Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

HEGAN Aeronautikako eta Espazioko Kluster Elkarteak EACP nazioz gaindiko lankidetzarako plataforma eratu du Europako aeroespazioko beste 23 klusterrekin
 

Europako hamaika herrialdetako aeroespazioko 24 kluster eta elkartek Europako Aeroespazioko Klusterren Elkartea (European Aerospace Cluster Patnership - EACP) eratu dute EAEko HEGAN klusterrarekin batera, lankidetzan jarduteko, jakintza transferitzeko eta jarduera berritzaileak sustatzeko plataforma komun iraunkorra sortzeko asmoz, horri esker sektore honetako enpresek merkatu orokorrean duten lehiatzeko kokapena sendotzearren.


Ekimena Hanburgon aurkeztu berri da ofizialki, mundu-mailan arrakastaz lehiatzeko asmoz elkartu diren aeroespazioko kluster erregionalen nazioz gaindiko sarea eratzeko helburuarekin. Europako aeroespazioko industriaren % 64 enpresa txiki eta ertainak dira, eta lehia handia dute mundu-mailan. Hori dela eta, Europako klusterrentzat oso garrantzitsua da beren berritzeko eta nazioarteko beste bazkide batzuekin lankidetzan jarduteko potentzial handia areagotzea.

 "European Aerospace Cluster Patnership (EACP) eratzearekin batera, Europa osoko aeroespazioko klusterren sarea osatu da, erronka komunak gainditzeko elkarrekin jardun eta kluster bakoitzaren lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin", José Juez, HEGANeko gerenteak adierazi duenez.


Klusterren bidez bideratutako nazioz gaindiko lankidetza sustatzeko prozesu hau babesten du EBk. Prozesua CLUNETen barruan kokatzen da. Ikerketa eta Garapenerako VI. Esparru Programako INNO-Net proiektua da CLUNET, eta esperientziak partekatzea eta klusterrak berritzen laguntzen duten proiektu pilotuak martxan jartzea du helburutzat. EACP proiektua beste sektore batzuentzako erreferentziazko proiektu gisa erabiliko den proiektu pilotua izango da.


EACP ekimena Europako "Wings for Regions" proiektuaren tankerako ekarpenen emaitza da. Joan den urteko ekainean Bilbon elkartu zen "Wings for Regions" proiektua, HEGAN klusterrarekin, Hanburgoko Ekonomia eta Lan Arazoetarako Saileko klusterrarekin, Ingalaterra Mendebaldeko Aeroespazioko Klusterrarekin eta Poloniako Aviation Valleyrekin batera.


Europako aeronautikako eta espazioko industria asko aldatzen ari da oraintxe, merkatuan sartu berri diren eragile berrien (India, Txina, Brasil eta Errusia) lehia eta presio iraunkorraren ondorioz, besteak beste. Aeroespazioko sektorearen epe luzerako iragarpenak onak badira ere, epe luzerako arrakasta ziurtatzeko bikaintasuna, garapena eta produktu eta zerbitzu berritzaileak martxan jartzea funtsezko oinarriak dira izango enpresentzat, ingurumena babesteari eta jasangarritasuna lortzeari dagokienez, bereziki.


EBren barruan esperientzia sendoa eta konfiantza ematen duten klusterren arteko alde biko hitzarmenak eta lankidetza-taldeak badaude dagoeneko, Wings-for-Regions Colloquium delakoa, adibidez. Europako kluster berriarekin areago sakonduko da lankidetzan, industria honetako eragile guztiek lan egiteko eta ikerketa zientifikoak egiteko gune komuna izango baitute aurrerantzean. Epe luzera begira, Europako Batzordearen bazkide gakoa izango da EACP, aeronautikako eta espazioko industriaren ekimen zehatzetan eta kluster-politiketan.


EACPk hiru lan-talde dauzka, eta hiruek ere gai zehatzetan lankidetzan jarduteko plataforma gisa jardungo dute. Hauek dira hiru talde horiek: gaitasunen eta kalifikazioaren taldea, enpresa txiki eta ertainak merkatuan sartzeko eta nazioartera zabaltzeko taldea, eta funtsak eskuratzeko taldea.


EACP klusterraren helburu garrantzitsuenen artean hauek daude: lehen mailako I+G jardueretarako finantzazioa elkarrekin eskuratzea, prestakuntza optimizatzea programa bateratuen bidez, klusterrak bultzatzen dituzten enpresen

ikusgarritasuna areagotzea Europan eta mundu osoko merkatuan, merkatuko joerei buruzko informazioa trukatzea, arazo komunetarako jakintza eta soluzioak garatzea eta lehen mailako emaitzak lortzeko lankidetza-aukerak aztertzea.


Hauek dira EACP sortu duten kideak: Hamburg-The Place for Aviation, BBAA, AviaBelt, ASIS, Hecas, Hance, Forum LRBW, Niedersachsen Aviation eta BavAiria (Alemania), Skywin Wallonie (Bellgika), AERA, Madrid Cluster Espacial eta HEGAN (Espainia), Aerospace Vallée eta Pôle Pegase (Frantzia), Campaniaerospace (Italia), HAIF (Hungaria), Aviation Valley (Polonia), WEAF, North West Aerospace Alliance eta FAC (Erresuma Batua), PEMAS (Portugal), Enterprise Ireland (Irlanda) eta Lithuanian Aeronautics National Technology Platform (Lituania).


Europako aeronautikako eta espazioko industria


Europako aeronautikako eta espazioko industriak 103.100 milioi euroko salmentak izan zituen 2007an, sektoreak mundu osoan duen fakturazioaren % 36,4, alegia, AEBen atzetik, aldi horretan bolumen osoaren % 51,1 izan baitzuen, ASDren (Aerospace and Defence Industries Association of Europe) datuen arabera.

Kanadak munduko salmenten % 5,5 izan zuen 2007an, eta Japoniak % 3. ASD elkarteak 21 herrialdetako datuak biltzen ditu (EB-15, Bulgaria, Txekiar Errepublika, Polonia, Norvegia, Suitza eta Turkia).


Enpleguari dagokionez, Europako aeronautikako eta espazioko industriak 473.770 lanpostu zuzen ditu, sektoreak mundu osoan dituen lanpostuen % 35,4, hain zuzen. Estatu Batuak gainetik daude, % 48rekin, eta Kanadak eta Japoniak % 6,2 eta % 2,3 dituzte, hurrenez hurren.


Sektoreak ekoizpenaren % 56 esportatzen du, eta enpresa txiki eta ertainez (250 lanpostu edo gutxiagoko enpresez) osatuta dago gehienbat, kopuru osoaren % 64,5ekin. Sektoreko enpresen % 24,4k 250-1.000 lanpostu artean dauzkate, % 10,5ek 1.000-10.000 artean eta Europako sektoreko enpresen % 0,6k bakarrik dituzte 10.000 lanpostu baino gehiago.


 

Iturria: Hegan, 2009ko ekainaren