Mugikortasun Jasangarriaren Saila

Azken eguneratzea: 2011/09/23

Mapek zona bakoitzean dauden autobusen eta trenen ibilbideak eta ordutegiak markatzen dituzte.

TGGk Gipuzkoako garraio publikoaren zazpi eskualde-mapak argitaratzen ditu

Mankomunitateen, udal ordezkarien eta garapen agentzien laguntza izan du TGGk.

Garraio Agintaritzak, mankomunitate, garapen agentzia eta udalen laguntzaz zazpi eskualdetako garraio publikoaren mapak garatu ditu, lurraldeko eskualde eta mugikortasun zonalde nagusienen arabera.

Udaletan, turismo bulegoetan, liburutegi, kultur etxe eta antzeko eraikinetan banatuko dira.

Egindako mapak mapa topologikoak dira, ‘metro motakoak’, eta zona bakoitzean dauden autobusen eta trenen ibilbideak eta ordutegiak markatzen dituzte.

Nahiz eta online tresnek, ordenagailu eta mugikorrak kasu, geroz eta garrantzi handiagoa duten, paperak ere egun baditu bere abantailak eta asko erabiltzen da, batez ere adin jakin batetik aurrera. Hori dela eta, gisa horretako informazioa euskarri tradizionaletan banatzea komenigarria da.

Mapa hauek egiterako garaian Garraio Agintaritzak hainbat bilera egin ditu mankomunitate, udal ordezkari eta garapen agentziekin. Haien laguntza eta parte hartzea oso garrantzitsua izan da azken emaitza hobea izateko prozesuan.

Horrez gain, udal, mankomunitate eta garapen agentziek maparen banaketan laguntza handia eskeiniko dute. Garraio Agintaritzak haiei bidaliko dizkiete mapak, erakunde horiek hartu baitute mapak herritarrengana iristarazteko ardura. Honela, udaletan, turismo bulegoetan, liburutegi kultur etxe eta antzeko eraikinetan eskuragarri jarriko dituzte. Mapak A3 tamainako orri birziklatuetan lortuko dira, baita pdf formatuan www.mugipuzkoa.com webgunean ere.

Maparen banaketa irailaren 16ean hasi den Europako mugikortasun astearekin batera egingo da. Mapak mugikortasun asteko ekarpen bat gehiago izan nahi dute, are gehiago aurtengo leloa ‘Bidaiatu modu eraginkorrean: hobetu zure mugikortasuna’ izanik, non garraio publikoak zer esan nabarmena duen.

Agintaritzaren nahia mapa horietako bakoitza urtean bi aldiz argitaratzea da, gerta daitezkeen ordutegi, ibilbide eta geltoki aldaketa guztiak bertan jasoaz.

MAPAMUGIKORTASUN ZONALDE NAGUSIAMAPAN AZALTZEN DIREN BESTE
GUNE BATZU
Bidasoa-Oarsoaldea Donostia- Irun/ Hondarribia korridorea. Hendaia eta Miarritze ere biltzen ditu. Baita Donostiatik Bilbo, Gasteiz eta Iruñarako zerbitzuak.
Buruntzaldea Andoain-Donostia korridorea. Tolosarantz dauden loturak, beste ibilbide luzeago batzuk eta Hernani-Goizueta zerbitzua biltzen ditu.
Tolosaldea Eskualdeko 28 herriekin osatuta. Eskualdetik Donostiarantz, Goierrirantz eta Nafarro aldeko zerbitzuak ere biltzen ditu.
Goierri-Urola Garaia Goierriko 18 herriez gain Zumarraga, Urretxu, Legazpi eta Ezkio-Itsaso biltzen ditu. Urola eta Debagoienarekin, Bizkaia eta Nafarroarekin dauden loturak jasotzen ditu.
Debabarrena Eskualdeko herriak, baita Ermua eta Mallabia ere. Zonalde honek Bizkaiarekin duen harremana dela eta, Bizkaibuseko hainbat linea ere biltzen ditu.
Debagoiena Mankomunitatea eratzen duten udalerriak. Gasteiz, Bilbo eta Donostiarako loturak.
Urola Donostia-Zumaia korridoreaz gain, Azkoitia-Azpeitia bailarako herriak, taxi bus zerbitzua barne. Debabarrena, Tolosaldea, Goierri eta Donostiarako loturak, besteak beste.

Gipuzkoan garraioaren eremuan eskumenak dituzten erakundeak biltzen dituen erakundea da Garraioaren Agintaritza, garraioa koordinatu eta planifikatu, hiritarrei kalitatezko informazioa eskaini eta mugikortasunaren arloan izan ditzaketen premiei aurrea hartzeko helburuarekin sortua izan da.

Asmo horrekin, hiritarrei oro har zuzendutako hainbat informazio-produktu garatu eta jarri ditu martxan Agintaritzak. Lehen mugarria Mugipuzkoa ataria izan zen, www.mugipuzkoa.com. Atariak garraio publikoaren inguruan osatutako informazio osoa eta integratua eskaintzen duen plataforma guztiz berritzailea da, 16 operadore, 1.700 geltoki eta 265 ibilbiderekin, hiritarrek mugikortasuna beraien premien arabera antolatu ahal izan dezaten.