Mugikortasun Jasangarriaren Saila

Azken eguneratzea: 2012/01/12

Arriolak uste du beteko dela euskal y-a 2016an bukatzeko konpromisoa

Sustapen ministroaren aldetik horretarako borondate politikoa ikusi du

Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak uste du euskal y-a 2016an bukatzeko konpromisoa beteko dela Ana Pastor Sustapen ministroak eta sailburuak berak Euskadirentzat, nahiz Espainia eta Europarentzat proiektu estrategiko eta lehentasunezkotzat jotzen baitute. Horregatik, sailburuak espero du borondate politiko hori aurrekontuan mamitzea, eta obren erritmoari eusteko eta 2016an bukatzeko behar beste diru jartzea.

Gipuzkoako adarrari dagokionean, adierazi du obra aurreikusitako epean amaitzeko moduan dagoela Eusko Jaurlaritza, eta espero du Arabako eta Bizkaiko adarrekin orobat gertatzea. "Borondate hori aurrekontuko baliabideetan jaso gabe badago ere, uste dut azpiegitura 2016an amaitzeko konpromisoari eusteko moduan gaudela” esan du.

Arriolak, Ana Pastor Sustapen ministro berriaren gaur eguerdian Madrilen izandako bileraren ostean egin ditu adierazpen horiek.

Bilera hori lehenengoa izan da, eta bertan, batez ere abiadura handiko trena jorratu duten arren, beste kontu batzuk ere izan dituzte hizpide, hala nola, Pasaiako portua, Hondarribiko eta Loiuko aireportuak, aire-ibilbideen batzordearen eraketa, Jundizko eta Lezoko plataforma intermodalak eta Urbinagako aldagunea.

Sailburuak adierazi duenez, AHTko obretan asko aurreratu da. Horrela, bada, Eusko Jaurlaritzak egin eta kudeatzen ari den Gipuzkoako adarrean, 21 tartetatik 17tan obrak hasita daude, esleituta edo lizitatuta. Araba eta Bizkaiko adarretan, zati bat bukatuta dago, 12 obretan, eta bat, esleituta. Beraz, euskal y-aren zatirik handiena hasita edo hastear dago; zehatz esanda, 41 tartetatik 31.

Ordu eta erdi iraun duen bilera horretan, erabaki dute AHTaren Gipuzkoako adarraren jarraipena egiten duen batzorde tekniko mistoak orain arte bezala lanean jarraitzea. Gainera, Vitoria-Gasteiz, Bilbao eta Irungo sarreretako lanak koordinatzeko sortutako sozietateak lehenbailehen elkartzeko beharra planteatu dio Arriolak, bukatzeke dauden proiektuak garatzen jarraitzeko.

Era berean, erabaki dute batzorde misto bat sortzea RENFEren aldirietako zerbitzuen transferentzia aztertzen eta aurreratzen hasteko.