Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Azken eguneratzea: 2006/02/22
Elika, Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunarako Euskal Fundazioak 5 urte bete ditu eta instalazio berriak estreinatu ditu Arkauten, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria bertan zela
ELIKAtik, eta beste eragileetatik, hala nola, NAES, aldundiak, adituak, elkarteak eta ekoizpen sektoreak, lehen sektorearentzako Garbitasun Baldintza Egokien Gida sustatzen ari dira.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura

Elika 2001. urtean sortu zen, “behi eroen” krisia bete-betean zegoenean, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren (NAES) ekimenez. Nekazaritzako elikagaien segurtasunaz arduratzen da.

 

Azkeneko krisiak eraginda, Europako Batasunak elikagaien segurtasuna lehentasun politikoetan kokatzea erabaki zuen eta 2000. urtean liburu zuria argitaratzea. Horrekin, elikagaien segurtasun arloan Batasuneko estatuak jarraitu beharreko estrategia zehazten da.

 

Horretan oinarriturik eta 5 urteko ibilbidearen ondoren, gaur egun ELIKA sendotuta dagoen erakundea da, eta EAEko erakunde guztiekin lan egiten du nekazaritzako elikagaien ekoizpena sorreratik bermatzeko.

 

ELIKAk Arriskuen Ebaluazioan oinarritzen du bere jarduera. Hala, 2002ko urtarrilean batzorde zientifiko bat sortu zen, askatasunaren, bikaintasunaren eta gardentasunaren printzipioei jarraituz, elikagaien segurtasunerako Liburu Zuriak dioen bezala. Aditu talde honek, herritarrak hainbat arriskuren aurrean babesik gabe daudela ikusirik, babes handiagoa lortzeko neurriak aztertzen ditu. Irizpen zientifikoak adosten dituzte Arrisku Kudeatzaileei jakinarazteko. Era horretan, oinarri zientifikoetatik abiatuta eta modu koordinatu batez, elikagaietatik herritarrengana transmititzen diren arriskuak gutxiagotzeko neurriak hartzen dira.

 

Garatzen diren jarduera guztien helburua nekazaritzako elikagaien alertak aurreikustea bada ere, litekeena da arazoren batek alerta sortzea. Horrelako kasuetan, garrantzitsua da azkar ibiltzea; egoerak balorazio eta erabaki egokiak eskatzen ditu. Hori dela eta, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak, Foru Aldundiek, Neikerrek eta Elikak, elkarlanean, Alerten Kudeaketa Protokoloa adostu dute. Bertan, jarraitu beharreko ekintzak eta ardurak ezartzen dira.

 

ELIKAn Nekazaritzako Elikagaien Alerta Gunea sortu da. Bertan kasu bakoitzeko informazioa bildu eta aztertzen da. Ondoren dagokien agintariei bidaltzen zaie, produktua erretiratu, geldirik eduki edota suntsitu dezaten, ahalik eta modurik azkar eta eraginkorrenean. Era berean, alerta horiek kudeatzen diren bitartean laguntzeko gunea ere bada.

 

Halaber, segurtasuna sustatzen du lehen sektorean, animalien elikaduran eta elikagaien industrian. Lehen sektorean segurtasuna Garbitasun Baldintza Egokiekin lotzen da.

 

ELIKAtik, eta beste eragileetatik, hala nola, NAES, aldundiak, adituak, elkarteak eta ekoizpen sektoreak, lehen sektorearentzako Garbitasun Baldintza Egokien Gida sustatzen ari dira, manipulazioen garbitasuna, erregistroa eta ekoizleen kontrola hobetu ahal izateko.

 

Elikagaien industrian autokontrol sistemak ezartzea derrigorrezkoa denez, ELIKA, NAESen eta pentsu egileekin batera, Euskadin ekoitzitako pentsuak seguruagoak izan daitezen lanean ari da. Autokontrol sistemak ezartzeko laguntza-gida bat argitaratu du dagoeneko eta, gainera, animalien elikagaietarako Euskadin erabiltzen diren lehengaiak hobetzeko eta zaintzeko programa bat garatzen ari da.

 

Azkenik, ELIKA Berrikuntza eta Teknologiaren Garapeneko Zuzendaritzarekin batera ERAnet, SAFEFOODera egitasmoan parte hartzen ari da. Haren helburua ikerketa estrategietan bat egitea da eta Elikagaien Segurtasunean Europako agintari eta agentzia nagusiekin nazioarteko jarduerak ezartzea.