Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Euskara lan-munduan


Euskara-planak

Historia

Industria-aro aurreko garaietan euskaldunen ahozko ohiko lan-hizkuntza euskara zen, itxura osoz. Euskara idatziak, berriz, leku xumeagoa hartzen zuen une bakan batzuetan. Hain zuzen ere, tradiziozko munduarekin lotzen ditugun hainbat lanbidetan erabiltzen zen orduan euskara: baso- eta baserri-munduarekin lotutako lanetan, arrantzan, burdingintzan eta zuraren lanketan, adibidez. Hein batean behintzat euskara gaur arte erabili da, gainera, lan-arlo horietan. Egoera hori, dena den, irauli zuen industria-aroaren etorrerak XIX. mendearen erdialdetik aurrera, batez ere industria handietan eta modu nabarmenagoan Bizkaian. Alegia, sortu berriak ziren lan-esparru horietan euskarak apenas zuen lekurik, sarritan batere ez. Azkenik, egoera horrek ordutik hona iraun duela esan daiteke. Izan ere, 1970. hamarkadatik aurrera euskaraz nagusiki edo osorik funtzionatzen duten hainbat kultura-enpresa garaikide alde batera uzten baditugu, bestelako enpresa gehienek ez dute, oro har, ia harremanik izan euskararekin.

Arlo sozio-ekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko ahaleginak Euskal Herrian ez dira atzo goizekoak, lehenagokoak baizik. Hasiera-hasierako une haietan, halere, ez zen lan-metodologia sendorik izan eta han-hemenka egindakoa langileen bultzadaz eta euskalgintzako gizarte-eragileen ekimenari esker batez ere burutu zen: euskalduntze-alfabetatzeko eskolak, euskararen aldeko mugimenduak …

90eko hamarkadaren lehen urteetatik aurrera, ordea, bultzada kualitatiboa gertatu zen lan-mundu pribatuan bide metodologiko sistematizatua zehaztea lortu zelako. Oinarrizko lan-tresna horren bidez enpresa bakoitzaren ezaugarriei egokitu ahal izango zitzaien euskararen erabilera areagotzeko mikroplangintza diseina, ezarri eta ebalua zitekeen. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusia (HPIN, geroago HPS) Euskararen Aholku Batzordearen gomendioei jarraiki, enpresa-munduko euskararen normalizaziorako irizpide eta metodologia zehatzak jorratzen hasia zen hamarkadaren hasieran eta testuinguru horretan 1991. urtean sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Elhuyar Kultur Elkarteak lehenengo epealdi baterako hitzarmen bat helburu argi bezain zehatz batekin: enpresa pribatuetan euskararen erabilera sustatzeko proiektu pilotuak aurrera ateratzea.

Ekimen horren fruituak laster heldu ziren Elay taldean abian jarri zen industria-arloko lehenengo proiektu pilotuaren eskutik (1992-1997). Emaitzak positibotzat jo dira eta metodologiaren esperientzia beste enpresa askorentzat eredutzat; azken finean, erabilera areagotzeaz gain, bertan ezarritako hizkuntza politikaren prozedurak enpresaren kudeaketaren osagai bihurtu direlako.

Halere, badira azpimarratzekoak diren lehenengo fase hartako beste proiektu pilotu batzuk ere: nekazaritza-arloko hiru kooperatiba, Ikerlan, CAF eta Arlan.

Handik aurrera, aldaketa kuantitatibo eta kualitatibo nabarmena gertatu da.

Gaur egun zenbat enpresa

Euskararen erabilera areagotzeko hasieran emandako lehenengo urratsetatik hona bide luzea egin dugu eta, ondorioz, beste asko dira hasierako proiektu haien argitan planak gauzatzeari ekin dioten enpresak. Gaur egun, bada, 140 bat dira planetan murgilduta dauden enpresak (pdf, 66 Kb). Oro har, eremu soziolinguistiko eta jarduera-tipologia desberdinetako enpresek jarduten dute planetan.

Plana nola egin

Plan bati ekiteko orduan, enpresak honako alderdi hauei erreparatu behar die ezinbestean:

  • Plana aurrera eramateko duen motibazioa argitzea.

  • Enpresan dauden baldintzak: ezagutza, erabilera, euskararekiko jarrera.

  • Helburuak zehaztea: enpresaren irudia, trebakuntza-politika, lan-zirkuituak eta barne-komunikazioak, kanpo-komunikazioak, pertsonal-politika …

  • Giza baliabide egokiak (eragileak) eskuratzea: hizkuntz normalizazioko teknikaria, langileak, zuzendaritzaren inplikazioa, euskara-batzordea, koordinatzailea.

  • Baliabide material egokiak eskuratzea: aplikazio informatikoak, terminologi zerrendak, itzulpenak, agirien bildumak, aurrekontua …

  • Plana diseinatzea: helburu lorgarriak, epeak.

  • Plana ezartzea eta kudeatzea: prozedura edo/eta neurri aproposak.

  • Plana ebaluatzea: adierazle-sistema egokia.

  • Plana enpresaren kudeaketa-prozeduretan txertatzea: euskararen aldeko jarduera etengabea.

Planak taxutzeko sarritan jotzen dute enpresek euskara-plangintzetan espezializatutako kanpoko aholkularitza-enpresa edo hizkuntza zerbitzu-enpresa (pdf, 86 Kb) batera.

Diru-laguntzak

Plan hauen finantzazioa dela eta, lau diru-iturri publiko nagusi aipatu behar ditugu:

  • Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak. Lehenagotik ere diruz lagundu badu, Eusko Jaurlaritzak 1997tik, urtero, egiten du diru-laguntzetarako deialdi publikoa, Kultura sailburuaren Agindu bidez.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzak. Lurralde horretako elkarte juridikoei zuzenduta daude. Aldi berean, salbuespen gisa, eskumena duenak hala erabakitzen duenean, Gipuzkoaz kanpo kokatuta dauden elkarteei ere bai, baldin eta haien jardueraren zati esanguratsu bat lurralde horretako esparruan egiten badute.

Hauez gain, bada kontuan izateko teknologia berrietarako deialdi publikoa ere.

 

Bibliografia

Estekak

Azken eguneratzea: 2006/03/07