Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Azken eguneratzea: 2011/02/02

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Arabar Errioxako ardoak eta Txakolina Alemanian sustatzeko jarduera abian du

Ardo-kontsumoan munduko laugarren herrialdeko 30 profesionalek 30 upeltegi baino gehiago ezagutzeko aukera izango dute

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak jarduera bat jarri du abian, Arabar Errioxako ardoak eta Txakolina Alemanian sustatzen laguntzeko.Ardo-kontsumoan Alemania munduko laugarren herrialdea dela kontuan hartuta –munduko inportatzaile nagusietakoa bihurtzen du horrek eta, ondorioz, baita gure ardoak sustatzeko irailean Kolonian eta Berlinen egindako eskaintzaren helburu-merkatu ere-, hiru bidaia antolatu ditu Eusko Jaurlaritzak Alemaniako profesionalek otsailean zuzen-zuzenean ezagut ditzaten Euskal Herriko mahastiak eta ardogintza eskualdeak.

Sektore horretako Alemaniako 30 profesionalek edukiko dute aukera Arabar Errioxako hogeita hamar bat upategi eta txakolindegi ezagutzeko. Inportatzaile, banatzaile, sukaldari, kazetari espezializatu eta iritzi-liderrek, beteak beste, osatuko dituzte taldeak; garrantzi handikoak guztiak ere upategi-jabeentzat, mahastien zaintza paregabean, ekoizpen metodo tradizionaletan eta instalazioen etengabeko mantentze-lanetan eta hobekuntzan oinarritutako euren ardoen esentzia erakutsi ahal izateko. Horrekin batera eta Euskal Herriko gastronomia sustatzeko, gastronomia-maila handiko jatetxeak ikusi, eta Euskal Herriko kalitate handieneko produktuak dastatuko dituzte.

Dastatze irekia ere antolatuko da jardueran parte hartuko duten upategi-jabeen eta espezialista alemaniarren artean, ardorik onenak dastatzeko eta euren iritziak eta ezagutzak eztabaidatzeko; horrela, euren ardoek Alemaniako merkatuan zer-nolako harrera duten jakin ahal izango dute Euskal Herriko upategi-jabeek.

Hainbat jardueraren bidez, Arabar Errioxako ardoak eta txakolina Alemaniako merkatuan sustatzeko asmoari eutsiko zaio 2011. urtean, ProWein azokan parte hartuz, herrialde horretan erakusketak eginez, Alemaniako saltoki eta jatetxeetan eskaintzak eginez, edota sektore horretako profesionalentzat Euskal Herrirako bidaiak antolatuz, besteren artean.