Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Urdaibai babestea urratsez urrats

1968 Eskualdeko plana

 

 1968. urtean Oka ibaiaren bailara eta estuarioa lehortzeko eta urbanizatzeko proiektua aurkeztu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak. Gernikatik Mundakarako eremuan azpiegitura turistikoak eraikitzea aurrikusten zen plan hartan: kirol portuak eta hondartza artifizialak egitea, besteak beste. Geroago plana atzera bota bazen ere, hasiera hartan etxebizitza eta industria asko eraiki ziren.

Planak aurrera jarraitu izan balu, gaur egungo Urdaibai zeharo desberdina izango litzateke: giza jarduera bortitza izango luke eta balio naturalak galduta edo oso hondatuta izango lituzke.

70. hamarkada Zain dezagun Busturialdea

Proiektu berriari erantzuteko mugimendu sozial eta ekologista garrantzitsuak sortu ziren Busturialdean.

Talde hauen ardura nagusia bertako ingurumenaren degradazioa geldiaraztea zen.

80. hamarkada Beste era bateko Urdaibai posible da

 80ko hamarkadan Eusko Jaurlaritzak Urdaibairi buruzko azterketa ekologiko integrala egiteko agindu zion Aranzadi Zientzia Elkarteari.

Teknikari eta zientzilariz osatutako talde batek ikerketa egin eta, 1984ko ekainean, ikerketa honen behin-betiko emaitzekin Urdaibaiko kudeaketa eta antolamendurako oinarri zientifikoak ezarri zituen.

1984 Biosfera Erreserba

1984. urtean Eusko Jaurlaritzak azterketa ekologiko integralean oinarritutako txostena aurkeztu zion UNESCOri eta Urdaibaiko espazioa “Gizakia eta biosfera” programan sartzeko eskatu zion. Urte bereko abenduaren 7an Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu zuten.

1989 Araubide berezia Urdaibairentzat

1989ko uztailaren 6an Urdaibaiko Biosfera-
Erreserbaren Babes eta Antolamenduari buruzko Legea aho batez onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Lege honekin araubide berezia ezarri zen Euskal Autonomia Erkidegoko lehen gune babesturako eta bertan garatutako jarduera guztietarako. Legearen helburua “bertako lurra, flora, fauna, paisaia, ura, atmosfera, eta oro har, ekosistema guztiak babestea da; izadiaren, zientziaren, hezkuntzaren, kulturaren, aisialdiaren eta gizarte-ekonomiaren ikuspegitik duen garrantzia kontuan izanda”.

 

Azken eguneratzea: 2012/10/24