|
|
Gaur goizean Donostian egindako prentsaurrekoan, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi duenez, "2008an, eta 2007ko, iazko lelopean, PIXKABATESMUCHO… euskara gertu daukagula igorri nahi diogu gizarteari. Euskara inguruan dugunez, ukitu eta sentitzen jakin behar dugula… ez da ez, euskara gauza arrotza, zaila, nekeza… gainera pittin bat saiatuz gero, gustatu egingo zaigu, erakargarri bihurtu, gure eguneroko eta uneoroko lagun bilakatu. Aurten, gainera, UKAN bera abiatu da publikoaren bila, ez da zain geratuko. Euskara guztiontzat gustagarri izan dadin saiatu nahi dugu, eta horretarako jende guztiak ezagun eta hurbileko dituen kode eta euskarriak erabiliko ditugu".
Gehitu du apustua "sinplea bezain berritzailea" dela: "ABESTI BAT BIDEOKLIP eder batez lagunduta. Pixkabatesmucho leloaren inguruan bildu nahi ditugun lagun guztiak islatu nahi dituen Klipa plazaratuko dugu. Taldea, musika eta letra freskoak dira, ikaserrazak, eta irrifarra, kanturako eta dantzarako gogoa eragiten dutenak. UKAN kontajiatu nahi dugu… Udako kantu alai honekin".
HELBURU NAGUSIA: Euskalerria, eta INTERNETen baliabidea lagun, mundu guztia irrifarra ahotan, dantzan eta BATIPAT EUSKARAZ KANTUAN ipintzea… Euskara hortxe dugu, alboan, erabili dezagun, ukitu, hurbildu euskarari!!!
Ekintzak.
a.- Batetik, kantua hedatu nahi dugu komunikabideen bitartez. Telebistak, Irratiak, prentsa, WEB orrialdea www.pixkabatesmucho.com … Euskadiko bizilagun guztiek kanta ezagutu eta abestea dugu helburu. Euskal hiztunek, noski, gaztelaniaz jarduten dutenek, euskara ez dakitenek, beste hainbat herrialdetako euskal hiritarrek…
b.-Kantua hedatzeko, zuzeneko zein zeharkako ekitaldiak antolatuko ditugu: Aurkezpenak, ektialdi jendetsuetan agerraldiak… Taldea, hara eta hona ibiltzeko prest egongo da.
Gainera, pixkabatesmutxo kanta, talde, Diskojartzaile, verbenero, tabernari… mundu guztiari helaraziko diogu… uda honetan euskadin denok euskaraz kanta dezagun.
c.- Musikataldeei, eta jende guztiari gonbitea luzatuko diogu, kantu honen bertsioak ere aurkez ditzaten. Eta arrakasta gorabehera, telebista-saio bat egin nahiko genuke, bertsio horiek aurkeztuz, eta UKANen filosofia gizartean zenbateraino txertatzen ari den sakonduz.
d.- UKANek berak makinabat lan izanen du, dantzan egin, eta ohiko duen legez, Euskalerriko ekitaldi kultural, euskararen aldekoetan-eta bere irudia plazarik-plaza ibiltzen, udan zehar…
e.- Azken ekitaldirako sorpresatxo bat dugu gordeta….
TALDEA: pixkabatesmucho UKAN RECORDS
Naike
Musikari dagokionez, maiteminduta dago, erdizka, Itoitzekin, Camaronekin eta Björkekin. Baina, baita Prison Breakeko protagonistarekin, "El Conquistador Del Fin Del Mundo" saioaren aurkezlearekin, eta Yesterekin ere. Maitemintzea gustukoa du. Oso argi ditu bere sustraiak, baita noraino eraman nahi dituen ere. Hiru urte zituenetik abesten, konposatzen eta dantzatzen du. Hala ere, ez zuen arrakastarik lortu 6 urte izan zituen arte. Orduan guztiak harritu zituen, Ikastolaren urte amaierako dantza-lehiaketan: Lau teilaturen bertsio funkya aurkeztu zuen, Maikel Jacksonen "Triler" estiloko koreografia zonbi batez lagundurik. Hurrengo urtean ere arrakasta handia izan zuen, Athletic-en ereserkiaren samba-bertsioa dantzatu zuen, bossanova ukituak emanda. Orduz geroztik, jakin izan du bere musika-karreraren denborak bideratzen, "erreko ez bazen". Ez zuen bere burua aurkeztu La Oreja taldearen abeslaria izateko kastingera. Sekula ez da izan telebistan kantarientzat antolatzen diren kasting horietako batean. Ea zenbat irauten duen.
