Asmoa da negozioaren oinarri gisa tarteko biltegiak jartzea oso leku estrategikoetan, trafikoak erakartzeko eta, bi aldeak elkartuta sortuko diren sinergieak aprobetxatuz, egiten diren garraio-lanei balio erantsia.
Hitzarmenaren xedea da abiapuntua edo helmuga Euskadin duten eta zabalera metrikoko trenbidean bideratzeko modukoak diren salgaien trafikoak elkar hartuta identifikatu, analizatu eta garatzea. Salgaien trafiko horietan kate logistikoko zerbitzu guztiak ere sartuko dira. Horrekin, egun trenbidez ez, bestela egiten diren salgaien garraioaren zati bat erakarri nahi da, euskal industria-ehunaren garraio-aukerak handituz.
Aurrerantzean, bi enpresek baliabideak, ahaleginak eta salgaien garraioaren arloan duten esperientzia batu, eta honako hauek egingo dituzte:
- Lehendik dauden plataforma logistikoak garatu, eta berriak jarri eta garatu.
- Zabalera metrikoko trenbidean bideratzeko modukoak diren salgai mota berriak analizatu eta garatu.
- Trenbidearen edota errepidearen osagarri diren jarduera logistikoak merkaturatu.
- Salgaien manipulazio eta tratamenduaren inguruan sortzen diren sinergiak aprobetxatu.
- Trenbideko garraioaren zerbitzu osagarriak eskaini (biltegiratze-zerbitzua, zamaketa eta hustuketa-lanak, banaketa kapilarra, balioa eransteko beste zerbitzu batzuk, …).
- Bi aldeek egun dituzten lekuak erabili, leku horiek sendotzeko eta salgaiak tratatzeko.
- Lehendik dauden trenbide-terminalen eta terminal berriak garatu eta diseinatu, salgaiak tratatzeko.
- Bi aldeen “egiten jakitea" besteari eskaini, logistika-jarduera garatzeko (trazabilitatea, manipulazioa, stocken kudeaketa, komunikazioak, etab.).
- Egindako prozesu logistikoen eraginkortasun handiagoa lortzeko behar diren konponbideak garatu.
- Hitzarmenaren xede den jarduera garatzeko behar diren homologazio eta baimenak lortzeko lan egin.
Railsiderek abiapuntua edo helmuga Euskadiko edozein lekutan duten tren konbentzionaletako nahiz zabalera metrikoko bagoi solteetako salgaien zamaketa eta hustuketa-lanak kudeatuko ditu, salgaiak biltegiratu eta zama kamioietatik bagoietara eta alderantziz igaroko du, berriro abian jartzeko, eta EuskoTrenek bere esku utzi dituen salgaientzat behar diren baliabideak jarriko ditu, estatu barrurako nahiz nazioarterako direnentzat, horrela EuskoTreni Europako salgaien garraioaaren ateak irekiz.
Estatuko merkatuetara nahiz atzerrikoetara doazen salgaien errrepideko edo trenbideko garraioa kudeatzeaz, eta EuskoTren edo Railsiderren beraren bezeroen material konbentzionalak tren edo bagoietan kargatzeaz ere Railsider arduratuko da.
EuskoTren berriz, abiapuntua eta helmuga Euskadin duten eta zabalera metrikoko trenbidean eramateko modukoak diren salgaien trenbideko garraioaz arduratuko da.
Hitzarmenak, proiektua sendotu eta indartze aldera sozietate bat sortzeko aukera ere jasotzen du.
Lankidetza-hitzarmenak 4 urteko iraupena izango du, baina epe hori luzatzeko aukera dago.
EuskoTren, sozietate pulbikoa, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari atxikita dago, eta pertsonak eta salgaiak garraiatzeko zerbitzuak eskaintzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko zabalera metrikoa duen trenbidean.
azken datuen arabera, 2010eko urtarriletik martxora bitartean, EuskoTrenek eta FEVEk 33.404 tona garraiatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoaren trenbide-sarea baliatuz, eta horrek esan nahi du aurreko urteko garai bereko datuekin alderatuta, % 41,17 gehiago garraiatu dutela. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren eta EuskoTrenen helburuetako bat da konpainiaren salgaien arloa indartzea.
Alde horretatik, EuskoTren salgaien plan berria ari da egiten, 2010-2010 Plan Estrategikoaren barruan, eta plan horrekin datozen urteetarako jardueraren oinarriak eta azpiegitura nahiz ibilgailuetan zenbateko inbertsioa beharko den zehaztu ahal izango da. Planak, besteak beste, Pasaia, Bilbo eta Bermeoko portuetarako sarbideak aztertuko ditu, eta plataforma logistikoen eta lehorreko portuen arloan dauden beharrak. EuskoTren gainera, salgaiak Bermeoko porturantz eramateko aukera aztertzen ari da. Urrutira gabe, 2010eko otsailaren 22an eta 23an Sestaoko ACB lantegitik altzairugintzako materiala Bermeoko portura eramateko garraio-proba teknikoak egin ziren. Proba horietan erabili ziren lehenengo aldiz Ingeteamek EuskoTrenentzat egin berri dituen lokomotor diesel-elektriko berriak (2001 eta 2003 lokomotorak).
EuskoTrenen asmoa da ekoizpen-guneetara iritsiko diren tren-sarbideak bultzatzea salgaien garraiorako, eta sektoreko beste operadore eta titular batzuekin itunak lortzea (hor ditugu, esaterako, FEVErekin 2009ko abenduan sinatutako esparru-hitzarmena eta gaur Railsider-ekin sinatutakoa), enpresak dituen azpiegiturei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko, beste enpresa eta bezeroei zerbitzu hobea eskaintzeko eta, azken finean, ekonomia iraunkorragoa lortzen laguntzeko.
Railsider Logística Ferroviaria edozein garraiobide dela medio jasotako mota guztietako salgaien logistikaz, manipulazioaz, harreraz eta berriro lehorreko edozein garraiobidetan igortzeaz, zamaketa eta hustuketa-lanez, garraioaz eta biltegiratzeaz arduratzen den enpresa bat dugu. Gainera, estatu barruko (zabalera iberikoko) nahiz atzerriko (UIC zabalera) trenbideko garraioarekin lotutako beste jarduera batzuk ere hartzen ditu eta horiek garatzeko behar diren bestelako eragiketak ere burutzen ditu, esan nahi baita, ekipamendu, ibilgailu, bagoi eta garabien salmenta eta alokairua, biltegi terminalak, biltegiratzeko eremuak, salgaien, etab.