Berrogei watteko lanpara txikiak argi xumea zabaltzen du sei metro karratuko gela batean. Han, bederatzi apaleko estanteria bat, kristal tintatuan, arraultze koloreko liburu metaz beteta, erreka harrien artean. Berde eta hezur koloreko marraz tapizatutako aulki lerroa ere bai. Erdi-erdian, altzairuzko lau oin zilindrikoren gainean, taula handi bat eta, taularen gainean, plastikozko lintze bat igeltsuzko zutabetxo batean. Hiru plater "duralex", sigiluak sakabanatuta han-hemenka eta ogi-apurrak ertzen ondoan. Honantzago, bi mundu bola berdin-berdinak, hemezortzigarren mendeko kartografia antigualaren estiloan, krema koloreko formikaz laminatutako mesanotxe kubiko banatan. Lurrean, zabalik, ile luzeko moketa grisa garbitu berria. Dingilizka, familia erretratuak eta agenda orriak, tren ordutegi eta urtebetetze egunekin. Siutzako argazki bat ere bai.