Azken eguneratzea: 2013/12/16
EAEko beste hiru erakundek lortu dute EMAS Europako ingurumen-ziurtagiria
CLH AVIACIÓN, S.A. enpresaren aireportuko instalazioak, PESA BIZKAIA, S.A. eta TEKNIMAP ENERGIA Y MEDIO AMBIENTE, S.L. erakundeek EMAS Europako erregistro-ziurtagiria lortu dute. Erregistro horrek erakunde bikainak direla ziurtatzen du ingurumenaren ikuspuntutik. Erakunde berri hauekin, Euskal Autonomia Erkidegoan jada 59 enpresak daukate EMAS ziurtagiria.
EMAS erregistroa (Eco-Management and Audit Scheme) Europar Batasunak bultzatutako errekonozimendua da, eta enpresen ingurumen-bikaintasuna saritzen du. EMAS ziurtagiriaren bitartez, erakundeen ahalegina aitortzen da, ingurumen kudeaketa sistema bikaina era zeharo boluntarioan ezartzeagatik.
CLH AVIACIÓN, S.A. enpresa CLH Taldeko filiala, eta petrolio-produktua garraiatzeko eta biltegiratzeko enpresa liderra da. Bilboko Aireportuan, Loiuko udalerrian, biltegiratze-instalazio moderno eta seguruak dauzka. CLH Taldeak garatutako ingurumen-hobekuntzen artean ondoko hauek dira azpimarratzekoak: batetik, CLH Recicla Proiektuaren ezarpenaren bitartez, hondakinen murriztapena; eta, bestetik, hormigoizkoak eta estankoak diren kubetoen eraikuntza, biltegiratze-tanke araudietan eskatzen den neurri gehigarri bezala.
PESA BIZKAIA, S.A. Bizkaibus taldeko pertsonen garraio enpresa da, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Sailaren menpe dago. Erakunde horrek Lemoan dituen instalazioak EMAS sisteman erregistratu ditu eta hainbat ingurumen-erronka gainditu ditu. Besteak beste, bere ontzidiko ibilgailuen hondakinak diren urteko olio eta bateriaren sormena gutxitzea lortu dute.
TEKNIMAP ENERGIA Y MEDIO AMBIENTE, S.L. enpresak Eibarreko industriarako bokazio argia du eta ingurumenaren arloko aholkularitza, zaintza eta ikuskaritzan dihardu. Puntako enpresa da ingurumenarekiko jarduera begirunetsuetan, eta kudeaketa arduratsuaren aldekoa da. Halaber, 2012. urtean zehar, Eibarreko bulegoetako paperaren eta energia elektrikoaren kontsumoa gutxitu zuten, baita erabiltzen dituzten ibilgailuen erregai kantitatea ere.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak EMAS sistemaren aldeko apostu irmoa egiten du EAEko enpresek ingurumen kudeaketa sistema hori ezarri dezaten. Izan ere, EMAS ekoizpen prozedurak hobetzeko tresna erabilgarria da, eta ingurumen-inpaktua gutxitzen eta baliabideen eraginkortasuna hobetzen laguntzen du. EMAS ziurtagiria duten erakundeek Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak oso positiboki baloratzen duen berme-, eraginkortasun- eta gardentasun-plusa lortzen dute.
Informazio gehiago: