Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ramiro Pinilla

Ramiro Pinilla Bilbon jaio zen, 1923an. Gaur egun Euskal Herrian gazteleraz idazten duen lumarik sendoenetakoa dela esan daiteke. Ez da makala bere ibilbidea: 1960. urtean Nadal saria irabazi zuen "Las ciegas hormigas" lanari esker eta 1972an finalista izan zen Planeta sarian "Seno" obrarekin. Literatur kapera eta koadrillen etsai, ohiko zirkuitu eta argitaletxeetatik aparte mantendu izan da urte askoan, eta bere lana gutxi batzuek mirespen handia sortu badute ere, irakurle gehienentzat ezkutuko idazlea izan da.

"Antonio B., el Rojo, ciudadano de tercera"(1977) bezalako testigantza lanen egilea izanagatik, Getxon kokatu dituen narrazio eta eleberriak dira beharbada, gehien goraipatu direnak. William Faulknerrek "Yoknapatawpha" sortzean egin zuen eran, berak ere geografia eta espazio mitiko bat sortu eta mikrokosmos partikular bat eratu duela esan izan da askotan. Getxoko ziklo honi dagozkio "Recuerda, oh, recuerda" (1975), "La gran guerra de doña Toda" (1978), "Andanzas de Txiki Baskardo" (1979), "Quince años" (1990) eta "Huesos" (1997) lanak.

Urte askoko lanaren ondoren, bere bizitzako lanik anbiziotsuena burutu du: Verdes valles, colinas rojas hiru liburuki eta bi mila orrialde inguru dituen egitasmo erraldoia da. 2005eko Euskadi Saridun suertatu den "La tierra convulsa" honek ematen dio trilogiari hasiera eta "Los cuerpos desnudos" eta "Las cenizas del hierro" izeneko liburuek osatzen dute. Kritikak laudorioz hartu duen obra honi buruz, euskal gatazkaren sorburu politiko eta moralak arakatu eta miatzen dituela esan da, besteak beste. Ramiro Pinillak, bere aldetik, gazela bat edo lehoi bat oihanean libre den eran libre izateko gizabanakoak duen egarriari buruzko liburua dela aipatu du.