Aurten, 1996ko edizio honetan, Gure Artea sariak beste bide berri bati ekin dio. Helburuak eguneratu dira eta bere inguruan beste ekintza batzuk ere antolatu dira, bai kultura sortzaileen artean eztabaida eta hausnarketa sustatzeko, bai gaur eguneko artea gizartean ahalik eta gehien zabaltzeko.
Gure Artea aurrera doa eta aldatu egiten da eta moldatu, gizartean komunikazio-gune eta arteari buruzko eztabaida leku izateko. Aldaketa horien bidez, alde batetik, pizgarriak eskaintzen zaizkie artistei, mugak zabaldu egin baitira, proposamen, prozedura eta material berri eta aberasgarriei ateak zabalduta. Eta, bestetik, eta batez ere, arte gertakaria bera bizitzeko modua indartzen da, sorkuntza eta kreatibitatea ulertu eta sentitzeko bidea emanda.
Gure Artea sarien bitartez, arte proposamenaren apartekotasuna eta sorkuntzari egindako ekarpena saritu eta eskertu nahi dira. Egileari, horren truke, egunero egiten duen lana besterik ez zaio eskatzen.
Gure Artea sarietan espezialitateak eta arlo itxiak kendu dira. Arte esparruetan eta sari-dominetan ez dago mailaketa eta gradaziorik. Era horretara, Sariak gaur eguneko plastikaren errealitate Eklektikoa bereganatzen du eta, aldi berean, artearen beraren izaera errespetatzen du, bestelakoa izan behar baitu arte munduak, kirol lehiaketetako domina zaletasunik gabea. Gainera, orain arteko banaketa horretan, material nahasketa eta uztarketa berriek eragozpen handiak izaten zituzten beren lekua aurkitzeko eta instalakuntza, performance-a eta bideoari lotutako beste esparru batzuk kanpoan geratzen ziren.
Batez ere, eskaintza zabaltzea da asmoa, horretarako, zabalkunderako eta sustapenerako abiapuntua eratuz bi kontzeptu ezberdin horiek elkarren ondoan joan behar baitira. Alde batetik, gizartea artearengana hurbiltzea eta erakartzea nahi da. Eta, bestetik, egilerik inportanteenak eta beren lanak jakinarazi nahi dira euskal inguman baita kanpoan ere.
Ez dago toki asko arte lan ezberdinak alderatu eta kontrastatzeko eta era horretara, gizartean lan konkretuak baloratzen laguntzeko. Lehiaketen erakusketak, beraz, arte lanak elkarrekin aztertu eta begiratzeko abagune ederrak izaten dira eta bakanetakoak. Sariak ez dira, eta hori egia da, sorkuntzaren ikuspegi osoa aztertzeko modurik onena, ezta bakarra ere. Baina badu zeregin bat, batez ere, beste bilgune teorikorik ez dagoenean eta sortzaileetako bakoitzak bere irizpideak azaltzeko eta erakusteko aukerak urriak direnean.
Sortzailearen ikuspegitik begiratuta, lehiaketak lan artistikoa askatasun osoaz egiteko aukera eman behar du eta horretarako oinarriak jarri. Jarduera plastiko berriak sortu eta egile zein sortzaile berriak jaio daitezen, ez da eragozpenik jartzen eta esperientziak zabaldu egiten dira arlo esperimental eta alternatiboetara, horrelako jarduera berriek hain laguntza gutxi jasotzen dute- nez, aparteko pizgarriak behar izaten baitira ager daitezen.
Gizarteari ateak zabaldu nahian, Gure Arteari dagokio baldintza eta egoera egokiak lortzea, ikusleak jarduera berri horien berri izan dezan. Eta, horretarako, garrantzi handikoa da, erakusketa muntaketa egokia egiteaz gainera, zabalkunde orri eta katalogoak banatzea, jendea lanari hurbil dakion bideak eskainita.
Eta horixe da helburua, alegia, jendea trebatzea eta gizartearen arreta bereganatzea eta horretarako jarri da erakusketaren barruan komunikazioa eta informazioa emateko toki berezi bat dossierrak, katalogoak eta diapositibak eskainita. Era horretan, ikusgai dagoenari buruzko informazioa zabalduko da, lan bakoitza azaltzen lagundu eta ekintza artistikoari berari buruzko eztabaida sendoagoa sustatzen ahaleginduko gara.
Erakusketa zabalik dagoen ordu guztietan, gidak eta programa didaktikoak egongo dira erabilgarri. Horien bitartez, erakusketa eskuragarriagoa izatea eta íkusle ezberdinengandik eta kultura maila guztietatik hurbilago egotea lortu nahi da.
