Mugikortasun Jasangarriaren Saila

Azken eguneratzea: 2011/04/07

Adreiluak altzairuzko sare-begietan mihiztatu eta zeramikazko ehuna asmatu dute

Vicente Sarrablo arkitektoak "zeramikazko ehuna" aurkeztu du. Adreiluak edo bestelako zeramikazko piezak altzairuzko sare-begi bihurrituetan mihiztatu ditu eta, horrela, zeramikazko xafla malguak lortu ditu. Material berri honi esker, gainera, eraikuntza-aukerak ugaritzen dira eta eraikitzeko denbora eta kostuak murrizten dira

Kataluniako Nazioarteko Unibertsitateko arkitektura-eskolako zuzendaria eta berrikuntza honen asmatzailea da Vicente Sarrablo, eta Bartzelonan egon da bere asmakuntza aurkezten, José Malpesa Cerámica Malpesa enpresako lehendakariarekin eta Lluis Pinardel Piera Ecocerámica-ko zuzendari nagusiarekin batera. Aipatutako bi enpresek produktua garatzeko 2,5 milioi euroko inbertsioa egin dute eta Flexbrick konpainia sortu dute produktua merkaturatzeko.

Arkitektoak aurkezpenean esan duenez, "bere kontura ondo funtzionatzen zuten bi eraikuntza-elementu elkartu ditu produktu berria, zeramikazko ehuna, hain zuzen ere, sortzeko; horrela, betiko formatuak elkarrekin kiribildu egin ditu, formatu askoz ere handiagoak lortzeko”.

Vicente Sarrablok adierazi duenez, industria-sistema honekin, “altzairuzko kiribilketak taula baten antzera kokatutako zeramikazko piezak elkartzeko eta mugatzeko balio du” eta material berriak “estaldura horizontalak, bertikalak, inklinatuak edo makurrak egiteko aukera ematen du, eta zoladura, fatxada edo estalkietan erabil daiteke”.

Arkitektoek “zeramikazko ehuna” erabiliz “forma interesgarriak” egiteko duten aukera azpimarratu du Sarrablok; besteak beste, “inguratzaile jarraituak” aipatu ditu. Halaber, eraikuntzako material honek “ehungintzan eskaintzen diren ehundura eta koloreen aniztasuna lor ditzakeela” gaineratu du.

Arkitektoak adierazi duenez, berrikuntza honekin igeltseroek adreiluak "banan-banan jartzeko egin beharreko lan handia" gainditzen da, eta material oso egokia da zailtasun bereziko lan jakin batzuetarako, adibidez ganga katalanaren eraikuntzan erabiltzeko, non garrantzi handia duen langileak eskuekin lan egiteko duen trebetasuna.

Egitura malguak direnez, tailerretan aurrefabrikatu ondoren obrara iristen diren piezak “adreiluak edo galtzada-harriak bezain erraz garraiatzen dira, paletetan zein bobinetan, alfonbren antzera, eta azkar eta merke jarri daitezke, gainera".

“20 metro lineal bitarteko formatuak lortzeko gai bagara, txanda bakar batean zenbait kasutan, piezak kokatzeko errendimenduak ohikoa baino 10 aldiz azkarragoak izango dira”, azpimarratu du Sarrablok.

Produktuaren kostua, neurri handi batean, zeramika motaren mende eta emango zaion erabileraren -zoladura -fatxada edo estalki batean- mende badago ere, prezioak metro koadroko 70 eurotik (fatxada batean), galtzada-harrien sareen 35 eurora bitartekoak izango lirateke, eta ohiko eraikuntzarekin alderatuz, ehuneko 5-25 arteko aurrezkiak lortuko lirateke.

Edozein modutan, Lluis Pinardelek azpimarratu duenez “sistema honekin eraikuntzako denboretan aurrezten da gehien bat”.

Eraikuntza-sistema berri hau etxebizitza partikular baten eraikuntzan erabili da, arrakasta handia lortuz, eta Eraikuntzako Teknologia Institutuaren (ITeC) abala du. Gainera, ITeCk sistema ziurtatu du, merkaturatu ahal izateko.

José Malpesak adierazi duenez, bost urtez lan egin eta ikerketak garatu ondoren, “ideia merkaturatzeko umotuta dago jada”. Oraingoz, produktu berri hau arkitektoaren lantegian landutako eraikuntza-proiektu berariazkoentzako “neurrira egindako traje" baten antzera erabiltzea aurreikusi da.

Sektorean arrakasta lortzen bada, Flexbrick konpainia –Piera enpresak du % 50 eta Malpesak beste % 50-, produktua atzerrian saltzeko aukera ari da aztertzen, bai eta eskari guztiari erantzun ezin badio, patentea beste herrialde batzuetako enpresen esku uzteko aukera ere.

2007an argitaratu zen "Innovación en el uso de la cerámica en arquitectura. El tejido cerámico estructuralKanpoko esteka artikuluan, Sarrablok esparruan eman diren aurrerapausoei eta lortutako aurrerapenei buruz hitz egiten du.

Iturria: Terra Kanpoko esteka, 2011/04/05