Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Azken eguneratzea: 2008/07/29
Errautsekin egindako eraikuntza-materialak sortu dituzte
Hondakin-material horrekin % 100ean egindako lehen produktuak adreiluak, zoladurak eta konglomeratuak dira. Dagoeneko hasi dira Txinako fabrika batean egiten. Izan ere, Txinan ehunka tona errauts hegalari daude airea poluitzen.

Hego Galeseko Unibertsitateko merkataritza-adarra, NewSouth Innovations delakoa, halaber, hasi da teknologia hau Australia, India, Indonesia, Amerikako Estatu Batuak, Dubai eta Kuwaiten erabiltzeko baimena lortzeko negoziazioetan.

Errauts hegalariz egindako konglomeratu berria oso arina da eta Flashag izenarekin ezagutzen da merkatuan. Hormigoia egiteko zementuarekin nahasten diren harrobietatik ateratako harrizko materialen ordez erabiltzen da. Flashag da mundu osoan erresistentzia handiko hormigoizko egiturak egiteko behar den zementu bolumena neurri handi batean murrizten duen lehen errautsezko konglomeratua.

Gaur egun Txinan ari dira egiten mundu osoko eraikuntza-obren erdia eta berriki Amerikako Estatu Batuen aurretik jarri da planetako nazio poluitzaile handiena bezala.

“Txinan egiten diren eraikuntza-obra kantitatea eta horiekin lotutako poluzioa itzelak dira. Zementuaren erabilera ahalik eta gehien murriztea lortzen badugu, etekin handia aterako diogu egoerari, ez bakarrik Txinan, baita ingurumenean oro har ere" azaldu du Obada Kayali ikerlari nagusiak.

Zoladurarako erabiltzen diren adreiluak eta blokeak, ehuneko ehunean errauts hegalariarekin eginak daudenak, Flash Bricks izenez ezagutzen dira eta buztinez egindakoak baino % 20 arinagoak eta gogorragoak dira. Ondorioz, emisioak murrizten dira, tamaina bereko egitura batek altzairu gutxiago behar duelako; era berean, zimenduek ez dute hain sakonak izan behar, hortaz, hormigoia aurrezten da.

Mundu osoan, ikatza erabiliz energia sortu da mendeetan, mila milioika tona errauts hegalari sortu dira eta ez zaie inolako erabilera praktiko esanguratsurik eman. Gaur egun urtean 800 milioi tona inguru produzitzen dira.

Munduko errauts hegalarien portzentaje txiki bat eraikuntza-industrian erabiltzen da duela urte batzuetatik, zementuarekin batera, edo buztinarekin nahastuta adreiluetan. Hala ere, errauts hegalariz egindako lehenengo konglomeratuek zementu gehiago behar izan zuten erresistentzia bera lortzeko eta, ondorioz, ingurumena babesteko orduan zuten eraginkortasuna galdu zuten neurri handi batean.

“Nire ikerketen bidez, errauts hegalaria erabiliz konglomeratu arin bat asmatzea bilatzen dut. Zementu gutxiago erabiliko du; hori da desberdintasun handiena” dio Kayalik.

ITURRIA: www.construnario.com Kanpoko esteka, 08/07/22