Azken eguneratzea: 2012/06/13
"Arabar Errioxako olioak denbora gutxi daramanez merkatuan, Eusko Label zigiluaren aitortza eta babesa bultzada handia izango dira hori hedatzeko eta komertzializatzeko"
Loli Casadori elkarrizketa, Loli Casado upategietako gerente (Lapuebla de Labarca Araba)
Polus 2010 ardoak saririk gorena eskuratu du aurten, 2012an, Miamiko Best Spanish Wines for USA Awards lehiaketan. Enpresaren zein unetan iritsi da aitortza hori?
Oso une egokian, azken urteotan ahalegin handia egiten ari baikara AEBetako gure presentzia handitzeko. Domina horrek eta aurten beste lehiaketa batzuetan irabazitakoek -Decanter, Challenger Bordele, Brusela…- gure ardoak egiteko ahalegina aitortzen dute.
Zure ustez, zein izan da epaimahaia ardo horren alde, upategiaren apustu berri eta berritzaile horren alde, jartzeko faktorea?
Polus Tempranillo ardorako esklusiboki garatutako elaborazio pertsonal eta mimatua, eta konplexutasun eta orekagatik harritu egiten duen ardo bat izatea.
Pentsatzen dut lehia egongo dela zuen ardoen artean, lekua jan baitiote Jaun de Alzateri, iaz upategiaren sari gehienak irabazitakoari...
Bi lagun minen artean bezala, ez dago lehiarik ardoen artean, bere berezitasuna baitu bakoitzak. Azkenean, biek laguntzen dute upategiaren ahalegina aitortzen.
“Egunez egun berritzen den tradizioa”, dio zuen leloak. Nola lortzen da familia tradizioari eustea eta bide berriei ekitea?
Uztartuta doaz biak, oinordetzan jasotako esperientzia baita abiapuntua berritu eta merkatuaren joera eta gustu berrietara egokitu ahal izateko.
Ardogintza sektorea orain arte mundu klasikoa eta gizonezkoena izan bada ere, konbentzituta zaude gaur egungo aldaketaz (2000. urtean hartu zenuen upategiaren gidaritza), eta sektore berritzaile eta partekatua bihurtzen ari zara. Nola daramazu ardogintzan emakume izatea?
Arabar Errioxan, upategi familiar asko daude, eta emakumeak estu-estu lan egin du beti, agerikoa ez bazen ere. Nik oso ongi daramat; izan ere, gurasoak beti ikusi ditut negozioa elkarrekin aurrera ateratzen, eta gazte-gaztetatik egon naiz haiekin sartuta ardogintzan. Horrek berdin jarraitzen du, eta, nire kasuan, nire senarraren laguntza dut, mahastiaz eta upategiaz arduratzen baita; ni agerikoaz arduratzen naiz, komertzializazioaz, kudeaketaz...
Jaun de Alzate, Covara eta Polus. Horiek dira nazioarteko merkatuan lehiatzeko zure geziak. Zure ustez, zein izango da lehiaren emaitza?
Onena da ez dagoela lehiarik horien artean. Hiru markak guztiz desberdinak dira, eta hainbat gustutako jendearentzat; beraz, bere nitxoa du bakoitzak merkatuan, eta elkarren osagarri dira.
Zer-nolako garrantzia dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak bultzatutako sustapen-ekintzek?
Oso garrantzi handia. Horrelako ekintzak antolatzeak erraztu egiten du gure presentzia kanpoko azoka eta merkatuetan, etorkizuneko bezeroak eskuratzeko merkataritza-lana egin baitezakegu, bestela oso zaila litzatekeena.
Zuen kasuan, zer onura ekarri dizkizue?
Guretzat, gure produktuak kanpoko merkatuetan zuzenean aurkezteko eta sustatzeko modua da; banatzaileekin, medio espezializatuekin eta abarrekin lotura zuzena ezartzeko modua, bezeroekiko lotura ere sendotuta.
Zer herrialdetan aurki ditzakegu Loli Casado upategiko ardoak?
Alemania, Belgika, Suitza, Polonia, Erresuma Batua eta AEBak dira gure helmuga nagusiak.
Nola lortzen da estaldura hori?
Hainbat urtetako lanaren ondoren, azoketara eta alderantzizko misioetara joanda, esportazioan epe ertainera ikusten baitira emaitzak.
Norbaitek galde dezake ea zer zerikusi duen ardoak olioarekin. Zuen upategiak bi produktuak merkaturatzen ditu. Zergatik urrats hori?
Ardoa eta olioa beti egon dira Arabar Errioxako ekonomian. Gure mahastietan ehunka urteko olibondoak ditugu, eta beti egin dugu olioa. Orain urte batzuk olioa merkaturatzea erabaki genuen, kalitate handia zuelako, upategiaren produktu osagarri moduan.
Noiztik duzue olio-errota?
Gure ekoizpen-bolumena dela-eta, bideraezina da gure errota propioa edukitzea; beraz, ADORAko (Arabar Errioxako Olibondoaren Elkartea) kide gara, eta horrek kudeatzen du gure oliben ekoizpena.
Arabar Errioxa ere erreferentzia-gune bihurtuko al da, bertako ardoak bezala, Arroniz barietate autoktonoko olioa dela-eta?
Bai, horren kalitate handia eta pertsonalitate nabarmena ezagun baitira jada; horregatik bihurtu da Arabar Errioxa erreferentzia-gune, kalitatezko olioetan.
Martxoan, aparteko oliba olio birjinaren Eusko Label marka aurkeztu zen. Nola ikusten duzu produktua? Nola ari da funtzionatzen?
Denbora gutxi daramanez merkatuan, bultzada handia izango da Eusko Label zigiluaren aitortza eta babesa hedapen eta komertzializazioari begira.
Bestalde, ezagutzea da baloratzeko moduetako bat; horregatik eskaintzen dituzue upategira etortzeko bisitak, ardo, mahats eta olio-dastatzeak...
Azken bezeroari mahastiaren eta upategiaren inguruko prozesuaren fase guztiak erakusteko modua dira bisitak, ardo botila baten atzean dagoen lan guztia balora dezan.
Aurrena aitona, gero aita eta orain zu. Bada laugarren belaunaldirik familia honetan? Zeintzuk dira zuen erronkak?
Baietz espero! Gure seme-alabek tradizioari heltzea, alegia. Kalitateari eustea, berritzen jarraitzea, komertzializazioa egonkortzea eta orain arteko bezero eta lagun kopurua handitzea.