Eztabaida eta elkarrizketa bultzatzeko, mahainguru batzuk ere antolatu dira artistekin. Ekintza horiek, batez ere, artearen munduan dabiltzan pertsonei zuzenduta daude, proiektu eta ideia berriak ahoz aho ibili eta erabili daitezen.
Arte plastiko eta bisual horiek euskal inguruan zabaldu eta hedatzeaz gainera, beste ekimen batzuk ere jarriko dira martxan erakusketa ibiltaria eratu dadin estatuko hiri ezberdinetatik zehar.
-2 -
Gaur eguneko sortzailea heterogeneoa da eta bere proposamenak argudio ugaritan sakabanatzen dira. Aukeraketa egiterakoan irizpide horiek hartzen dira kontuan, esperientzia eta jakintzaren laburpena eta sintesia den artegintza batean.
Gizakia bera eztabaidagai da Alberto Peral eta Sergio Pregoren lanetan, esaterako. Nahita eta horretaz ohartuta, Peralen argazki lanak "artista, iturburu" Bruce Nauman-en esaldia errepikatzen du eta sentimena aztertzen du berriz. Ez da hausnarketa hotz eta intelektual hutsa, irudi beroa eta hunkigarria ere bada. Aurrez aurre bere buruaren imajina eginez, auzitan jartzen du artistaren beraren helburua. 'Ni" sortzailearen esku urreztatuak eta arrautza itsurako maskara erabiliz, bi muturrak lotzen ditu eta bata ez da ezer bestea ez badago. Errealitate berri baten atrezzoa sorturik, Pregok espazio klaustrofobikoan eta erabat itxian kokatzen du kamera. Han, harrapatuta balego bezala, abentura gogoa duen gizabanakoa ihesi doan zerbaiten bila dabil etengabe.
Emakumezkoa eta gizartean duen zeregina agerian izango ditugu Estibaliz Sádabak eta Susana Garairen lanetan. Sádabak, esaterako, bideoa darabilkigu baina ez bitarteko hori azpimarratzearren, mezu konkretu bat modu egokian ematearren baizik. Bere helburua ez da emakumearen zeregin soziala besterik gabe onartzea, zirrara eragiten duen ikuspegi kritikoa sortzea baizik. Susana Garairen koadroak emakumearen gorputzera hurbiltzen dira modu alegorikoan, airean dindilizka baleude bezala. Mariene Dumasen esanak gogoratuz, barne-barneko auzi sakonak eta egoera bakarti horretan bizi diren gizarte ezaugarriak nahasten dira.
Unitatea haustea eta arteari buruzko hausnarketak funtsezko osagai dira oso sortzaile ezberdinengan, besteak beste, José Ramon Amondarain, Dais Candaudap, Edu Lopez, Begoña Zubero, Mikel Bergara eta Iñigo Royoren lanetan.
Gerra ondorengo neo eta posbangoardietan norberaren estilo nortasuna baloratzen da batik bat eta osotasunaren koherentzia bilatzen da, era horretara, plastikotasuna izoztuta eta, ez atzera ez aurrera, geldirik geratzen delarik. Orain, ordea, etengabeko aldaketa eta mugimendua dira zenbait autoreren ezaugarri nagusi, Candaudap, Edu Lopez eta Amondarainen kasuean, esaterako. Nitasunaren kultura era askotara azaltzen zaigu eta horien bitartez ikusten dugu lanen aldagarritasuna eta barnea kanporatzeko erraztasun geldiezina, sortzeko gaitasun izugarria erakutsita. Luis Candaudapek espazio monofokala hautsi eta elementuen kateatze bateratzailea planteatzen du. Zatika eta sekuentziaka baliabide ugaritasuna erakusten du eta, behin eta berriro etenaldiak eginez, mikrosentsazioz betetako ibilbide batetik garamatza. la bata bestaren gainean dauden koadro txikiz osatutako pilaketa agertzen zaigu Edu Lopezen metaketan. Etenik gabeko zapping-a eratzen du eta lekuz aldatuz doan nitasuna erakusten digu bukaerarik gabeko ibilbidean barrena. Jose Ramon Amondarainek esparru ezberdinak konbinatzen ditu, pintura eta eskultura, besteak beste, materia piktoriko amankomun baten bitartez. Mugimendu handiak aurkeztuz, kolorea antolatu eta sakabanatzen du higiduraz, ikusmen eta ukimen baloreak eskainiz.
