Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2010ko Euskadi Literatura Saria

Ensayo en euskera

Azken egunak Gandiagarekin - Azal-orria

Irabazlea: Joxe Azurmendi Otaegi
Izenburua: Azken egunak Gandiagarekin
Argitaletxea: Elkar

18.000 euroko saria eta 4.000 euroko lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Epaimahaia:
Xabier Aierdi Urraza, epaimahaiburu.
Aritz Irurtzun Sviaguincheva, epaimahaikide.
Andoni Eizaguirre Eizaguirre, epaimahaikide.
Ana Toledo Lezeta, epaimahaikide.
Katixa Agirre Miguélez, epaimahaikide.
Marta Merino Ortiz de Landaluce, epaimahaiko idazkari (hautespiderik gabea).


Epaimahaiak ikusitako merituak

Besteren artean, epaimahaiak honako arrazoi hauek ikusi ditu lan hau saritzeko:

  • Giza-zientza ugaritako jakintza harremanetan jartzen du: antropologia, filosofia, literatura, soziologia…
  • Bizitza, heriotza eta erlijioaren inguruko saiakera.
  • Oparotasuna.
  • Bizitza oso bat biluztu egiten da, oso ikuspegi pertsonala ematen da.

Saritutakoari buruzko hainbat datu

Joxe Azurmendi Otaegi

Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, 1941).

Filosofia eta teologia ikasketak egin ditut Italian eta Alemanian, orain Filosofia Modernoko katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean. Jakin aldizkarian 60. urteetan hasi nintzen idazten eta hainbat artikulu argitaratu dut aldizkari horretan eta beste batzuetan. Dozenatik gora liburu plazaratu dut, jeneralean gogoeta kritikoak gure kulturaren eta politikaren inguruan. Gehienbat baliatu ohi ditudan erreferentziak filosofia alemanekoak izaten dira. Bitoriano Gandiaga poetaren laguntzaile eta lagun izateko zoria suertatu zitzaidan, eta leku berezi bat hartzen du nire obran, filosofia poesiarekin lotzen duena, Azken egunak Gandiagarekin saio liburu orain sarituak.


Saritutako liburuaren ingurukoak

Bere libururik pertsonalena ondu du Joxe Azurmendik. Abiapuntua ez da edonolakoa: Bitoriano Gandiaga, poeta paregabea, Arantzazun fraidekide izana eta lagun bihotzekoa hiltzera doa. Hari bisitan joan eta, ezinbestean, adiskidearen bizitza eta lanak, izaera eta heziera, nahimenak eta sinesmenak hasi da errepasatzen, eta bere buruarenak ere bai.

Gandiagaren obraren azterketa gisa hasitakoak bakarkako meditazio sorta bat dakar berarekin: zer den gaur, XXI. Mendean, sinestea; zertan sinesten edo ez-sinesten dugun, nork bere kasa eta denok ere geure historiaren arabera; zeri deritzogun Jainkoa, hura baiesteko nahiz ukatzeko.

Azurmendik ohi duenez, milaka irakurketaren dokumentazioa, sentiberatasun erne baten argia eta adimen zorrotz baten finezia elkartzen ditu, landutako gaiei hainbat jirabira eman eta ikuspegi berritzaile bat eskaintzeko, ez eztabaida amaitutzat jo nahi duen maisuaren moduan, ezpada, estereotipo zahar eta konbentzionalismo berriak alde batera utzita, bakoitzak bere baitan pentsa dezan zein den bizitzaren aurreko bere jarrera, bere egia, bere aukera.


Zatia

Lasaitasun estrainio bat da gaineratzen zaiguna, biok badakigunean, bukatu dela. Jada zutik, "ikusi arte" edo ezin eta -absurdoa izango zen, badaki nola pentsatzen dudan, baina aitortzen dut, momentuan horixe esateko gogo itsu bat neukan, ez dakit nola-, zerbait esan behar eta, "badakizu", esan nion nolabait, ezin asmatuz -ez zitzaidan ezer otutzen, esan behar niokeela, uste nuen erakoa: inpresioa neukan, hutsalkeria bat ezin nuela esan, azkeneko hitzak esaten nizkiolakoan; erdi lotsaz esan nion- "badakizu, euskaldunok ez dakigula gizonak gizonari maite zaitut edo holakorik esaten". "Bai, bai, estimatzen dizut. Egia da, sasiak hartuta gaude gorputz eta arima. Eskuetan sasia, buruan sasia, makina bat lan badaukagu euskalduna leuntzeko" eta maleziaz bezala barre egin zuen buru-bizkarrak kuzkurtuz, ohi zuen legez. Ulertu nuen, momentu horretan zerbait inportante esan behar nuelako nire korapilotik askatu nahi izan nahi izan ninduela, gaia pixka bat desbidatuz eta umore aldera hartuz. Fina azkeneko minuturaino. Atea zabaldu, elkarri begiratu, eta itxi, kanpoan Aita Larrea zain zegoen.


Euskarazko saiakerari dagokion Euskadi literatura sariaren finalistak

  • "Eskarmentuaren paperak", Anjel Lertxundi. Argitaletxea: Alberdania
  • "Hizkuntza ados jartzeko da", Jon Sudupe. Argitaletxea: Bilboko udala