Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Azken eguneratzea: 2008/06/13
Ura, energia berriztagarria eta garapen jasangarria, Euskadik Expo Zaragozan izango duen presentziaren oinarriak
Euskadiren Egunean, Ebron TKEren estropada bat ospatuko da eta Ainhoa Arteta, Maite Arruabarrena, José Luis Sola eta José Antonio Lópezek kontzertu bat eskainiko dute Donostiako Orfeoia eta Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin.

Euskadi helburu bikoitz batekin egongo da EXPO ZARAGOZA 2008n. Batetik, uraren inguruan munduan ospatu den topaketa handienean parte hartzeko. Izan ere, ura, Eusko Jaurlaritzarentzat, lehen mailako gaia da eta bere politika mundu mailan erreferentzia da Nazio Batuek Munduko Baliabide Hidrikoen garapenari buruz eginiko 2. txostenean azterketa-kasu bezala aukeratua izan delarik. Bestetik, EXPOko bisitariei gure erkidegoak urarekin duen harremana jakinarazteko; gure paisaia, ibai eta itsasoaren bidez gauzatutako harremana.

Parte-hartze hau Ogasun Saila, Industria, Merkataritza eta Turismo Saila, Kultura Saila eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak osatutako departamentu arteko batzorde baten bidez kudeatu da eta hain justu, azken hau arduratu da batzorde horren koordinazioaz.

Parte-hartze teknikoa

Expo Zaragozak gai hauen inguruan eztabaidatzeko nazioarteko plataforma bat eskaintzen du. Uraren Tribuna deritzona, ura eta jasangarritasunaren topaketa handiena da. Eta Euskadik bertan egon nahi du munduari uraren alorrean jasangarritasun irizpideen arabera egiten duen kudeaketa jakitera emateko eta baita, munduan alor honetan garatzen ari diren politikak ezagutzeko.

Euskadik nazioarteko foro honetan izango duen parte-hartzea Nazio Batuen Milurtekoaren Garapena izeneko programaren helburuen babeserako eta finantzaziorako alternatiben inguruko mintegi batetan oinarrituta egongo da. Hain justu, URAk, Ur Agentzia berriak kooperazio arloan paper garrantzitsua izango du. Gainera Euskadik “Ura Energiarentzat, Energia Urarentzat” izeneko astean parte hartuko du marea-energiaren inguruan duen esperientzia erakusteko. Gogoan izan behar da Euskadik bekadun-aholkulari bat duela lanean Zaragozan egoitza duen Nazio Batuen Uraren Hamarkadako Bulegoan.

Pabiloia

Euskadik 300 metro karratuko pabiloia du Expo Zaragozan. Pabiloiko ardatz nagusia Ura, Energia Berriztagarria eta Garapen Jasangarria da, guztia Klima-aldaketaren kontrako borrokan kokatuta.

Pabiloiak bisitaria liluratu nahi du ikusizko karga indartsu batekin. Berrikuntza, Teknologia, Natura eta Tradizioa bezalako kontzeptuak aurkeztu nahi ditu led-ak, metakrilatoa, egurra eta aterkiak bezalako material ezberdinen bidez.

Sabaiak uraren errepresentazio bat erakutsiko du euria eta itsasoa irudikatuz metakrilatoaren bidez. Eta led-ek zeru-sabai bat erreproduzituko dute. Hormetan, egurrezko panelen gainean zizelkatuta, Euskadiko ibilgu eta arro nagusiak agertuko dira. Bisitariak sabaietik zintzilik dauden aterkiak mugitzen dituenean aterkietako ohialean, pantaila bat balitz bezala, gizartearen eta gizarteak uraren zikloarekin duen harremanari buruzko irudiak proiektatuko dira eta bisitaria inguratuko dute.

Behatxulo batzuen bidez bisitariak paisaia eta tematika ezberdinak ikusi ahal izango ditu eta sistemak, bisitariari bere argazki bat eskainiko dio aukeratutako paisaia hondoan agertzen delarik.  

Bukatzeko, Euskadiko argazkiek munduko mapa bat osatuko dute, eta mapa horrek bisitarien parte-hartzea erakutsiko du, euren jatorriaren arabera.

Gastronomia

Sukaldaritzarentzat egokitutako eremuan, autonomi erkidegoei zuzendutako eremuaren beheko solairuan, Euskadik erdigunea hartuko du eta bere kudeaketa Kalitatea Fundazioak hartuko du bere gain, batik bat, euskal labeldun produktuak eskainiz. Jatetxearen parean 1.250 pertsonak eserita jan ahal izango duten espazio handi bat aurkitzen da.

Euskadiren Eguna

Euskadiren Eguna, ekainaren 29an, igandean, ospatuko da eta erkidegoak urarekin duen harremana islatuko duen festa batean bilakatu nahi du. Estreinako aldiz, estropada bat itsasotik barnealdera eramango da. Eta ez da erakustaldi bat bakarrik izango, izan ere, bertan ospatuko da San Miguel Ligako denboraldiko lehen estropada, TKEk antolatuta.

Kantauri osoko tripulazioak Ebron lehiatuko dira, Pilarreko Basilikaren parean ikuskizun paregabea eta bakarra eskainiz eta, seguru asko, errepikaezina. Aldez aurretik, emakumezkoen estropada ospatuko da, Bizkaia eta Gipuzkoako arraunlarien artean.

Musika EXPOko Euskadiren Eguneko beste ardatzetako bat izango da. Ainhoa Arteta, Maite Arruabarrena, José Luis Sola eta José Antonio Lópezen mailako interpreteek Donostiako Orfeoia eta Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin batera, kontzertu handi bat eskainiko dute. Bertan, besteak beste, urarekin lotutako obrak errepresentatuko dituzte. Miguel Ángel Gómez Martínezek zuzenduko duen eta Zaragoza Auditorioan ospatuko den ikuskizun honen izena Oda a la Alegría, La música como puente entre dos orillas que separan a los seres humanos izango da, eta aurretik, Jon Mayaren emanaldi bat eskainiko da.

Dantzari berak EXPOko arduradunek euskal agintariei eskainiko dieten harreran agur bat eskainiko du. Emanaldi hau, EXPOko barrutian bertan dagoen Biltzar-jauregian gauzatuko da. Igandean, ekainaren 29an, arratsaldean zehar, Calle deritzon eremuan, Juan Mari Beltranen girotze ikuskizun bat eskainiko da, txaranga eta kalejira batekin.

Expo Zaragoza 2008