Azken eguneratzea: 2011/04/27
Inprimagailu batekin egindako eraikinak
Neri Oxman-ek, MITeko Media Lab-en arkitekto eta irakasle denak, eraikuntzan erabiltzen diren elementuak inprimatzeko asmoa du, tinta ordez hormigoia, polimeroak eta hainbat material erabiliz
Gaur egungo 3-D inprimagailuek, prototipatze azkarreko makinak izenarekin ere ezagutzen direnek, egiturak osatzen dituzte, geruzaz geruza. Orain arte makina horiek plastikozko eredu zehatzak egiteko erabili dira nagusiki, ordenagailu bidez egindako diseinuak oinarrian hartuta. Hala ere, horrelako inprimagailuak gero eta hobeak dira eta material iraunkorragoak erabiltzeko gaitasuna dute, metalak barne, eta gaur egun lan-produktuak sortzeko potentzial handiko makinak dira.
Oxman makina horien gaitasunak zabaltzeko lanean ari da –polimero baten elastikotasuna edo hormigoiaren porositatea inprimatzean aldatuz, adibidez- eta beso robotiko malguen gainean inprimatze-buruak muntatu ditu, gaur egungo inprimagailuen mugimendu-askatasuna areagotzea lortuz.
Naturan inspiratuta garatu ditu aipatutako gaitasunak aprobetxatzen dituzten diseinu-estrategia berriak. Adibidez, palmondo-zuhaitz baten enborraren egurraren dentsitatea aldatu egiten da jasan behar duen pisuaren arabera. Egur trinkoena kanpoaldean dago eta handiagoa da flexio-tentsioa; erdialdean, berriz, porotsuagoa da eta gutxiago pisatzen du. Oxmanen ustez, hormigoizko zutabeak horrela egingo balira –erdialdean dentsitate baxua duen hormigoi porotsua erabiliz, alegia-, beharrezkoa den hormigoi-kantitatea % 10 baino gehiago murriztea ahalbidetuko litzateke, eta aurrezki esanguratsua lortuko litzateke eraikuntza-proiektu oso baten baitan.
Oxman software bat ari da garatzen, bere diseinu-estrategia aurrera ateratzeko. Egitura baten tentsio fisikoari buruzko datuak jasotzen ditu, bai eta diseinuaren mugei buruzko datuak ere, hala nola tamaina, forma orokorra eta eraikin baten leku jakin batzuetan argiari igarotzen uzteko beharra. Informazio hori guztia oinarrian hartuta, softwareak algoritmoak aplikatzen ditu, egitura batean erabiltzen den materialaren propietateak zein modutan aldatu behar diren jakiteko. Ondoren, zehaztapen horiek oinarrian dituzten eredu txikiak inprimatzen ditu.
Oraindik lana hasi besterik ez du egin, baina eraikuntzaren eta diseinuaren ikuspegitik aukera berri anitz sortuko direla esan daiteke.
Iturria: Technology Review
, 2011/04/07