Mikel
Inkonformista, ameslaria eta logale dena. Bere familiak eta lagunek ondo ezagutzen dute zein gustuko duen siesta egitea. Bere bizitzako lehen 19 urteak "ingurua behatzen, gogoan hartzen, ikasten, nire martxan" eman ditu. Aurten, ordea, bere bizitzari bestelako abiadura ematea erabaki du. Izena eman du euskaltegian EGA titulua ateratzeko, areto-futboleko talde batean ari da, youtuben orri bat zabaldu du, pilatesera joaten da astearteetan eta ostegunetan, rokodromora larunbatetan, DYAko boluntarioa egin da, kamioiak gidatzeko baimena (c) ateratzeko ikasten ari da, interpretazio-klase partikularrak hartzen ari da irakasle argentinar batekin, maitemindu egin da, mamia etxean egiten ikasi du, aurtengo udan Helsinkira egingo du bidaia furgoneta batean, eta Etxebiden izena eman du, babes ofizialeko pisua egokituko zaion itxaropenez. Eta musika-taldearen esperientzia ondo bideratzen bada, gitarra jotzen ikasteko posta bidezko ikastaro bat egingo duela hitzeman du. "Aurrena ikusi behar dugu taldea jendearen gustukoa den, gerta bailiteke gustukoa ez izatea, eta orduan ikasi eta ezertarako".
Iñigo
Taldeko aitona. Bere herritik sekula atera ez bada ere, bere talentuak ez du mugarik; beraz, musika-arloan esperientzia handikoa dela esan dezakegu. Zortzi urte eman ditu gure herriko rock erradikaleko talderik onenentzat letrak eta musika konposatzen. Bi urte baino ez zituela, tronboiak jotzen zuen herriko kelajiretan. Txikitatik erakutsi zuen letrak sortzeko gaitasuna. Bere garaian, "Ikastolako neskei papertxoetan mezuak bidaltzen inoiz izan den autorerik trebeentzat" jo zuten. Bere jaunartze-egunean, xanpaina probatzera eman zioten, eta hauxe esan zuen: "Ez dira betiko garai onenak". Punk-ska talde baten jotzen zuen bere osaba batek esaldia entzun, eta bizitzaren iheskortasunari buruz idatz zezan iradoki zion; gerora, "Hertzainak" taldearen "Aitormenak" abesti mitikoaren inspirazio-iturri bihurtu zen. Bere bizitza musikaz blai dago. Musikaz gain, euskaraz eta espainolez hitz egiten du atzekoz aurrera (arerrua zokezta), eta ez du Goenkaleren atal bakar bat ere ikusi.
*Kastinean ezagutu zuten elkar. UKAN-ek deituta etorri ziren. Taldea dira berez, oso rollo ona dute euren artean… eta egun gutxi batzuko komunikazio eta elkarlanaren ostean lagun min egin dira. Koreografiatxo bat egiten ere ausartu dira… pixkabatesmucho. Kantaren estribiloa ere ezin burutik kendu, pixkabatesmucho… Aurrerapausuak beti aurrerapausu… PIXKABATESMUCHO.
Ukanek deituta parte hartu dute abentura honetan. Dantza eta musika gustoko dituzte, eta horregatik parte hartu dute… Baina abestia eta bideoklipa UKAN RECORDS-en kontua izan da… beraiek ez bait dakite konposatzen.
Kantua, gainera, abeslari profesionalek abestu dute, beraiek saiatu ziren, baina, hara zer eurijasak izan ditugun maiatzean!!! Beraiek irudia ipini dute… Milly Vanillikoak bezala, baina inori adarrik jo gabe. Izan ere, PIXKABATESMUCHO egitasmoan jende asko baitabil, eta gainera…denontzat adina leku dago!!! Musikariak, kamarak, koreografoak, kreatiboak… perretxikozaleak, errotariak, muslariak, kirolariak… Etorri zu ere!!!!
Donostia, 2008ko ekainaren 6an
|