Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Azken eguneratzea: 2010/02/23
Etxebizitzaren arloan udalek izan beharreko erantzunkidetasunaren alde agertu da Etxebizitzako sailburua
Arriolak uste du Foru Aldundien laguntza beharrezkoa dela alokairua eta birgaikuntza bultzatuko duten politika fiskalak adosteko
Iñaki Arriola Etxebizitzako sailburuak eskerrak eman dizkie gaur agente sozial eta ekonomiko guztiei Etxebizitzaren aldeko Ituna lortzeko prozesuan parte hartzeagatik, horixe izango baita abiapuntua Etxebizitza Bideratzeko hurrengo Planerako, Jaurlaritzak aurten Eusko Legebiltzarrera igorriko duen Etxebizitzaren Legerako eta hurrengo urteetan erakunde guztietan aplikatu beharreko politiketarako.

Sailburuarentzat, esperientzia berria da Etxebizitzaren aldeko Ituna lortzeko prozesua eta aukera ematen du etxebizitzaren sektorearekin estu lotutako beste sektore batzuen ekarpenak ezagutzeko, hau da, edozein demagogiatik urrun daudenen ekarpenak ezagutzeko.

"Ahalik eta adostasun handienarekin adosten ditugun politikek herritarrei erantzun eraginkorra ematea ahalbidetuko digute", adierazi duenez. "Adostasunak gerria eskatzen du, iritziak eta diagnostikoak partekatzea, baina baita asmatzea ahalbidetuko diguten neurriak hartzea ere", gaineratu du. "Prozesu honetan sinesten dugulako egin nahi dugun ahalegina da", azpimarratu du.

Arriolak gogorarazi duenez, bost lan-jardunaldi egin ondoren, bere Sailak ekarpen horiek guztiak "ondo administratzeko" erantzukizuna du orain, jarrera guztiak bilduko dituen dokumentu bat adostu eta Etxebizitzaren aldeko Itunaren sinadurarekin amaitzeko.

Arriolarentzat, gure herrialdearen konplexutasun instituzionala kontuan izanda, zailtasunak zailtasun, koordinazio-mekanismoak eta orekak bilatu behar dira administrazio publikoen artean. Bere ustez, Udalak funtseko pieza dira etxebizitzen politiken kudeaketan, eta hori horrela, lankidetza-bide arin eta eraginkorrak ezarri behar dira.

Ildo horretan, Udalen erantzunkidetasunaren eta partekaturiko kudeaketaren alde agertu da sailburua, etxebizitza-alorreko helburuak bete daitezen.

Arriolak adierazi duenez, Jaurlaritzak alokairuaren eta hiri-birgaikuntzako eta -berroneratzeko politiken aldeko apustua egiten du, eta hori lortzeko Foru Aldundien laguntza defendatu du, haiekin batera alokairua zein birgaikuntza bultzatuko duten politika fiskalen garapena adosteko. 

Lankidetza publiko-pribatuko imajinaziozko formulak bilatzearen aldeko agertu da, betiere baliabide ekonomikoak sortzen badituzte, Jaurlaritzak alokairuko eta birgaikuntzako politikak egiteko bideratuko dituenak.

Planteatu beharreko ekintzak

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailaren ekimenez eta Innobasque-k dinamizatuta Euskadin Etxebizitzaren aldeko Itun Sozial bat lortzeko lanean ari diren lan-mahaiek gaur ekin diote berriro lanari.

Goiz osoan bi Jardunaldi egin dira, eta horietan 70 lagunek baino gehiagok parte hartu dute aztertu, eztabaidatu eta jarrerak hurbiltzeko erakundeen zereginaren gain, eta etxebizitza babestuaren arloko fiskalitateko, finantzaketako eta laguntzeko politika publikoen gain.
 
Etxebizitzaren arloan erakundeek duten zeregina eztabaidatzeko orduan, honako gai hauek planteatu dira, besteak beste:

  • Inplikaturiko agenteen arteko lankidetza-mekanismo zehatzak ezartzea etxebizitzaren arloan politikak eta jardunak koordinatzeko, denborari eta lurraldeari dagokienez modu koherentean planifikatzeko.
  • Etxebizitza-politikaren plangintza bateratua aztertzea, etxebizitzari dagokionez administrazio-sistemaren konplexutasun are handiagorik zertan eragin gabe
  • Lurzoru erabilgarrien informazioa izateko premia eta stock eguneratua atxikitzea. Lurzoru-inbentarioa: lurzoru-erabilgarritasunak ezagutzea, lurzoruko ondare publikoena, udalaren zuzkidura-lurzoruak, eta abar, okupatzaileen egoera, kargak, beharrezko birkokatzeak, eta abar, eta informazioa sektoreko operadore guztiei ematea.
  • Stock horren segimenduko eta etengabeko eguneratzeko mekanismoak ezartzea.
  • Esku-hartze sozialak dituzten udalei laguntzeko ekintzak finkatzea, behar izanez gero, infraetxebizitzaren eta gainokupazioaren fenomenoak desagerrarazteko.
  • Udalekin lankidetza desjabetzeetan, lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea egikaritzeko, eta abar.
  • Lankidetza irisgarritasun-programak/truke-mekanismoak, eta abar, indartzeko Administrazio guztien jardunak lotzea, elkarren eskueran jarriz birkokatzeetarako etxebizitzen parkea, industria-lekualdaketetarako lurzorua eta abar.
  • Bereziki zona degradatuen hiri-berrikuntzarako:

 1.- Jaurlaritza-Udalak lankidetza berroneratu beharreko area eta zonen inbentarioa egiteko
 2.- Plangintza espezifikoa jardun bakoitzerako finantza- eta aurrekontu-lineak esleituta
 3.- Hitzarmena Udalekin kudeaketa partekaturako, formula mistoak, sozietate partaidetuak egiteko aukera, eta abar.

  • Birgaikuntzaren arloan leihatila bakarra ezartzea
  • EATak: lankidetza udalekin EATen (eraikinen azterketa teknikoa) kudeaketan.
  • Lankidetza Birgaikuntzako Hirigintza Sozietateekin birgaikuntzaren arloan: izapidetzea, laguntzak ematea, eta abar…
  • Udalen eta Jaurlaritzaren arteko lankidetza eta informazio-trukea bultzatzea etxebizitza babestuko eskatzaileen datu-baseei dagokienez. Etxebideren datu-baserako sarbidea.

Udalen eta Etxebizitza Sailaren arteko informazio-trukea eta elkarrekiko lankidetza sustatzea, subsidiariotasun-printzipioetan oinarrituta, etxebizitzaren arloan jendearentzako etengabe zerbitzu gero eta hobeak eskaintzearren eta, horretaz gain, administrazio elektronikoaren teknologia berriak eta tresnak garatuta.

Fiskalitateari dagokionez, gaurko jardunaldian, besteak beste, jabearentzat zein maizterrarentzat alokairurako zerga-arinketak zabaltzeko premiari buruzko eztabaida izan da, alokairurako abal publikoen sistema ezartzeko aukerari buruz, eta birgaikuntza sustatuko duten politika fiskalak bultzatzeko premiari buruz.

Hainbat parte-hartzaile izan ditugu mahaietan, hala nola eraikitzaileen elkarteen ordezkariak, sustatzaileak, jabeak, jabetzaren agenteak, erregistratzaileen elkargoa, Foru Aldundiak, epaileen dekanotza, Udalak, Mankomunitateak, Eudel, sindikatuak, alderdi politikoak, hirigintza-kudeaketako elkarteak, Kontsumitzaileen Elkartea, Udal Etxebizitzak eta Hiri Birgaikuntzako eta Biziberritzeko Elkarteak, Eustat, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua, ONCE, eta abar. 

Gaurko jardunaldian, eta aurreko egunetan babes publikoko etxebizitzaren sustapenari, birgaikuntza-politikari eta alokairu-politikari buruz eztabaidatu ondoren, mahaietako lan-prozesua amaitutzat emango da, eta adostasunezko dokumentu baten elaborazio-prozesuari hasiera emango zaio, agente guztiek prozesu osoan eginiko ekarpen guztiak dokumentu horretan biltzeko.
 
Hasitako prozesuaren helburua da etxebizitzaren arloan inplikaturiko agente publiko, sozial eta pribatu guztien arteko adostasuna lortzea, Euskadin hurrengo urteetan garatu beharreko ildo estrategikoak eta jardun-eremuak bideratzeko aukera emanez, eta Sailak aurten Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko duen Etxebizitzari buruzko Lege Proiekturako oinarri gisa balio dezan.

Agente ekonomiko eta sozialak, alderdi politikoak, sindikatuak, mota askotako elkarte ugari, sustatzaileak eta abar ari dira parte hartzen prozesu honetan.