Begoña Zuberok hautsi egiten du betiko ikuspegia: ez du benetako instant bat harrapatzen eta irudi abstraktatzaileen bidez ezin da ondo ikusi kamerak harrapatutakoa zer den. Sekuentziatan, hiru irudi elkartuta osatzen du lana. Teknikak eskainitako erraztasun eta koloreetatik ihes eginda, lan honetan argi distiraz betetako lana azaltzen zaigu, beroaren eta hotzaren artean zalantzan eta beti begiaren inguruan.
Mikel Bergara eta Iñigo Royok aukeratutako euskarriak, osagaien elkartasuna eta ikuspegi bateratua erakusten dizkigu. Bergara artearen kontestuari dagozkion lekuez jabetzen da. Hainbat espazio artistiko birsortuz, agerian utzita baina zeharka, erakusketa sistema bera du aztergai, Haacke-k 1958an eta, oraintsuago, Louise Lawler, Thomas Struth edo Stephen Prina sortzaileek egin zuten bezalaxe. lñigo Royok argazkitarako papera darabil eta kasualitatearen eta patuaren eragina onartzen du irudiak prozedura batean kateatuta, mundu korapilatsu baten osagai bailiran.
Etengabetasuna eta iragankortasuna aztergune garrantzitsu dira Francisco Ruiz de Infante, Itzal eta Jon Mikei Eubaren lanetan. Francisco Ruiz de Infanteren instalakuntza "Bestiario" bildumaren zatietako bat dugu eta, bere azken lanak bezalaxe, hau ere oso konplexua eta sendoa da sentimenetan. Jakintza, oroimena eta inskonszientea dira lanaren pizgarri. Itzalen lanak prozedura baten hatza eta arrastoa uzten ditu agerian, bizipenetan egindako esperimentazioaren ondorio eta emaitza gisa. Objektuaren eta subjektuaren artean inplikazio zuzena dago, bai utzitako arrastoagatik, bai laranja azalez osatua dagoelako, artistaren janari bakarra horixe izan baitzen zazpi egunean. Jon Mikel Eubak dimentsioak zabaldu eta aretoan bertan egindako horma-irudi bat proposatzen du. Prozedurak berak eratzen du proiektua eta eragin zuzena du bertan. Aurpegien irudi handien bitartez barneko zama izugarria kanporatzeko aukera ematen da, erakusketa bukatzeko gogoarekin alderatuta.
Esperientzia zuzena eta jakintza historiografikoa elkartuz Jose Ramon Aisek foileto artistiko-kulturala aurkezten digu argazki eta testuen bidez. Hirian zehar ibilbide artistikoa egiteko proposamena dakarkigu dokumentazio lanak. Zatiaren oroimenari esker bidaia kontestuala, irudimenezkoa eta fisikoa proposatzen digu. Bere helburua, sakabanatuta dagoena batzea eta iragana birsortu eta ezagutzea.
Interaktibotasuna azaltzen zaigu Josu Rekalde eta Asier Perezen lanetan. Rekaldek iluntasunaren laguntzaz baliatzen da bere lana proposatzerakoan. Ikusleak parte hartu behar du derrigorrez. Irudi eta soinu motak aldatuz joango dira, mahai gaineko edalontziaren kokapena aldatu ahala. Bideoa beste mahai trapezoidalean proiektatzen da. Bertan aztertutako gaia, indarkeria. Asier Perezen instalakuntzak txabolatxo metaliko batean sartzen gaitu. Sartzerakoan hasiko dira elementu guztiak martxan: musika, argia eta sukaldea. Sarritan eteten da eta inguruaz jabetzea zaila eta nekosoa da.
Fikzioa eta egunerokotasuna eztabaidarako gai dira Fco. Javier Murugarren eta Itziar Ortizen lanetan. Murugarrenek soinuak eta irudiak kateatzen ditu. Aberastasun handia erakusten digu: efektu bisualak, bizipen freskoak eta sekuentziaren goraipamenak. Okarizek, berriz, oso ohitura arruntak eta egunerokoak islatzen ditu, esaterako, jauzi edo dantzan egitea. Bere gorputza darabil esperientzia euskarri gisa kanpoko errealitatea aztertzeko. Bere ekintzak harrapatzen ditu argazkietan eta bideoan. Eguneroko ohiturak gainditu eta jardueraren artea irísten du. Ikuspegia aldatuta, jarrerak arrunt bezain harrigarri bihurtzen ditu. Urduri jartzen gaitu eta galderak egiten dizkigu irudi itolarriak erabiliz. Bizitzaren eta artearen arteko zubia eraikitzen du, irudi apartak eta iraunkorrak osatuta... Horiexek dira, hain zuzen, sorkuntza egiturak eta sistemak menderatzeko bideak.
