Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2003. urteko literatura sariak

portada libro

Idazlana: Zortzi kontakizun
Idazlea: Koro Navarro

Argitaletxea: Alberdania eta Elkarlanean

Epaimahiaren erabakia

Epaimahia:

Iñaki Mendiguren Bereziartu jauna, epaimahaiburu.
Jon Alonso Fourcade jauna, epaimahaikide.
Mikel Garmendia Ugarte jauna, epaimahaikide.
Manu Lopez Gaseni jauna, epaimahaikide.
Karlos del Olmo Serna jauna, epaimahaikide.
Arturo Garcia Fiel jauna, epaimahaiko idazkari (hautespiderik gabea).

Epaimahiaren erabakia:

Epaimahaiaren iritziz, Isaac Bashevis Singer-en “Zortzi Kontakizun” liburua, Koro Navarro Etxeberriak itzulia, da 2002ko euskarazko literatur itzulpen onena. 1978an Nobel saridun izan zen yiddishezko idazle bikain baina gure artean ezezagun samarra den Singer-en kontakizun ederrak jatorrizkoarekiko leialtasunez, zehatz eta gozo euskaratu ditu Koro Navarrok, urte askotako ofizioak eman dion eskarmentu aberatsaz.

Halaber, epaimahaiak aipamen berezia egin nahi du Bego Montoriok euskaratutako Germano Almeidaren “Napumoceno da Silva Araujo jaunaren testamentua” liburuaz, Cabo Verdeko idazlearen prosa jori eta oparoa, bere zailtasuna gorabehera, trebetasun handiz eman duelako euskarara

Desagertutako mundu baten berri ematea, horixe izan zen Isaac Bashevis Singer idazle poloniar juduaren eginkizuna. "Zerbaitetan iruditu zait gure herri osoak, biziek bezala baita hilek ere, deitzen didatela justizia egin dezadan, ohiz kanpoko bizitzen eta heriotzen justizia… Baldin garairen batean yiddisha edota yiddish folklorea eta usadioak desagertuko balira, hartara bai, hartara Hitlerrek irabaziko zukeen, ez fisikoki bakarrik, baita espirituz ere. Egia da giza historia ezingo dela inoiz oso-osorik esan, baina historia judua ez da inoiz esango, jende gehiegi baitago konta dezakeena". Horixe ageri da sorta hau osatzen duten ipuin ederretan: yiddishez mintzatzen den (zen) herri bateko istorioak: istorio xelebreak dira batzuk, gogorrak besteak, umoretsuak gehienak. Hementxe daude Singerren kontakizun famatuenetako batzuk, Kafkaren adiskidea eta Yentl, besteak beste. Horiei esker bihurtu da Singer XX. mendeko kontalari hoberenetako bat.

Isaac Bashevis Singer (Literatura Nobel saria, 1978) Polonian jaio zen 1904an. Haren aita eta aitona errabinoak ziren, eta bera ere Varsoviako Errabino Seminarioan ikastera bidali zuten. Bide hori utzi ordea, eta 1935ean Estatu Batuetara emigratu zuen. Han kazetari moduan lan egin zuen; hebreeraz idazten hasi zen arren, yiddisha hautatu zuen laster adierazpidetzat. Singerren obra guztiak ingelesera itzuli dira, eta berak gainbegiratu izan ditu beti itzulpen horiek; izan ere, egileak berak aitortzen duenez, bere literaturaren parte garrantzitsua da itzulpena. Oso obra zabala du, kontakizun nahiz eleberriez osatua. Autobiografia zoragarri bat ere utzi digu: Love and Exile. Estatu Batuetan hil zen, 1991. urtean.

Finalistak

Euskadi Literatura Sarietako lau epai-mahaiek, aurtengo aldian bigarrengo aldiz, eta egileen oniritzia jaso ondoren, saria hauetan finalista diren liburuak ezagutzera ematea erabaki dute. Literatura Itzulpengintzari dagozkion sarian, Euskadi Literatura Saria jaso duen liburuaz gain, hauek izan dira finalistak:

  • "Napumoceno da Sival Araujo jaunaren testamendua",   Montorio, Begoña; Txalaparta.
  • "Azken hitzordua",Olarra, Xabier; Igela.
  • "Mikel Strogoff",Zabala, Karlos; Ibaizabal.