Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Ingurumen arloko administrazio prozeduretan zerbitzu elektronikoak erabiltzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoan, ingurumenean eragina duten jardueren erregistroa sortzeko eta arautzeko den dekretu-proiektua

Ekainaren 22ko 11/2007 Legeak, herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izateari buruzkoak, ikuskera berri bat bultzatzen du; izan ere, komunikabide elektronikoak erabiltzeko herritarren eskubidea oinarri hartzen du, araudia eratzeko. Aintzatespen horrek dakarren ondorioa da administrazio publikoek baliabide elektronikoen bitartez komunikatzeko aukera eman behar dietela herritarrei.

Gobernu Kontseiluak 2011ko maiatzaren 31n onartu zuen Berrikuntza Publikoaren eta Administrazio Elektronikoaren Plana, eta plan horren xedeen artean honako helburu hauek ageri dira: zerbitzu publiko digitalak herritarren eta enpresen esku jartzea, administrazio-prozedurak izapidetzeko baliabide elektroniko eta telematikoen erabilera hedatzea, paperaren erabilera baztertzeko prozesuan aurrera egitea, eta administrazio-kudeaketaren efizientzia hobetzea, antolaketa egokitzearen, prozedurak erraztearen eta teknologia eguneratzearen bitartez.

Ildo horretan, azaroaren 23ko 17/2009 Legeak, zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzkoak, zerbitzuak eskura izatea bermatzeko behar diren xedapen eta printzipioak ezartzea du helburu; horrenbestez, prozedurak sinplifikatu eta zerbitzuen kalitate ona sustatzen du. Lege horrek xedatzen du administrazio publikoek berraztertu egin behar dituztela zerbitzuak emateko aplikatu beharreko prozedurak eta izapideak, haien sinplifikazioa bultzatzea helburu hartuta. Gainera, lege horrek dio zerbitzuak eskura izateko eta erabiltzeko prozedura eta izapide guztiak elektronikoki eta urrutitik egiteko aukera izango dela.

Urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuak, administrazio elektronikoaren  esparruan elkarreraginkortasuneko eskema nazionala arautzen duenak, zioen azalpenean dio elkarreraginkortasuna dela informazio-sistemek eta sistema horiek bideratutako prozedurek daukaten gaitasuna, datuak partekatzeko eta informazioa eta ezagutza elkarrekin trukatzeko. Ezinbestekoa da administrazio publikoek lankidetzan, garapenean, integrazioan eta baterako zerbitzuak ematen jarduteko; politika publikoak egiteko; hainbat printzipio eta eskubide gauzatzeko; teknologia transferitzeko eta aplikazioak berrerabiltzeko, efizientzia handiagoa lortzea helburu hartuta; zerbitzu berriak bideratuko dituzten aplikazioen arteko lankidetzarako. Hori guztia administrazio elektronikoaren eta informazioaren gizartearen garapena bideratuta.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, bere eskumenak baliatuta eta arau horien guztien ildoan, ingurumenari buruzko informazioa eta metadatuak IKS eeM Ingurumen Informazioko Kudeaketa Integraleko Sisteman pixkanaka sartzen dihardu.

Sistema hori da, hain zuzen, Autonomia Erkidegoko entitateen eta ingurumen-administrazioaren arteko informazio-trukerako prozesuen ardatz nagusia.

Horrenbestez, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila kutsatzaileen igorpen eta transferentzien Europako erregistroan (PRTR) jasotako datuen transakzio elektronikoa sustatzen ari da 2003az geroztik, eta hondakinen kudeaketari buruzko dokumentuena 2005az geroztik.

Bestalde, 2006az geroztik, ETER proiektuaren esparruan E3L esaten zaion ingurumen-alorreko datuen truke elektronikorako lengoaia garatzen ari da, inplikatutako eragileei eskatuko zaien informazioaren tipologiari eta formatuari buruzko akordioa lortzea helburu hartuta. Horrenbestez, administrazio-eragiketak erraztea eta bizkortzea bideratuko da, eta, aldi berean, informazioaren kalitatea hobetuko da.

Helburu hori bat dator administrazioaren azken xedearekin –hau da, bezeroei (herritarrei) zerbitzu onena emateko helburuarekin– eta  ETER proiektuan gauzatzen da, administrazio publikoek beraien eskumeneko ingurumen-alorreko datuak hobeto kudeatzea dakarren produktuan, alegia.

Bestalde, Ecoeuskadi 2020 estrategiak, 2020ra bitarteko Garapen Iraunkorrerako Estrategia den aldetik, jarduera-ardatz nagusi hau planteatzen du: iraunkortasuna bideratzeko moduko garapen-eredu berri baten ildoan aurrera egitea, eta hazkunde ekonomikoa, gizarte-ongizatea eta gure ingurumeneko aktiboak egoki elkarlotzen dituen ekonomia berri horretara hurreratuko gaituen aldaketa-eragile nagusietako bat sustatzea.

Berrikiago, 2011-2014 Ingurumeneko Esparru Programan, Gobernu Kontseiluak 2011ko uztailaren 12an onetsian, helburu estrategiko hau planteatzen da: interesatuta dauden eragile ekonomiko, zientifiko eta teknologikoak, baita gizarte-eragileak ere erantzukide izatea; merkatua ingurumenaren alde erabiltzea; eta informazioa eta prestakuntza hobetzea, zehazki, gardentasuna sustatzearen eta ingurumenari buruzko informazioa eskurago jartzearen bitartez.

Helburu horiek betetzeko, ezinbestekoa da IKS eeM Ingurumen Informazioko Kudeaketa Integraleko Sistemari azken bultzada ematea: alde batetik, berariazko araudia garatu behar da, eta bestetik, araudi hori oinarri hartuta, ingurumenean eragina duten jardueren erregistro bakar bat eratu behar da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Dekretu-proiektuaren testua (pdf, 145 kb)

Alegazioei erantzuteko txostena (pdf, 137 kb)

Dekretu-proiektuaren testu eguneratua, alegazioak aztertuta (pdf, 125 kb)

Azken eguneratzea: 2012/04/24