Landagunea informazioaren eta komunikazioaren teknologietan sartzeko bultzada erabakigarria emango du Eusko Jaurlaritzak, teknologia horiek eskaintzen dituzten aukerak baliatzeko, bai informazioa eta zerbitzuak linean eskainiz eta bai biztanle-esparru bakoitza kanporantz sustatuz.
Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak ziurtatu du landaguneetako biztanleek eta hirietakoek internet erabiltzeko eta interneten egoteko aukera “berdintasuna” izatea dela jomuga; izan ere, “arrail digital” bat dago oraindik, eta kaltetu egiten ditu landaguneak eta lehen sektorea.
Sail honek Dinamiza TIC egitasmoa indartzearen alde egin du, landagunean teknologia digitala sartzea errazteko eta bertan arlo digitalaren kultura sortzeko, horko biztanleak lineako informazioaz eta zerbitzuez hornitzen joateko.
Mendinet Landa Garapeneko Elkarteen taldearen eskutik ari da gauzatzen egitasmoa eskualdeetan, Eusko Jaurlaritzaren Itsasmendikoi baltzu publikoaren laguntzaz eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak jendarteratzen laguntzen duten ekimenak babesten dituzten Eusko Jaurlaritzako beste sailen programek sostengatuta.
Ekitaldi honetan, 300.000 euro bideratu dira guztira xede horretara, EIGP Euskadi Informazioaren Gizartean Planaren bidez. Kopuru hori bikoiztu egin daiteke –100.000 € EIGParen kontura eta 200.000 € Landaren Garapeneko Zuzendaritzaren kontura–, zerbitzuen web atariak gaituz eskualdea sarean sartzeko hiru esperientzia aitzindari bultzatzen badira.
Landa esparrua arlo digitalean sartzea errazteko jauzi kualitatibo horrekin: zerbitzuak eta herritarren partaidetza sortu nahi dira sarean; eskualde horietan teknologia berriak ezagutaraztea finkatu; elkarlanaren aurrerapena sustatu eta eragileek duten papera koordinatu, herritarrentzat komunikazioa izateko eta izapideak egiteko bide berriak eta negozio elektronikoaren aukera berriak irekitzeko sarbide errazeko espazio komuna eskaintzeko.