|
| Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria inaugurazioan. (J.B.) |
Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria Arrasaten (Gipuzkoa) izan da, MCC taldeak bultzatutako Polo Garaia berrikuntza gunearen lehen eraikina inauguratzen. Taldeko arduradunak, Ana Agirre Industria Sailburua eta Joxe Joan Gonzalez de Txabarri jarduneko Gipuzkoako Ahaldun Nagusia ere izan dira gune berriaren irekieran. 9 milioi euro kostatu da berrikuntzari zuzenduriko gunea egitea.
Euskal gizartearen erronka berrikuntza izan behar dela eta aukera hau ezin daitekeela galdu esan du Ibarretxek bere hitzaldian. "Polo Garaia bezalako ekimenekin -12 urte beharko dira gune hori bukatuta egoteko-, hamar urteko epean berrikuntzaren erreferente bihurtu behar da Euskadi", gaineratu du Lehendakariak.
Irabazi-asmorik gabeko proiektua da Polo Garaia eta administrazio publikoaren eta enpresa pribatuaren elkarlanaren fruitu. 21,3 milioi euroko kapital soziala du, horietako 8 MCC Fundazioak izenpetutakoak, 6 Eusko Jaurlaritzak, 6 Gipuzkoako Foru Aldundiak eta 1,3 Arrasateko Udalak.
Euskadiko Parke Teknologikoen Sarean dago Polo Garaia eta enpresetan berrikuntza eta teknologia berriak sustatzen lagunduko duen gunea sortzea du helburu, enpresa horien lehiakortasuna handitu eta goi-mailako prestakuntza duten langileak sortzeko.
|