Gorputza lan askotan azaltzen zaigu, zuzen zuzenean zein zeharka. Iñigo Caboren instalakuntzan hasi eta Bene Bergado, Txaro Fontalba, Ana Laura Alvarez, Javier Perez eta Dora Salazarren eskulturetako forma anatomietan bukatzeko. Horiez gainera, hortxe ditugu Juan Carlos Meana eta Mahi Revueltaren konszientzia ezkutuak ere.
lkuspegi bikoitza erabilita, lñigo Cabok milaka kristal zati aurkeztu dizkigu. Bideoan zorrotz agertzen zaizkigu eta aretoaren zoruan ere bai, alfonbra distiratsu gisa. Pantailako kristal zorrotzak eta errealitateko irudi argia nahastuta, jakintza zehazten du begiradaren erlatibotasuna agerian jarrita.
Gorputzak, Bene Bergadorengan, metamorfosi itxura hartzen du hezur-mamitzerakoan. Bolumen trinkoa agertuko zaigu, ikusteko eta ikutzeko gonbitea eginez. Irudi bikoitzak erabiltzen dira eta, naturaltasun eta artifizialtasunaren artean mugituta, ez dakigu ondo giza-gorputza ala animali gorputza ote den. Txaro Fontalbak bihotzean jartzen du bere arreta guztia. Bere bi osagaien konnotazioak onartzen ditu, erabilitako materialei zuzen-zuzenean loturik. Objektuetan, libragailu bana darabil fisikotasuna aldarazteko eta esanahi berriak ekartzeko.
Beste lan batzuetan, berriz, materiaren arintasunik eta hauskortasunak bolumen anatomiko metamorfikoak dakarzkigute burura. Ana Laura Aláezen obra gizatasunaren parodia barregarri gisa aurkezten zaigu. Umorez gainezka, samurtasun goxoa eta babeserako instintua azaleratzen dizkigu. Javier Perezek gorputza aipatzen du zeharka, alkandora transparente baten bitartez. Mahuken muturretan globo bana, alkandora airean zintzilika dutela. Bitartean, Dora Salazarrek bolumen biomorfikoak proposatzen dizkigu, forma-eldarnioaren eta eraiketa-indarraren artean. Materiaren birziklaketa agertzen zaigu behin eta berriro etengabean bere lanean. Burdinaz eta beiraz, lorategia sortu du eta horren irudiak badirudí irudimenez Bosco-renetara garamatzala.
Juan Carlos Meanaren lanean, gorputza antzeman daiteke baina aipamen bat baino ez dugu aurkituko: ohe handi baten itxurako zerbait goitik behera zutik jarrita eta dindilizka dauden igeltsu zatiak eliz eskaintza gisa. Mabi Revueltaren martirologioan ere badago erlijio usaina. Osagai ezberdinak soka luze batzuetan zintzilik daudela, eguneroko jardunak gorarazten dizkigute. San Jenaro, Santa Apolonia eta San Pantaleonen historiekin batera, sufrimendu fisikoak ere agertzen zaizkigu haginak, orratzak eta antzeko elementuak erakutsita.
Objektuen metahizkuntza darabilte lbon Aranberrik eta Juan Carlos Romanek. Itxuraz egitura primarioa da lbon Aranberrik proposatutakoa baina metahizkuntzaren aztarnak ere ikusten ditugu bertan. Ondo zehaztu gabeko objektua da, paradoxaz betea, haurren jolasei lotutako elementuez osatua. Juan Carlos Roman, berriz, objektuaz jabetzen da eta aitzindarien kontestu artistikoari begiratzen dio. Estetikan ere eragina izan nahi du baina, batez ere, gizaki berri bat osatu nahi du. Platerez, ping-pong pilotaz eta arraultzez egituratutako orekak, oso modu egokian laburbiltzen dizkigu Malevitch-en "zuria zuriaren gainean" forma ezin dotoreagoak eta Duchap-en objektuen birkontestuauazioak.
Aske izan nahi izatea eta, ia-ia, musu truk lan egitea, horiexek artearen ezaugarriak. Arteak ezin du etsi, egunerokotasunari eta alfergurari aurre egin behar die, bakardadearen aurka borrokatu eta ospe zein salmenta oihartzunak gainditu. Boterea eta aberastasuna, jarduera intelektual eta artistikotik at dauden baloreak dira. Sorkuntza da, milaka prozedura eta materialetan sakabanatua, artearen norabide bakarra. Kultura sortzaileen lana ez da bere horretan bukatzen. Gizarte osora hedatu behar da. Jakintza zabaldu, islatu, sentsibilizatu behar du, perzepzioa nahasi eta ziurtasunak zalantzan jarri. Zenbaitek esan du kopista dela, milaka aldiz hila, eta, hala ere, mugitzen ari da oraindik.