Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2006ko Gure Artea Sariak

Beste edizioak

 


Sarien eta erakusketaren gainean
Ismael Materola Ispizua


Orrialde 1. Guztira 12 Hurrengoa
Dokumentu osoa (pdf,45,20 kB)




 

I

1- Gure Artea: diagnostikoa eta hausnarketa

2002ko azaroaren 20an Gure Artea saria eman zutenean eztabaida piztu zen egunkari bateko asteroko arte gehigarrian. Batek "Gure" izenaren atzean dagoen muga geografikoa zalantzan jartzen zuen, beste batek sarien sistema bera zen zalantzan jartzen zuena. Eztabaida sortu zuen alegia, Euskal Autonomi Elkarteko arte sari nagusiak.

Honek Euskal Herrian dauden sarien gain-begirada egitera bultzatu ninduen, jakiteko zein den egoera eta nolakoak diren antolatzen diren ekimen publiko hauek.
Gure Artea 2000 katalogoko sarreran Alicia Fernandezek, urte horretako sariaren arduradunak, ziurtasun handia eta zalantzarik gabeko testua idatzi zuen: "Gure Artea erakusketa aurrerantz doa. Duela hogei urtetik egiten da, eta orain, berriro, jendaurrera dator, egungo artearen bizitza bertan aurkezteko. (...) Orduko eta oraingo arte berritzailerik onena Gure Artean agertzen da. Horrela erakusten dute deialdi guztietan aurkeztutako lanek eta artista irabazleek". Hurrengo paragrafoan berriz horrela dio: " Era berean [sariaren] garapenean parte hartze dinamikoa nabaria da eta, ekimenak egoera aldakorren eta epealdien arabera aldatu bada ere, izatearen beharra, balio artistikoa eta interes kulturala, soziala eta politikoa edozein zalantzatik kanpo daude."

Ez nago horren ziur azken zati honetan esaten duenarekin, azken urte hauetan gehien kritikatu den saria baita Gure Artea delakoa. Sarien gaineko zalantza oso hedatuta dago artisten artean eta Gure Arteak urtero eztabaida pizten du eta gainera azken urtetan idatzitako lekukoak ditugu.

2000. urteko uztailaren 1ean Gabriel Villotak Gara egunkariko Mugalari gehigarrian honako hau idatzi zuen: " Gure Artea gaur egungo Euskal Herriko sormenaren erakusketa bada, zenbakien ikuskizuna besterik bilatzen ez duen sariak alde batera laga beharko luke eta dirua erakusten diren artelanak behar bezala erakusteko eta parte hartzen duten artistei behar bezala ordaintzeko erabili beharko litzateke. Komunikabideen oihartzun txikiagoa izango lukeen aukera da, baina herrialdean artea sustatzeko erabaki zuzenagoa eta oinarrizkoagoa izango litzateke."

Erakusketa zabaldu ondoren berriz, urriaren 21eko zutabean zalantzan jarri zuen Euskal Herriko arteak berezko sariaren beharra eta lurralde mugarik gabeko sari baten alde egin zuen: "Hasieran Gure Artearen helburua euskal artisten arteko prestigiodun saria banatzearena zen, horretarako elkartasuna? Adierazten duen izenordea aukeratu zuten. Horrela, bertako artisten lana sustatzeaz gain, erraz nabari daiteke, komunitatea eraikitzeko asmoa dagoela; koadrilaren antza duen banatutako espazioa zehaztearen alde: gu 'ta gutarraok (...) Horregatik guztiz garaikidea den lurraldetasun ezaren kontzeptutik abiatuta, Gure Artearen aldaketa proposatzen dugu eta milioiak banatzen hasiz gero ezusteko zoragarria izango litzateke datorren urteko sarietan, Buenos Airesen jaiotako Rirkrit Tiravanija tailandiarra dagoela adibidez, edo New Yorken finkatutako Vanessa Beecroft italiarra, edo Parisen bizi den Thomas Hirschhorn suitzarra (Bilbon jadanik erakutsi duena bestalde). Ez al litzateke zoragarria izango, ez al litzateke zerbait aldatuko gure buruetan, hemendik aurrera haiek ere gure barruan sartuko bagenituzke?”

Hala ere, azken proposamen honekin ados egon arren, zer ekarriko lioke horrelako sari batek autonomi erkidegoko arte sareari? Orain bertako artistek ez badute gehiegi ateratzen, nolako diru laguntzak jasoko lituzke nazioarteko sari indartsua ezarri ondoren? Erresuma Batuan banatzen den Turner Prize sariak izugarrizko arrakasta du, bai medioetan eta bai arte mundukoen artean, ez da nazioarteko saria, baina jasotzen duenari ezinbesteko mesedea egiten diote.