDIA programaren laguntzak jaso ditu ekoizteko eta bakoitzaren jatorrizko herrialdean hedatzeko, gutxi gorabehera 2,5 milioi euro, hain zuzen ere.

“Kultura Bonoaren” aktibazio berezia
Maiatzaren 10etik (astelehena) 15era (larunbata) emango dira filmak arratsaldeko hainbat emanalditan; salbuespen bakarra “The secret of Kells” (Irlanda, Frantzia eta Belgika) baterako ekoizpena izango dugu, hura goizeko 09:30eko emanaldian emango baita, zehazki, maiatzaren 10ean (astelehena) Donostian, maiatzaren 11n (asteartea) Bilbon eta maiatzaren 12an (asteazkena) Gasteizen. Sarrerak ohiko prozeduren bitartez erosi ahal izango dira parte hartzen duten zinema-aretoetan (aretoetan nahiz Internet bidez), emanaldi bakoitzeko 4 euroko prezio berezia izango dute, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak “kultura-bonoaren” aktibazio berezia egingo baitu, eta aktibazio horrek zuzenean prezioan izango baitu eragina, sarrera erosteko erabili den bidea alde batera utzita. Herritar guztiek Europako Zinemaren Astean parte har dezaten sustatzea eta ahalbidetzea da ekimen horren jomuga.

Programazioa (pdf, 1804 Kb)