Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Garapen iraunkorra

Garapen iraunkorra giza bilakaera eta bilakaera ekonomiko iraunkorra bermatzea da ikuspuntu sozio-kultural eta ekologikotik. Zentzu honetan, Urdaibain hiru helburu hauek bete nahi dira:

1. Urdaibain jarduerak garatzen dituzten giza-taldeak eta eragile sozialak Biosfera Erreserbarekin identifikatzea lortzea.

2. Maila guztietan ingurumen hezkuntza eta kontzientziazioa sustatzea.

3. Ikerketaren, hezkuntzaren eta trebakuntzaren bidetik, beti ere eskaintzen dituen baliabideak kontuan izanik, epe luzean Biosfera Erreserbako garapen sozial eta ekonomikoa promozionatzea.

 

Diagrama sektoriala

Gernika-Bermeo: industria eta arrantza, ekonomiaren ardatza

Urdaibaiko eskualdea Bizkaiko erdigunean kokatzen da.

Gernikak pisu handia du Urdaibaiko eskualdea osatzen duten herrien artean. Askatasunaren eta bizkaitar izaeraren, eta euskaldun guztien, ikurra diren Gernikako arbola eta Juntetxea bertan bisita daitezke. Bere industri jarduera eta kokapen estrategikoari esker, Bizkaiko herri garrantzitsuenetarikoa izan da, eta egun horrela izaten jarraitzen du. Gernikako azoka horren adibide da. Astelehenero antolatzen dute eta bertan biltzen dira eskualdeko saltzaile eta erosle gehienak.

Instalazio protoindustrialak aitzindariak izan ziren Urdaibaiko jarduera industrialean:

Erromatarrek burdinolak aprobetxatu zituzten bere herrixkak eraikitzeko. Normalean burdina erauzten zen guneetan altxatzen zituzten.

Inguruko nekazariek jasotako uzta xehatzeko errotak erabiltzen zituzten. Jabetza pribatukoa den Portu Errota, Ozollo Errota bezala ere ezaguna, euskal kostaldean lanean jarraitzen duen mareako errota bakarra da.

Karobiak antzinako labeak dira. Bertan, kareharria kare bihurtzen zuten artearen egurra erregai bezala erabiliz.

Arrantzaren eragina begi bistakoa da eskualdeko gizon eta emakumeen bizitzan. Bermeoko arrantza portua Kantauriko garrantzitsuenetarikoa da, batez ere baxurako arrantzarengatik. Bermeoko eraikinek arrantzarekin daukaten lotura gogorarazten digute etengabe: Arrantzaleen Kofradiako eraikina, lonja, koloreetako etxeak edo Historia eta Arte Monumentu izendapena jaso duen Ercilla Dorrea horren adierazgarri dira. Azken eraikin horretan Arrantzaleen Museoa bisitatu daiteke.

 

Nekazaritza eta paisaia

Urdaibain balio handiko nekazaritza sistemak garatzen dira. Paisaiaren aniztasuna eta aniztasun horren arteko harmonia baserri tradizionalekin, herrixkekin eta garrantzi historiko eta ekonomikoa izan duten herriguneekin uztartzen da.

Landazabal atlantikoa edo nekazal landazabala mendeetan zehar inguruneari eman zaion erabileraren emaitza da. Nekazaritza eta abeltzantza egun dagoen ekosistemaren eragile izan dira. Eta gizakiaren eskusartzearen eragina nabarmena izan den arren, oraindik ere balore ekologiko eta kultural garrantzitsuak gordetzen ditu. Landazabal honek askotariko mikroingurumenak biltzen ditu: larreak, soroak, errekak, hesiak eta zuhaiztiak.

Kultura eta ohiturak

 Nekazal giroak, familia unitatea baserria zuena eta nekazaritza zein abeltzantza motore ekonomiko zituena, eta arrantzak egunerokotasunean garai bateko indarra galdu duten arren, Urdaibaiko kirol, festa eta ohitura gehienetan presente jarraitzen dute; garai berrietara egokitzen jakin dute garai bateko xarma galdu gabe.

Usadio horien eraginez, Urdaibai eskualdeko udalerriek aisialdiarekin gozatzeko aukera aparta eskaintzen dute: Gernikako Jai-Alai pilotalekuko zesta punta partidak, estropadak edo herri kirolak dira adibide nabarmenenak.

Turismoaren garrantzia

Urdaibai Bizkaiko turismo gune garrantzitsuena da; Sukarrietako bainu-etxeak, esate baterako, ezagunak egin ziren Euskadiko mugetatik at. Urdaibaiko hondartzetan turista eta bizkaitar asko nahasten dira.

Eskualdeko hondartzen kalitatea maila handikoa da, eta aisialdiaz eta paisaiaz gozatzeko aukera eskaintzen dute. Guztien artean Ibarrangeluko Laida eta Laga nabarmentzen dira.

Mundakako olatuaren ezaugarriek mundu osoko surflarien arreta bereganatu dute, surfaren eta surflarien santutegi bihurtuz.

Bisitatu beharreko ondare kulturalen artean, besteak beste, Santimamiñeko kobazuloak, Kortezubin; Erromatarren herrixka, Foruan; Juntetxea eta Gernikako arbola, Gernikan; Elantxobe eta Bermeoko portuak edo Mundaka daude.

Gernikan Euskal Herriko nekazaritza eta abeltzantza azoka garrantzitsuena antolatzen da. Astelehenero egiten dute, baina guztien artean bereziena urriko azkeneko asteleheneko azoka da.

 

 


 

Azken eguneratzea: 2012/10/24