Mugikortasun Jasangarriaren Saila

Azken eguneratzea: 2005/07/29
Behien Entzefalopatia Espongiforme gaitzaren aurtengo bigarren eta hirugarren kasuak antzeman dira
Arabako ustiategietan hil badira ere, behi horietako bat Frantzian jaioa zen, bestea Gipuzkoan
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailaren mende dagoen NEIKER erakundeko laborategiek behien entzefalopatia espongiformea antzeman dute hildako bi aberetan. Arabako ustiategietan hil badira ere, haietako bat Frantzian jaioa zen eta bestea Gipuzkoako ustiategi batean.

Adierazi beharra dago aste honetan “behi eroen” gaitza hiru aberetan antzeman bada ere, ezin dela berragertzen ari denik esan edo arazoa larritzen ari denik. Izan ere, 2004ko azarotik hona hiru kasu horiek besterik ez dira antzeman.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailak ezarri eta NEIKER erakundeak garatu duen BSEa (behi eroen sindromea) zaintzeko programak EAEn hildako abereen %100a aztertzen ditu, eta ez da aldaketa nabarmenik izan beste urteekiko. Adituek diotenez, ezkutuan dagoen gaitza da, aldian aldian azal daitekeena edo, orain bezala, kasu denak batera. Dena dela, haien iritziz, gutxitzen ari da.

Azpimarratu beharra dago, bestealde, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiek elkarrekin adostutako neurriak, indarrean dagoen jarduera protokoloan biltzen direnak, bermea direla abere susmagarriak elikadura katean sar ez daitezen eta, ondorioz, kontsumitzailearen osasun publikoa zaintzeko.

Oraingo honetan, BSEk jotako abelburuak Arabako bi ustiategitan hil dira. Horietako bat, Gipuzkoako ustiategi batetik ekarri zen eta 1993ko urtarrilean jaiotako 12 urteko emea zen, Asturiasko haranetako arrazakoa.

Bestea, Frantzian jaio eta Huescan hazi zuten Arabara ekarri aurretik. Bertan astebete besterik ez du eman, ustiategian hilda topatu duten arte. Limusina arrazako 28 hilabeteko abelburua zen.

Abereen gorpuzkinak Arriskuko Material Espezifikoak (AME) prozesatzeko lantegian deuseztatu dira.

Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza sailek neurri guztiak abian jarriko dituzte, bai gaitza ikertzeko bai gaitza erauzteko. Neurri horiek BSEa zaintzeko euskal programaren barruan kokatzen dira eta 3454/2000 E.D.-ren jarduera-protokoloan.

Jarduera protokoloa

1. BSE kasuaren ikerketa epidemiologikoa. Horren barnean:

    1. Positibo eman duen aberearen adin talde bertsukoak (kohortea) identifikatu.

2. Erauzteko neurriak

  • Azken bi urteetan izan dituen ondorengo zuzen guztiak hil, deuseztatu eta erraustu.
  • Kohorte guztia hil, hau da, positibo eman duen aberea baino12 hilabete lehenago eta 12 hilabete beranduago jaio diren guztiak. Baita ere, ustiategian bertan jaio ez izan arren, goian aipatutako aldi horretan, aberea lehen 12 hilabeteetan hor hazi izan bada.
  • Ustiategia hipocloritoarekin desinfektatu.

Bestetik, Frantzia eta Aragoin eskudunak dituzten erakundeei jakinarazi zaie, gauza bera egin dezaten.