Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Azken eguneratzea: 2009/01/14
Esther Larrañaga sailburua klima-aldaketaren aurkako ekimen aitzindariaren aurkezpenean izan zen Bilbon
Berotegi efektuko gasen isurpenak murrizteko helburuarekin, erakundeak, enpresak eta herritarrak batzen dituen Stop CO2 Euskadi ekimen aitzindaria sortu da
Gaurtik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko edozer erakunde publiko, enpresa edota herritar «Stop CO2 Euskadi Klima aldaketaren kontra martxan» ekimeneko bazkide izan ahalko da. Klima Aldaketaren Euskal Bulegoak bultzatutako ekimen aitzindariak sektore publikoa, pribatua eta herritarrak biltzen ditu atmosferara isuritako CO2 kopurua murrizteko xedearekin.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburu Esther Larrañagak, Klima Aldaketaren Euskal Bulegoaren ordezkari gisa, Eusko Jaurlaritzaren beste bost sailen partaidetza duen ekimena aurkeztu du gaur Bilbon EAEko ehun enpresa eta erakunde baino gehiagoren aurrean.

Euskadi bezalako lurralde batean, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko helburuaren inguruan alor publikoa, pribatua eta herritarrak biltzen dituen lehen ekimena da nazioartean.

Stop CO2 Euskadik gizarte osoan atxikimendu boluntarioak lortu nahi ditu berotegi efektuko gasen isurketak murrizteko.  Horretarako, ondoko web atariasortu du: www.stopco2euskadi.net. Bazkide guztiei klima-aldaketaren gaineko informazioa eta trebakuntza emango die, baita isurketak murrizteko gakoak ere.

Bazkide mota bakoitzarentzat bereziki diseinatutako CO2 isurpenen kalkulagailuak nabarmentzen dira. Horien bidez, administrazio publikoek, enpresek eta herritarrek atmosferara zenbat CO2 isurtzen duten adieraziko dute. www.stopco2euskadi.net ataria, beraz, ekiteko plataforma da. Izan ere, hainbat tresna eta aplikazio ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde bazkide guztiek klima-aldaketaren aurka egiten dituzten jarduerak erakusteko.

Stop CO2 Euskadi ekimenarekin bat egin dute Bilboko, Gasteizeko, Balmasedako, Tolosako,  Amurrioko eta Areatzako udalek bazkidetu dira, udal erakunde berezi bezala. Enpresei dagokienez, A&B Laboratorios, Aiala Vidrio, Befesa Zinc Aser, Caja Laboral- Euskadiko Kutxa, Cespa, Corrugados Azpeitia, Lemona Industrial, Sociedad Financiera y Minera-Cementos Rezola, Euskal Irrati Telebista (EiTB), Euskotren, Grupo Eroski, Iberdrola (Producción de energía en la CAPV), Metro Bilbao, Fagor Electrodomésticos S. Coop, Industria de Turbopropulsores-ITP, Vicinay Cadenas, Ramondín Cápsulas, Ofita Interiores , Ur Agentzia, URA, eta Vidrala bazkide berezien partaidetza nabarmendu daiteke. Horrez gain, gizarte zein ekonomiaren arloko beste zenbait erakundek bat egin dute ekimen honekin, kolaboratzaile gisa.

Erakunde horiek guztiek isurpenak murrizteko konpromisoa azaltzeko, Stop CO2 Euskadiren kide izateko agiria sinatu zuten, eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko anbizio handiko proiektuan parte hartzeko baldintzak onartzen zituztela adierazi zuten.

Stop CO2 Euskadi ekimenaren sorrera Eusko Jaurlaritzaren Klima aldaketaren aurkako euskal planean aurreikusitako jardueren markoan dago, eta Klima Aldaketaren Euskal Bulegoa osatzen duten Jaurlaritzako sailek bultzatu dute, besteak beste: Garraioa eta Herri Lana; Industria, Merkataritza eta Turismoa; Hezkuntza, Unibertsitateak eta Ikerketa; Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura; eta Etxebizitza eta Gizarte Gaiak. Horiek guztiak, gainera, Esther Larrañaga sailburuaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak zuzentzen ditu.

Gardentasuna, irisgarritasuna, informazioa izateko aukera eta emaitzak aurkeztea izango dira Euskadiko gizarte osoari zabaldutako web orriaren ardatzak.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak, Esther Larrañagak, bere hitzaldian ondokoa adierazi zuen: «Stop CO2 Euskadik EAEn berotegi-efektuko gasen isurpenak mugatzeko sortutako jarduera guztiak promozionatzeko eta dinamizatzeko erabiliko da, hala, gure herrialdeko berotegi-efektuko gasen isurpenak oinarri urtekoekin (1990) alderatuta % 14 gutxitzeko hartu dugun konpromisoa beteko dugu».

Larrañagak klima-aldaketaren aurkako borrokan ahaleginak bikoiztearen alde egin zuen, baita oraingo krisi ekonomikoaren egoeran ere, «hori ez egiteak kostu handiagoak ekarriko lituzkeelako. Orain ekonomia berdeagoetara, iraunkorragoetara, jotzeko unea da, ingurumenaren aukerak aprobetxatu behar dira lehiakortasunaren funtsezko faktore gisa. Eta horrek esan nahi du, behingoz, klima-aldaketa erronka handia dela onartu behar dugula, baita aukera bat ere aldaketetara egokitzen dakitenentzako», azaldu zuen sailburuak.