Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskadi Literatura Sariak [2012]

EUSKARAZKO LITERATURA

Twist - Atala

Irabazlea: Harkaitz Cano Jauregi
Izenburua: Twist
Argitaletxea: Susa

18.000 euroko saria eta 4.000 euroko lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Epaimahaia:

  • Ur Apalategi, epaimahaiburu
  • David Tijero, epaimahaikide
  • Arantza Urretabizkaia, epaimahaikide
  • Pello Otxoteko, epaimahaikide
  • Mari Eli Ituarte, epaimahaikide
  • Marta Merino, epaimahaiko idazkaria (botorik gabea)

EPAIMAHAIAK IKUSITAKO MERITUAK

Prosazko lan bat izanda, dimentsio poetiko handia txertatzea lortzen du Canok. Fikzioa eta errealitatea uztartzen dira istorio berean, intentsitate handiz. Adiskidantza eta errua dira liburuaren bi ardatz nagusiak eta sakontasun handiz lantzen ditu autoreak.

Lan honen hasierako kapitulua euskal literaturaren antologia batean sartzeko modukoa da.


SARITUTAKOARI BURUZKO HAINBAT DATU

Harkaitz Cano

Harkaitz Cano (Lasarte, 1975).

Donostiako EHUn Zuzenbidea ikasi zuen arren, literaturara emanda bizi izan da beti. Nobela, poesia eta saioa landu ditu, baina narrazio laburra du jenero kuttun (horren lekuko Neguko zirkua bilduma). Komiki, irrati eta ikusentzunetako gidoigile gisara aritu da eta Hanif Kureishi eta Allen Ginsberg itzuli ditu euskarara. Askotariko artista eta musikariekin aritu da elkarlanean.

2005ean Euskadi Saria irabazi zuen Belarraren ahoa eleberri laburrarekin. Bere azken lanak Twist nobela (Narratibako Kritika Saria, Beterriko Liburua) eta Compro oro poema bilduma dira, biak 2011n argitaratuak.

Alemanera, grezierara, errusierara, ingelesera, italierara, galegora eta gaztelerara itzuliak izan dira Canoren liburuak.


TWIST

Soto eta Zeberio bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten.

Diego Lazkano idazleak gogoan betiko txertaturik daramatza bi lagunak, ezin ditu oroimenetik uxatu, bi itzal haietatik elikatzen ari da hogeitaka urtetan. Soto eta Zeberioren ordez bizi ote den zalantzarekin, haien ordez bizitzea balitz bezala bere erantzukizuna, bizitza bakarrean hiru bizitza bizitzea posible balitz bezala.

Norbere larrutik ihes egin eta larru berri bila itsumustuan dabilenaren desafioak, korapiloak, menturak kontatzen ditu Harkaitz Canok laugarren nobelan. Errua, maitasuna, traizioa, sexua, indarkeria, lotsa, justizia, erredentzioa, usurpazioa, antzezpena… asko dira kontakizun laster eta zabal honetako hariak, baina denen gainetik nagusitzen da adiskidetasunari egindako kantua.


ZATIA

Porteriaren parean dago, iritsi da, bakarrik egin du jokaldia, ate osoa du beretzat Sotok eta gozatzea erabaki du. Ez dio olatuen zurrumurruak Boca Juniorsen La Bombonera zelaiko publiko kartsuari inbidiarik, eta Sotok erretransmisioaren erdian bihotzekoa pairatzeko arrisku larria duen irrati-esataria bailitzan narratu du jokaldia, korrika joatea aski ez bailitzan, azentu argentinarrez emozioa eman nahian Bidarteko hondartza durduzatuari —vibrante, esan du—, Bordeleko udatiarrek ere ulertzeko moduko gazteleran, “chévere, pibe, Soto se interna, in-creíble, lo deja atrás, mag-nífico, Soto se deshace de uno, se permite sonreír, qué dominio, bárbaro cómo lo dribla” eta antzekoak botaz, eta bai, badirudi esan ahala indarra hartzen duela, arnasa kendu beharrean, hitz egiteak motibatu egiten duela, hitzak ez direla bere nekea —inoiz ez ziren izan— baizik eta bere erregaia; eta orpoa hondarretan sartuta egin duten porteriako marra okerraren parera heldutakoan oin puntarekin eutsi dio baloiari, atzerantz begiratu du, gola noiz sartu zain dauden bordeles izoztuei so egin die, eta Zeberiori, eta are urrunago, kontrako porteria zainduz dagoen Lazkanori —hiruretan kontserbadoreena da Lazkano, beldurtiena, atezainarena jokatu eta bere areatik urruntzen ez zena, urteekin ere horrela mantenduko ote ziren hiruren rolak Zeberio eta Sotoren paraderoa beste bat izatera? Ez zegoen jakiterik—.

Bai. Mundua gera zitekeen oraindik garai hartan. Haiek gera zezaketen mundua. Posible zen baloi bat porteriako marraren gainean behatz puntekin geratzea. Eta baloia geratzearekin batera, geratuko ziren erlojuetako orratzak eta munduaren ardatza. Ez zen estadio jendetsuetako opioa futbola, baizik eta izpiritua asetzen zuen jolas betea. Posible zen baloia marraren muga haren gainean kokatzea, dibisio marra, banaketa marra, “ez bestaldera pasatu”, “debekatua dago bestaldera igarotzea” zioen marraren gainean, eta gol errazari uko egitea han, lurrera makurtu eta hondar hezeari aita santuak lurrari bezala muxu emateko posturan jarrita kopetaz xuabe-xuabe baloi hura sarerik gabeko porteria barrura bultzatzea, Sotok orduko hartan egin zuen bezala, “mag-nífico, vi-brante, viste que, bárbaro cómo lo dribló”, bere kristal lodiko betaurrekoen markoarekin ukituta bezala emeki-emeki munduak eta baloiak marra zeharkatzen zutela.

Lazkanok beti horrela gogoratu nahi luke Soto. Gol hura sartu zuen unean zuen indarrarekin, kementsu, nekatzeko joera errazegia duen jendearentzat gogaikarria zen energia erakustaldiaren erpinean, hitza eta ekintza, biak bat, egin eta esan, egiten ari zarena kontatu eta egingo duzuna antizipatu, horrelakoa zen-eta bera.

Diego Lazkanok Xabier Sotorekin eta Kepa Zeberiorekin konpartitutako une bat gogoratzen badu, bakar bat apartatu behar balu beste guztien artean, huraxe apartatuko luke, zorion blindatu batez egindako unea delako, ez dagoelako itzalik, ditxa betea baizik, haurtzaroko une alairik gorenena, baina helduaroko arrazoimenetik iragazia egoteagatik biderkatua eta sakonago dastatua, zurea bihurtu den territorio eta denbora batetik behiala zurea izan zen eta bere garaian aski gozatu ez zenuen territorio eta denbora zahar bat dastatzen ari zaren kontzientziak azpimarratua. Oraindik posible da jauzia. Eta jauzia posible bada, dena da posible oraindik.


FINALISTAK

  • "Etxeko hautsa". Anjel Lertxundi. Argitaletxea: Alberdania
  • "Zwei Frauen Bi emakume". José Antonio Agirre. Argitaletxea: Elkar
  • "Hariaz beste". Aritz Gorrotxategi. Argitaletxea: Erein
  • "Biodiskografiak". Iban Zaldua. Argitaletxea: Erein