Angulaz birpopulatu dute Urola ibaiaren arroa
Uraren Euskal Agentziak (URA) sustatu eta finantzatu du ekintza hau, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, espezieak gure arroetan duen egoera hobetzeko eta gure ibaien egoera ekologikoa hobetzeko instituzio hauek duten estrategiaren barruan kokatzen da.
Aingirak Urola ibaiaren (Gipuzkoa) goi-arrora berriro iristea du helburu AZTI-Tecnalia zentro teknologikoko teknikariek inguruko arrantzaleen lankidetzarekin egingo duten birpopulatzeak. Atzo, hilaren 10ean, angulak harrapatuko zituzten ibaiaren behealdean, itsasoratzen den lekutik hurbil. Harrapatutako angulak goi-arroan askatu dira gaur, zona horiek kalitate handikoak baitira angulen garapenerako eta gaur egun espeziearen populaziorik ez baitago.
Ibai-aingiraren (Anguilla anguilla) populazioak beherakada handia izan du azken 25 urteotan. 2007an, Europako Ministro Kontseiluak ibai-aingiraren populazioa berreskuratzeko zenbait neurri hartu zituen, zeinak 1100/2007 (EE) Erregelamenduan jaso baitziren. Erregelamendu horren arabera, estatu kide guztiek 2008ko abendurako beren kudeaketa-planak egiteko betebeharra zuten. Birpopulatzea edo espezimenak lekuz aldatzea, besteak beste, proposatzen du 1100/2007 (EE) araudiak espeziea Europako arroetan hedatzeko.
Emaitza onak
Araudiak eskatutako birpopulazio-lana eraginkorra izan dadin, AZTI-Tecnaliako espezialistek —Bioaniztasuna Fundazioarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Uraren Euskal Agentziarekin (URA) elkarlanean— esperientzia pilotu bat egin zuten iaz Oria ibaian, eta hiru birpopulatze-formula probatu zituzten. Lehenengo saioa 2011ko ekainean egin zen: Orbeldin (Oriaren behe-ibilguan) goranzko migrazioan harrapatutako 2.400 angula zahar eta aingira baino gehiago Ursuaranera eraman ziren. Bigarrenean eta hirugarrenean, berriz, Oriako arrantzaleek harrapatutako 6,4 kg angula askatu ziren. Angulen erdiak zuzenean ibaian sartu ziren berriro, Zegama parean; beste erdiak, berriz, Mutrikuko akuikultura-eskolan gizendu ziren bi hilabetez, eta, gero, Agauntza ibaian askatu, Ataunen.
Hiru modalitateek emaitza onak eman zituzten; izan ere, angulek bizirik iraun dute, eta hazi egin dira. Hala, lekuz aldatuta, aingirak desagertuta zeuden ibai-eremuetara itzuli dira. Hango oztopoek kolonizatzen uzten ez zietelako zeuden desagertuta, baina habitata kalitate onekoa da espeziearentzat, eta bizirik irauteko aukera handiak ditu.
Hala eta guztiz ere, oraingoz, Oria eta Barbadun ibaien arroetan soilik dituzte angulak harrapatzeko lekuak, eta, beraz, formula hori ezin da hedatu euskal harro guztietara. URAk eta AZTI-Tecnaliak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendaritzaren lankidetzarekin, esperientzia hori beste euskal arro batzuetan errepikatzea erabaki du, harrapatutako angulak zuzenean ibaiaren goiko partera eramanez. Formula hori euskal arro guztietan aplika daiteke, eta, gainera, biziraute- eta hazte-tasa handiagoak ditu, gaixotasunak kutsatzeko arrisku txikiagoa dakar, eta gizentzeko aukera baino merkeagoa da.
Angula lekualdatzeko esperientzia pilotuak Urola ibaian hasiko dira aurten, eta, emaitza onak lortuz gero, euskal arro guztietara eta Espainiako iparraldekoetara zabaldu ahal izango da. Gainera, prozesu horretan, angula-arrantzaleek ere parte hartzen dute espeziearen kudeaketa jasangarrian.
Euskal Autonomia Erkidegoan ibai-aingira kudeatzeko plana
Euskal Autonomia Erkidegoan ibai-aingira kudeatzeko plana 2010eko urrian onartu zuen Europako Batzordeak, eta Europako Kontseiluaren 1100/2007 (EE) Erregelamenduaren (2007ko irailekoa) ondorio da. Erregelamendu hark ibai-aingiraren populazioa berreskuratzeko neurriak arautzen zituen, bai eta segimendu- eta ikerketa-programak ere.
Programak segimendu-plan bat eta ikerketa-plan bat dakartza. Aingiraren hilkortasuna murriztea du helburu, eta, horretarako, hainbat neurri proposatzen ditu: arrantza murriztea, espeziea berriro sartzeko neurriak hartzea, habitatak eta ibaiaren konektagarritasuna hobetzea, akuikulturarekin lotutako ekintzak eta harraparitzaren kontra egitea.
Angularen arrantza Eusko Jaurlaritzak 41/2003 Dekretuaren bitartez (107/2005 Dekretuak aldatuta) espezifikoki arautzen hasi zen, zeinek lizentzia pertsonal bat edukitzea eskatzen duen eta errekreazioko arrantza bezala katalogatzen duen. Honek guztiz debekatzen du gure ibaietan harrapatutako angulen salmenta. Errekuperazio-planak angula-arrantzarako mugak ezartzen ditu:
Beste zenbait neurriren artean, muga hauek jarriko zaizkio angula-arrantzari:
- Arrantza-baimenak berritzeko neurriak zorrotz bete beharko dira.
- Kupoa: 2 kg angula arrantzale eta eguneko, modalitate eta arro guztietan.
- Arrantza-denboraldia laburtu egingo da: azaroaren 15etik urtarrilaren 31ra arte (gaur egun, urriaren 15etik martxoaren 15era artekoa da).
- Hiru ibai nagusitako erreserben adierazpena (Oiartzun, Urumea eta Barbadun), eta bigarren mailako bi ibaitakoena (Iñurritza eta Andrakas).
Horrela ere, aingiraren arrantza debekatu zuen.
Interes zientifikoa eta arrantza-tradizio handia
Ibai-aingira (Anguilla anguilla) espezie berezia da ikuspegi biologikotik, interes zientifiko handikoa, eta arrantza-tradizio handia dago haren banaketa-eremuan, Euskadi barne. Ia Europa osoan eta Afrikako iparraldean bizi da espezie hori. Gehienbat ur gezatan hazten da, eta Sargazoen itsasoan ugaltzen da.
Azken hamarkadetan, aingiraren populazioek gainbehera handia jasan dute Europan, hainbat faktore direla medio: habitatak galtzea eta asaldatzea, kutsadura, ibaietan alde batetik bestera joateko oztopoak, gehiegizko arrantza, aldaketa ozeanografikoak, gaixotasunak eta bizkarroiak.