Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskadiko XXV. Eskolarteko Kirol Jokoak - Txirrindularitza 06


Araudia Txirrindularitza 2006


Eusko Jaurlaritzaren Kirol Zuzendaritzak, Euskadiko Txirrindularitza Federazioarekin lankidetzan, EUSKADIKO XXV. ESKOLARTEKO KIROL JOKOAK antolatuko ditu. Tolosako Usabal industrialdeko zirkuituan izango da, 2006ko maiatzaren 28an. Hona hemen arautegia:

1. Parte Hartzaileak

"EUSKADIKO XXV. ESKOLARTEKO KIROL JOKOAK" infantilentzat antolatzen dira (1992 edo 1993 urtean jaiotako ikasleentzat). Gehienez mutiletan 20 ikaslek parte hartuko dute Lurralde historiko bakoitzetik (Arabatik, Gipuzkoatik, Bizkaitik) eta Nafarroatik. Nesketan partaidetza irekia izango da.

2. Izen Ematea

"EUSKADIKO XXIV. ESKOLARTEKO KIROL JOKOETAN" parte hartzeko izen ematea, Foru Aldundi bakoitzaren bitartez egin behar da.

3. Joko Arauak

  • Honako baldintza hauek betetzen dituen edozein bizikletarekin parte hartu daiteke: baimenduriko garapen maximoa 6.14 m-koa (46X16koa) eta gidoiñaren zabalera 50 zentimetrokoa gehienez.
  • Txirrindulariak gymcanan eta lineako proban pedal berdinak erabili beharko dute.
  • Debekatuta dago platoa edo piñoia blokeatzea.
  • Parte-hartzaile guztiek ikastetxeek emandako jantziak erabiliko dituzte.
  • Kasko zurrunak erabiltzera derrigortuta daude lasterkariak.
  • Bizkarreko zenbakia ikusi dadin zira gardenak erabili behar dituzte lasterkariek.
  • Berotzeko arropa erabiliz gero, bizkarreko zenbakia begi-bistan eraman.
  • Lineako frogan matxura izan ezkero laguntzarik EZ da onartuko.


Bere burua defendatzera beharturik dago lasterkari bakoitza; kirol-lehiaketa guztiei dagokien joko garbiaren aurka doan lasterkarien arteko edozein laguntza edo akordio debekaturik dago.

Lasterkariak proba utzi behar du Lasterketa irekitzen duen ibilgailuak atzematen duenean edo itzulia kentzen dionean.

Irabazleak helmugako marra zeharkatu ondoren, bai itzulia kentzen dioten parte-hartzaileentzat, bai gainontzeko lasterkarientzat lasterketa amaitutzat joko da HELMUGA igarotzen duten momentuan.
Proban zehar parte-hartzaileek ezin dute hornidurarik jaso.

Arabako Txirrindularitza Federazioak emandako bizkarreko zenbakiak eramango dituzte lasterkariek.

Bizkarreko zenbaki horiek ezin dira ez ebaki, ez txikiagotu, eta lasterkariek bizkarraren ezkerraldean jarrita eramango dituzte, mokorraren parean.

Bizkarreko zenbakiak entregatu egin behar dira proba bukatu ostean.

4. Gymkana Proba

Zailtasunak saihestuz, oztoporik gabeko zirkuitu batean garatuko da proba, eta honako ariketa eta puntuaketa-irizpide hauek hartuko dira kontutan:


1- Listoi Horizontalak (Paraleloak)

Listoien artetik igarotzerakoan, horiek ukitu eta mugitzen badira, gaizki eginda egongo da ariketa. Hiru (3) puntuko penalizazioa.

2- Birlen Artean Slaloma (Birlak)

Birlak igarotzerakoan (lerroan, zig-zagean, biribilean eta beste era batzuetan) parte-hartzaileak birlaren bat ukitzen badu, eta horren ondorioz erori edo lekuz (3 cm gutxi gorabehera) mugitzen bada, edo birla baten ordena ez bada errespetatzen, akats bakoitzeko puntu bateko (1) penalizazioa izango du. Penalizazioen batura hiru (3) puntu baino gehiagokoa bada, gaizki eginda egongo da ariketa eta hiru (3) puntuko penalizazio maximoa jasoko du.


3- Sur-Place Gunea

Behin "sur-place" gunean kokatu ondoren, zortzi (8") segundoz ez bada geldirik egoten bizikleta, mugitu gabe eta gurpilari eskuekin heldu gabe, gaizki eginda egongo da ariketa. Hiru (3) puntuko penalizazioa.

4- Kulunka Eta Lurretik Jaso (Jauzi-Ohola Botilatxoarekin)

Botilatxoa hartzen saiatzerakoan, hori jausiz gero, gaizki eginda egongo da ariketa. Hiru (3) puntuko penalizazioa.
Kulunka zeharkatzerakoan gurpil bat irtenez gero bukaerara heldu aurretik, gaizki eginda egongo da ariketa. Hiru (3) puntuko penalizazioa.
Botilatxoa gunetik kanpo utziz gero edo uzterakoan eroriz gero, gaizki eginda egongo da ariketa. Hiru (3) puntuko penalizazioa.

5- Golera Jaurtiketa (Baloiak)

Puntu batekin (1) penalizatuko da adierazitako distantziatik egin eta golera ez doan jaurtiketa bakoitza.

6- Gurpila Askatu

Gurpila askatu ondoren ez badu gurpila buru gainetik altxatzen edo ez badu gero gurpila ondo muntatzen, gaizki eginda egongo da ariketa. Hiru (3) puntuko penalizazioa.

7- Aurreranzko Jauzia (Amaiera Ohola)

Gurpilen batek ohola ukitzen badu, gaizki eginda egongo da ariketa. Hiru (3) puntuko penalizazioa.

Hanka Lurrera

Hamabost (15) puntuko penalizazioa jasoko du parte-hartzaileak hanka lurrean jartzen duen bakoitzean.

 

Ariketa Bat Egiten Ez Saiatzea

Parte-hartzaileren bat ariketaren bat egiten saiatzeko prest ez badago, hogeita bost (25) puntuko penalizazioarekin zigortuko da jarrera hori.

Denbora

Epaileak parte-hartzaileari irteera ematen dionean hasiko da denbora hartzen, eta azken proba bukatzen edo helmugako marra zeharkatzen duenean amaituko da.
Puntuetan berdinketa egonez gero kontuan hartuko da denbora.


Jaso dituzten penalizazio-puntuen arabera egingo da sailkapena, eta puntu gutxien dituen parte-hartzailea izango da irabazlea. Proba egiteko denbora gutxien behar izan duenaren aldeko erabakia hartuko da berdinketa egonez gero.

5. Lineako Proba

1.100 metroko luzera duen zirkuitu batean egingo da proba, eta parte-hartzaileek guztira 16,5 kilometro egin beharko dituzte, zirkuituari hamabost itzuli emanez.
Parte-hartzaileek helmuga zeharkatzen duten ordena berean egingo da sailkapena.

6. Amaierako Sailkapena

Lineako eta Gymkanako probetan izandako postuak batuz lortuko da amaierako sailkapena; puntu gutxien lortzen duen parte-hartzailea izango da sailkapen hoberena duena. Berdinketa izanez gero Gymkanako proban postu onena lortu duena egongo da sailkapenean aurretik.

7. Kasu Bereziak

Probako epaimahai teknikoak ebatziko ditu aurreikusi gabeko kasu guztiak Txirrindularitzako Araudiari Jarraituz.

8. Azken Oharra

Araudi horren barruan aurreikusirik ez dauden egoeretarako honako hauek izango dira kontutan:

a) Ekainaren 11ko 14/1998 Euskadiko kirol legea.

b) Euskadiko Eskola Jokoak arautzen dituen Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren 1985eko uztailaren 2ko agindua.

c) Eskola Kirolen lehiaketen diziplina-araubideari buruz Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Turismo Sailak 1985eko uztailaren 29an argitaratu zuen agindua.

d) Euskadiko Eskola Jokoak arautzen dituen Kultura Sailaren 1986ko maiatzaren 20ko agindua, partzialki 85/07/02ko agindua aldatzen duena.

e) Eskola Kirolari buruzko ekainaren 5eko 160/1990 dekretua.

f) 160/1990 dekretua aldatzen duen abuztuaren 24ko 337/1990 dekretua.

g) Txirrindularitzako Euskadiko Federazioaren araudiak dioena.

Azken eguneratzea: 2006/06/13