Azken eguneratzea: 2011/04/11
Jon Ander Torrea
Eceiza Etxearen gerentea
Agian, teilak eta zigarrotxoak dira Ezeiza Etxearen produktu nagusietako batzuk, baina hamabost urte daramatza produktu berriak eskaintzen saiatzen eta produktu berriak merkaturatzen, jendearen gustuak aintzat hartuta. Ezeiza Etxeko gerente Jon Ander Torreak ondo daki nola izan den jatetxe nahiz teila eta zigarrotxoen saltoki txikien arteko merkataritza-ibilbide txikiaren bilakaera, produktu-kopuru handiak egiteko eta aldi berean bezeroei zaporearen inguruko esperientzia gozoak eskaintzeaz arduratzen den maisu gozogilearen fintasuna uztartzeko gai den enpresa bihurtzerainokoa.
Bitxia da behin eta berriz esatea Ezeiza Etxea ez dela opil, pastel edo gaileta fabrika, gozogintza-lantegia baizik. Alegia, gozogintza-lantegi tradizionalen jardunbidea gainditzen duen gozogintza-lantegia. Zer adierazi nahi da horrekin?
Fabrika itxura dugu, noski, baina sukaldaritzako teknikak eraman ditugu gozogintza-enpresa handi batera. Zorrotz aplikatzen ditugu jatetxeetako prozesuak; horregatik gainditu ditugu jardunbide tradizionalak.
Azken kontsumitzaileak zapore-sentsazio zoragarria izan dezan da zuen lan-filosofia. Nola lortzen da hori?
Jatorrizko osagaiekin, oinarrizko elementuak ez aizuntzen saiatuta eta jendeak zer espero duen jakinda. Oreka aurkitu behar da, jendearentzat atseginagoak diren zaporeak. Geografiak eragin handia du gozogintzan; ez da erraza beste merkatuetara eramaten; horregatik, oso garrantzitsua da jendeak zer espero duen jakitea. Estatuan ere gertatzen da hori. Brioche-torrada batek harrera hobea du erdialdean eta Euskadin Mediterraneoan baino; bestalde, sagar-tartak onespen handiagoa du Katalunian.
Zeintzuk dira zuen promozio-bideak?
Gure promozio-bideak mugatuak dira. Zaila da hedabide sendoetara iristea; beraz, trebeak izan behar. Saltokietan ibiltzen gara, dastatzeak egiten ditugu, jatetxeetara jotzen dugu… Eusko Jaurlaritzaren erakusmahaian ere egoten gara azoketan.
Zer merkatutan aurkituko ditugu Ezeiza Etxeko produktuak?
Bi merkatu ditugu: ostalaritza eta azken kontsumitzailea. Ostalaritzarako, teilak eta zigarrotxoak ditugu, bai eta kalitate goreneko azkenburuko izoztu askotarikoak ere. Azken kontsumitzaileari begira, aldiz, saltoki eta supermerkatuetan eskaintzen ditugu gure produktuak, hainbat formatutan. Geografikoki, merkatu nazionalean ari gara kokatzen. Nazioarteko merkatuak lan sakona eskatzen du, eta lan nekeza da, gure baliabideak aintzat hartuta.
Ezeiza Etxeak etengabe egiten du apustu berrikuntzaren eta tradizioa eguneratzearen alde. Nola egiten da hori eguneroko lanean?
Ezin dugu tradizioa baztertu, produktu arrakastatsu ugari atera dituen Tolosako ehun urtetik gorako gozo-denda batetik baikatoz; hala eta guztiz ere, orain hamabost urte Ezeiza Etxea sortu genuenean, gozogintza merkatua berritzea zen gure helburua. Gainbehera zihoan sektorea, kontsumo ohiturak galtzen ari ziren… Sektoreak ez zuen proposamenik egiten, ez zen berritzen. Beste proposamen batzuk egiten saiatu ginen, garai berrietara egokitzen, eta horri esker jarraitzen dugu bizirik.
Zer produktu berri ari zarete lantzen?
Brioche-torrada karamelizatua, sagar-tatina, txokolate eta laranjazko tututxoak eta gazta-tarta (cheescake) atera ditugu ostalaritzarako. Etxerako, bizkolatea aterako dugu; txokolatezko produktu apal bat da; merkeagoa, kalitatezkoa izanagatik are, eta haurren nahiz helduen gustukoa. Lehen errazago onartzen zituen merkatuak produktuak; orain, gehiago begiratzen zaio erosketari. Izoztuen atalean, trufazko nahiz gazta eta ahabiazko tarta txikiagoak egiten hasi gara, okasio berezietarako bakarrik izan beharrean edozein unetan dastatzeko izan daitezen.

Txokolatezko tututxoa Torrada